Duela bi hilabete greba mugagabea hasi zutenetik lehen aldiz, langile batzuk lanera joan dira Tubos Reunidosek Amurrion duen lantegira (Araba). Enpresaren autobusetan iritsi dira fabrikara, ertzainak sarreran zirela, eta inolako oztoporik edo istilurik gabe zeharkatu dituzte lantokiko ateak.
Joan den ostiralean, batzarra egin zuten Tubos Reunidoseko 234 langilek, eta haietako 232k lanera itzultzearen alde bozkatu zuten. Amurrioko lantegian 889 behargin direnez, lautik batek erabaki zuen greba bertan behera uztea eta, hortaz, langile batzordearen iritziaren aurka egitea. Izan ere, batzordearen gehiengoak greba mugagabean jarraitzea hobetsi du, eta ohartarazi du bera dela protesta eten dezakeen bakarra, hark deitu zuelako.
ELAk, LABek eta ESKk dute gehiengoa batzar horretan, eta enpresari eta haren akziodunei presio egiten jarraitu behar dutela iritzi diote. Edonola ere, hurrengo urratsak erabakitzeko bilerak egingo dituzte hiru sindikatu horiek ondoko egunotan.
CCOOk eta UGTk, berriz, bozketa egiteko eskubidea defendatu dute, eta babesa eman diete lanera itzuli nahi dutenei. Azken bi sindikatu horiek ordezkaritza handia dute bulegoetan, eta atal horretakoak ziren osteguneko batzarrean parte hartu zutenetako asko.
Joan den asteko batzarra amaitutakoan, batzarrean parte hartu zuten langileek adierazi zuten enpresaren zuzendaritzarekin harremanetan jarriko zirela itzulera prestatzeko. Enpresak autobusak jarri ditu lanera joan nahi dutenentzat, eta lehenengoak goizeko bost eta erdietan sartu dira Amurrioko fabrikara. Trapagarandik abiatu da autobusa, eta Arrigorriagan eta Laudion ere geratu da. Goizeko zortzietan sartu da bulegoetako langileak zeramatzan beste autobus bat.Â
Lantegiaren atean dozenaka grebalari zeuden, eta txistuak joz, bengalak astinduz, txalo ironiaz joz eta oihu gutxi batzuk eginez jaso dituzte lanera itzuli nahi zutenak, baina ez diete sarrera eragotzi.
Arratsaldeko eta gaueko txandetarako autobusak ere izan dira. Zuzendaritzak aitortu du lanera joan diren langileekin ezin dutela normaltasunez lan egin, baina ekoizpenaren zati bat abian jarri ahal izango dutela.
Konkurtsoa onartu du auzitegiak
263 milioi euroren zorra itzultzerik ez duela-eta, enpresak hartzekodunen konkurtsoa eskatu zuen maiatzaren hasieran, eta Gasteizko epaitegi batek ontzat hartu du gaur. Epaileek PKFAttest Concursalen esku utzi dute konkurtsoaren administrazioa. Â
PKFk bulego bat du Gasteizen, eta beste euskal enpresa esanguratsu batzuen konkurtsoa gidatu izan du, hala nola Naval eta Balenciaga ontziolena. Sestaoko ontziola itxi egin zuten, baina aurrera segitzea lortu du Zumaiakoak.Â
Tubos Reunidoseko zuzendaritzak esan die langileei enpresaren egoera «oso larria» dela, eta enpresa ixteko arriskua handia dela.
Â
Â