Tubos Reunidoseko zuzendaritzak astelehenean erregistratu zuen enplegua erregulatzeko espedientea, 285 langile kaleratzeko helburuarekin. Baina baliteke arazoak izatea bere horretan aplikatzeko, Lan Ikuskaritzak ondorioztatu baitu kaleratu asmo dituzten behin-behineko langileetako batzuen kontratuak legez kanpokoak direla. Ikuskaritzaren arabera, enpresak kaleratzeen zerrendan sartu dituen behin-behineko laurogei langileen erdiek gutxienez finkoak izan beharko lukete.
Sindikatuek eman dute horren berri, gaur arratsaldean, Lan Ikuskaritzarekin eta enpresako zuzendaritzarekin izandako bileraren ostean. Ikuskaritzak orduan jakinarazi die legez kanpokoko berrogei kontratu baino gehiago atzeman dituela enplegua erregulatzeko espedientean. Izan ere, adierazi du 42 eta 47 langile artean iruzurrezko kontratuekin ari direla lanean. Hilaren 31ra arteko kontratuarekin ari dira lanean, baina kontratu mugagabea izan beharko lukete ikuskaritzaren arabera.
Langile batzordeko ordezkariek ohartarazi dutenez, horrek aldaketak ekarriko ditu kaleratzeen zerrendan: adierazi dutenez, langile horiei kontratu mugagabea egiten badiete, eskubidea izango dute erabakitzeko lanpostua borondatez uzteko enpresak eskainitako baldintzak onartu edo ez. Sindikatuek salatu dute, ordea, zuzendaritzak zuzenean kaleratu nahi dituela, borondatez kalera doazenen zerrendan sartuta.
Astelehenean aurkeztutako txostenaren arabera, 285 langile daude kaleratzeen zerrendan, eta horietatik 205ek erabaki dute lanpostua «beren borondatez» uztea. Amurrioko (Araba) lantegikoak dira kalean geratuko diren langileetatik 222, eta gainontzeko 63ak, Trapagarangoak (Bizkaia).
Bide judizialerako baliagarri
Orain Lan ikuskaritzak txosten bat osatuko du gaurko bileran jasotako informazioarekin, eta langileen ordezkariek uste dute baliagarria izango zaiela enplegu erregulazioa auzitegitara eramateko. Sindikatuek orain arte ez zuten argi zer egin, helegitea aurkeztu edo ez, eta Lan Agintaritzak zer esango zuen zain zeuden. ELAk eta ESK-k esana dute auzitara jotzeko asmoa dutela; LAB eta UGT, berriz, zer egin aztertzen ari dira.
Edozein kasutan, argi dago erabakiak egoera are gehiago katramilatuko lukeela, enpresak esana baitu borondatezko kaleratzeen baldintzei eusteko ezinbestekoa dela erregulazioa auzitara ez eramatea. Oraingoz ez dago beste bilerarik aurreikusita Lan Ikuskaritzan.