Tubos Reunidoseko langileak Jaurlaritzarekin bilduko dira etzi

Orain arte erakundeen esku hartzea oso txikia izan dela salatu du Gorka Abascal ESK-ko ordezkariak.

Tubos Reunidoseko langileen protesta bat, Bilbon. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Tubos Reunidoseko langileen protesta bat, Bilbon. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iker Aranburu.
2026ko apirilaren 6a
14:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Informazioa jasotzea eta, batez ere, presio egitea. Bi helburu nagusi horiek gogoan hartuta bilduko dira etzi Tubos Reunidoseko langileen ordezkariak Eusko Jaurlaritzarekin. Amurrioko hodigintza enpresako sindikatuek Elena Lopez Barredo Lan sailburuordea izango dute aurrez aurre, eta iragarri dute «exijentzia handiz» jokatuko dutela.

Gorka Abascal ESK-ko ordezkariak EFE agentziari esandakoaren arabera, sindikatuak ez daude gustura erakundeek orain arte egindakoarekin, uste baitute gutxi lagundu dietela. Are gehiago, Mikel Torres Ekonomia sailburuari, Mikel Jauregi Industriakoari eta Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiari egotzi diete modua egin nahi izatea erregulazio espedientea ez dezaten auzitara eraman; «hori ez da laguntzea, hori soka lepoan jartzea da». 

ESK-k, ELArekin eta LABekin batera, helegitea jarriko dio zuzendaritzak aurkeztutako erregulazio espedienteari, nahiz eta, enpresaren arabera, balitekeen horren ondorioz 285 kaleratzeen baldintzak airean geratzea. Zuzendaritzak ziurtatu du enpresa utziko duten langile gehienek «beren borondatez» utziko dutela lanpostua, eskainitako baldintzak onartuta.

Abascalek auzitan jarri du enpresak kaleratzeak justifikatzeko emandako arrazoi nagusia, hau da, galerak dituela eta 264 milioi euroren zorra itzultzerik ez duela. Sindikalista horrek ziurtatu du zuzendaritzak zorraren datua puztu duela eta, gainera, haren zati bat dibidenduak banatzeko baliatu zela.

Sindikatuek eskatuko dute erakundeek gehiago esku hartzeko, baina baita informazio gehiago emateko ere. Jakin nahi dute zertan diren Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak zorra berriro negoziatzeari buruz egindako negoziazioak. Gaur egun, Madrilen menpeko SEPI sozietate publikoa da Tubos Reunidosen hartzekodun nagusia, baina hark emandako mailegua itzultzen hasi behar du orain enpresak, eta horretarako dirurik ez duenez, Jaurlaritzak eskatu du zorraren ordainketa atzeratzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA