Tubos Reunidosek (TR) Amurrion (Araba) 232 langilek greba bertan behera uztearen alde bozkatu dute. 234k hartu dute parte gaiari buruz eztabaidatzeko gaur goizean lantegian eginiko bileran, eta ia guztiek egin dute aukera horren alde. Dena den, parte hartzea txikia izan da, 889 langile baititu fabrikak. Beraz, %26k eskatu dute greba bertan behera uztea.
Parte hartu ez duten langileetako asko kanpoko piketean gelditu dira, eta haien arabera, bileran parte hartu duten langileen erdiak inguru lan hitzarmen kolektibotik kanpokoak ziren (atal buru guztiak, bulegoetako langileak, administraziokoak...). Enpresak egin nahi dituen kaleratze gehienak hitzarmen kolektiboaren barruan dauden langileenak dira, ekoizpenekoak alegia.

Bozketaren emaitzak ez du protestaren egoera asko aldatuko, langile batzordeak esana zuelako bozketak ez zuela greba mugagabea baldintzatuko. Are gutxiago emaitza ez dela argigarria kontuan hartuta. «Lantaldea 889 kidekoa da eta gehiengo handi batek ez du bozketa hau babestu, guk bezala», adierazi du Zuriñe Miranda langile batzordeko kideak (ELA). Mirandak gaineratu du batzordearen gehiengoak deitu zuela greba (ELA, LAB eta ESK), eta hari dagokiola hura bertan behera uztea.
Orain ikusi beharko da greba bertan behera uztearen aldeko langileek hartzen duten jarrera. Ondo bidean hurrengo egunetan lantegian sartzen saiatu beharko lukete. Piketean zeuden langileek azaldu dutenez, bozketan parte hartu duten ekoizpen langileekin ezinezkoa da jarduna martxan jartzea. Gainera gogoratu dute langileen mugikortasuna oztopatzen duten klausulak dituztela hitzarmenean, eta, ondorioz, debekatuta dagoela postu jakin batzuetako langileak ordezkatzea.
Lanera sartzeko asmoa duen langileetako bat da Aitor Rodriguez, UGTk batzordean dituen bost kideetako bat. Aurreratu du zuzendaritzari eskatuko diotela autobusak antolatu ditzala lantegian sartzeko. «Enpresari eskaera egingo diogu, baliabideak eta erremintak jar ditzan lanera joan nahi duena arazorik gabe sar dadin», argitu du. Halaber, gaineratu du lanera sartzen direnek ezin dietela greba eskubidea ukatu greban daudenei, eta ezta alderantziz ere.
Arratsaldean ELAk prentsa ohar bidez bozketaren emaitza baliogabetzat jo du. «Irregularra da, ez baitator bat ordezkaritza esparru arruntekin eta ez duelako gaitasunik greba deialdia aldatzeko. Deigarria da batzar horren sustatzaileek ez izatea inolako kritikarik enpresako zuzendaritzaren kudeaketari buruz». Sindikatuak azpimarratu du egungo egoeraren erantzukizuna Tubos Reunidos enpresako zuzendaritzari eta akziodunei dagokiela. Konkurtso prozesuari eta enpresaren benetako egoerari buruzko informazio eta gardentasun falta dagoela gaitzetsi du.
Goiz beroa
Bozketa goiz bero baten azken atala izan da. Eztabaida, irain eta oihu asko dira, baita tentsio handia ere, baina istilurik ez. Bileran parte hartu duten langileak Ertzaintzak babestuta sartu dira plantan. Kanpoko piketean zeuden beste langileen txalo ironikoaren artean sartu dira, eta haientzat jarritako alfonbra gorria zapalduz. Konfetia ere bota diete.
Tentsioaren oinarrian langile batzorde barneko zatiketa dago. ELAren, LABen, eta ESKren ordezkariek (hogeita batetik, hamalau), gehiengoa dute, eta bileran ez parte hartzea erabaki dute. Argudiatu dute ez dutela jaso bilerara deitzea eskatu duten langileen zerrenda, eta ezagutzen dituzten hiru izen bakarrak zuzendaritzarik gertuko langileak direla. Era berean, gaineratu dute greba bat ezin dela bozketa bidez bertan behera utzi, eta deitu zuenak bakarrik indargabetu dezakeela. Aldiz, CCOOko eta UGTko ordezkariak bozketa egiteko eskubidea defendatu dute. Sindikatu horiek ordezkaritza handia dute bulegoetan.

Tubos Reunidoseko Amurrioko langileek bi hilabete daramatzate greba mugagabean, zuzendaritzak enplegu erregulazioa egingo zuela jakinarazi zuenetik. Hainbat negoziazioren ondoren, zuzendaritzak 222 kaleratze proposatu zituen azkenean, gehienak Amurrioko lantegian. Aste honetan, auzia are gehiago katramilatu da, enpresa hartzekodunen konkurtsoan sartu delako. Batzordea atzo bildu zen zuzendaritzarekin konkurtsoaren berri izateko, eta salatu zuen enpresak ezer gutxi argitu diela.
Jauregi: «Bakea behar da»
Enpresako zuzendaritzak grebaren amaiera eskatu du, eta erakundeek ere bat egin dute eskaera horrekin. Herenegun hala egin zuen Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta gaur batu zaio Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburua. Tubos Reunidos «amildegiaren ertzean» dagoela esan du, eta haren egoera bideratzeko ezinbesteko bi baldintza daudela esan du: zorra berregituratzea eta «bake soziala».

Jauregiren ustez, bideragarritasunaren gakoa kanpoko inbertitzaileak lortzeko da, eta horretarako enpresa erakargarriago bilakatu behar da. «Nork erosiko du etxe bat, haren mailegu hipotekarioa salneurriaren halako bost denean?», galdetu du. Horregatik nabarmendu du zorra birnegoziatzearen premia.
Halaber, mezua bidali die langileei. «Norbait sartzeko bada, mundu guztia konponbidearen alde dagoela ikusi nahi du», eta horretarako «guztien lankidetza» beharko dela nabarmendu du.