Aldeko epai garrantzitsua jaso dute gaur Uberreko gidariek. Bilboko lan arloko epaitegiak ELAren demanda onartu du, eta ebatzi langile horiei aplikatu beharreko hitzarmena Bizkaiko bidaiarien garraioaren arloari dagokiona dela. Hori aplikatuz gero, gidariek urtean orain baino 10.000 euro gehiagoko soldata jasoko dute, gehigarri batzuk gehiago ere bai, eta 1.720 orduko lanaldia izango dute.
Hego Euskal Herrian, Bilbo Handian soilik funtzionatzen du aplikazioak, eta han jabe bera duten (Moove Cars) bi enpresa ari dira: Moove Cars bera eta Ares Capital. Guztira berrehun langile inguru dira. Enpresa horietako langileak greban daude iazko abenduaren 11tik, enpresa hitzarmen «duin» bat eskatzeko.
Gaur jakinarazi den epaiak EAEko Auzitegi Nagusiak langile baten kasuan emandako epai irmoa berretsi du. ELAk salatu du Moove Carsek ez zuela aplikatu nahi hark esandakoa, «oso kasu partikularra» zela iritzita, eta, horren aurrean, enpresaren kontra banakako 70 demanda jartzeko erabakia hartu zutela sindikatuak eta beharginek. Abuztuan, Itziar Larrazabal ELAko zerbitzuen arloko arduradunak eman zuen abisua BERRIAn: «Epai hori berresten bada, Uberreko gidariei diru asko zor zaie».
Ikusi gehiago
Demanda horien bidez erreklamatu dute gaur egun jasotzen duten ordainsariaren eta bidaiarien garraioaren sektoreko itunak ezartzen duenaren arteko aldea: hitzarmen horrek dioena aplikatuz gero, gidariek urtean 10.000 euro gehiagoko soldata jasoko lukete, baita orain jasotzen ez dituzten gehigarri batzuk ere, eta 1.720 orduko lanaldia zehaztuko luke.
Horregatik, sindikatuak eskatu die Moove Carsi eta Ares Capitali epaia aplikatzeko, eta ez demanda jarri duten langileei soilik, enpresako langile guztiei baizik: «Aurrerantzean hitzarmen probintzial horren bidez arautu daitezela lan baldintzak».
Oso baldintza eskasak
Gidariek lan baldintza oso eskasak dituzte orain. Kexa nagusia ordutegia da: zortzi orduko jardunaldiak dituzte, baina enpresak bezeroren bat autoan sartua duten denbora bakarrik kontatzen die, gehi denbora horren %30. Horren ondorioz, ELAk kontatu duen moduan, «egunean hamabi ordu baino gehiago egingo dute lan beharbada, baina enpresak bost edo sei soilik hartuko ditu kontuan». Ez hori bakarrik: «Beharginek lanerako prest egon behar dute urteko 365 egunetan eta 24 orduz».
Soldata hobeak ere eskatu dituzte gidariek, Espainiako lanbide arteko gutxieneko soldata (SMI) jaso baitute orain arte, 1.184 euro hilean hamalau ordainsaritan banatuta.
Hego Euskal Herrian, bakarrik Bilbo Handian ari dira Uberreko autoak, baina badira IG ibilgailu gidaridunen baimena duten beste enpresa batzuk ere —uztailaren hasieran heldu zen Cabify—. Herriz herriko bidaiez gain, herri barnekoak ere egin ditzakete orain, baina 2026ra arte; gero, udaletara jo beharko dute baimenak eskatzera.
Orain Uberrek erabiltzen dituen baimenak 2022. urtean emandakoak dira. Bizkaiko Foru Aldundiak ez zituen eman nahi, baina epaile batek behartu zuen horretara. Eusko Jaurlaritza ere saiatu zen Uberri oztopoak jartzen, baina epaitegiek zapuztu zituzten haren asmoak.