Urriaren 7an grebara deitu dituzte Bizkaiko metalaren merkataritzako langileak

Lan hitzarmena 2019az geroztik iraungita dago, eta patronalak negoziazioa blokeatu duela diote langileen ordezkariek.

Metalaren merkataritzako ordezkariak gaur, Bilbon. ELA
Metalaren merkataritzako ordezkariak gaur, Bilbon. ELA
Iker Aranburu.
2026ko irailaren 14a
13:03
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurreko urteetan baino trabatuago doa negoziazio kolektiboa, eta iaz baino langile gutxiagok lortu dute aurten beren lan baldintzak eguneratzea. Lan baldintza zaharrekin ari direnen artean daude Bizkaiko metalaren merkataritzako langileak. Izen horren atzean daude metalezko produktuak saltzen eta konpontzen dituzten dendetako langileak, besteak beste, burdindegietakoak, auto saltokietakoak, etxetresna eta informatika dendetakoak, bitxi dendetakoak, eta birziklatze guneetakoak. Guztira 10.000 dira Bizkaian, eta urriaren 7an greba egitera deitu dituzte.

ELA, UGT, CCOO eta LAB sindikatuek antolatu dute protesta, eta, grebaren bidez, salatu nahi dute Cecobi patronalak lan hitzarmenaren negoziazioa «blokeatuta» daukala. ELAk agiri baten bidez azaldu duenez, ituna 2019az geroztik iraungita dago, eta orduko lan baldintzak dituzte orain sektoreko beharginek.  

Esaterako, batez beste sektoreko soldatak 18.000 eurorenak dira, eta azken sei urteetan ez dira eguneratu. Galdutako erosahalmena berreskuratzea da langileen eskakizunetako bat, baina ez da bakarra. Sindikatuek salatu dutenez, Cecobik «orain arte lortutako eskubideak murrizteko asmoa ere erakutsi du». Horrela, gaixo dauden langileen soldata osagarria okertu nahi du, eta antzinatasun osagarria murriztu. «Azken hori, gainera, dagoeneko oso mugatua dago: 2014ko soldataren arabera kalkulatzen da, eta gehienez ere zortzi laurteko hartzen ditu aintzat».

Sindikatuek KPIaren arabera eguneratutako soldatak eskatu dituzte, baina baita lanaldia murriztea ere. Izan ere, gaur egun urtean 1.758 ordu egiten dituzte lan, eta Bizkaiko merkataritzako beste hitzarmen batzuetan ezarritako urteko 1.725 orduetara hurbildu nahi dute.

Gaur zortzi dute hurrengo bilera, eta, bilkura horretan patronalak «negoziatzeko benetako borondatea» erakutsiz gero, greba bertan behera geratzeko aukera dagoela aipatu dute sindikatuek. Gogorarazi dutenez, bilera horretan patronalak negoziatzeko benetako borondatea erakutsi eta gatazka bideratzeko aukera izango du.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA