Erregaien igoera etetearekin batera eten da inflazioarena ere. Herritarren poltsikoetarako oso malkartsua izaten ari den urtean, inflazioak irailean jo zuen goia, %5,1arekin, baina urrian %5eko muga psikologikoaren azpira itzuli zen, %4,8raino. Dena den, inflazio handia izaten jarraitzen du, eta azaroan eta abenduan berriz ere jaitsi daitekeen arren, litekeena da urteko datua %4tik gorakoa izatea.
Abenduaren aurretik, baina, azaroa dago, eta azaroko KPIa eskutan pentsioak zenbat eguneratuko den kalkulatu beharko du Espainiako Gobernuak, iazko abendutik azarora arteko batez bestekoa eginda. Urriko datua oso argigarria izaten da, azken zifrara asko gerturatzen delako eta, haren arabera, urtarrilean %3,5 igoko diete ordainsaria pentsiodunei. Hego Euskal Herrian ez bezala, Espainian KPIak ez du behera egin, %4,9an mantendu da.
Azken egunetan gasolindegira joan den herritarrak ikusi du erregaien prezioa jaisten ari dela, eta INE Espainiako estatistika institutuak bere datuetan jaso du hori. Espainiako Gobernuaren laguntzak eta Ormuzeko egoera lasaitzeak eragina izan du prezioan. Are gehiago, IEA Nazioarteko Energia Agentziak iragarri du urteko azken hiruhilekoan behar baino petrolio gehiago egongo dela merkatuan eta horrek beste koska bat jaitsiarazi dezake.
Aldagai horien eraginez, INEren arabera, erregaien prezioak irailetik urrira sei puntuko beherakada izan du eta azaroan bide beretik joko duela espero da. Urrian indarrean zegoen dieselaren 20 zentimoko deskontua; gasolinarena, berriz, bost zentimora murriztuta zegoen, baina azaroaren 1etik aurrera hogei zentimoko deskontua aplikatzen da bi kasuetan. Dena den, oso garesti egoten jarraitzen du eta hori argi ikusten da urte arteko alderaketan: iazko urrian baino %24,4 garestiago egon da aurtengoan —irailean %25,6koa zen datu hori—.
Baina KPIaren jaitsiera ez da erregaiarengatik bakarrik gertatu. Izan ere, azpiko inflazioa delakoa, elikagai ez-elaboratuak eta produktu energetikoak kanpo uzten dituen indizea, bi hamarren jaitsi da: iraileko %3,4tik urriko %3,2ra. Horrekin lotuta doa elikagaien prezioen bilakaera: irailean iazko irailean baino %3,8 garestiago zeuden; urrian, aldiz, urte arteko aldea %3,2koa izan zen bakarrik.
Barazkiak ere garesti
Elikagaiei galbahe zorrotzago bat pasatuz gero, deigarria da fruta freskoen prezioak irailetik urrira izan duen bilakaera: %9,5 garestiago saldu zen merkatuetan. Urte arteko aldeari erreparatuz gero, aldiz, %11,1ekoa izan da. Udazkenean ez da arraroa fruta garestitzea, gehiago inportatzen delako, eta horretan ere erregaiak eragina du. Halaber, udako lehorteak ere eragina izan du prezioan uzta batzuk ez direlako hain onak izan. Norabide beretik joan dira lekale eta barazki freskoak: aurtengo urrian iazkoan baino %12,8 garestiago saldu ziren.
Bi digituko batez besteko garestitzea izan duten bi produktu bakarrak dira, baina badaude urtez urteko aldean %5 inguru garestitu direnak: arrautzak (%4,9); patatak (%5,1); arrainak eta itsaskiak (%4,2) eta ardikia (%4,2). Merkatu diren bakarrak, aldiz, txerrikia (%-1,2) eta azukrea dira (-%0,8).
Erregaiak merkatzen ari dira, ez ordea etxeko gastuak: gasa, argindarra, ura... Aurtengo urrian iazkoan baino %13,1 garestiagoak izan dira. Zentzu horretan nabarmentzekoak dira gasak eta argindarrak izandako gorakadak, %10etik gorakoak. Garraioa ere iaz baino %9,8 garestiago dago, irailaz geroztik merkatu den arren.
%4tik gora negoziatzea ez da erraza
Urrian inflazioak arnasa eman badu ere, urte amaierako datua %4tik gorakoa izango da. Inflazioa handia da, eta datu hori mahai gainean izateak ez ditu lan negoziazioak erraztuko. Egun sektore lan hitzarmen asko ari dira negoziatzen, Bizkaiko eta Arabako metalgintzakoak esaterako, eta sindikatuek marra gorria jarria dute KPIaren araberako soldata igoeren eskakizunean. Patronala, aldiz, hori eragozten saiatuko da, argudiatuta enpresek ezin dituztela jasan horrelako soldata igoerak. Azken urteetan soldatak eguneratzeko beste formula batzuk ezartzen saiatu da: azpiko inflazioa erabiltzea neurgailu bezala, soldata igoeran bi aldagai ezartzea, bata finkoa eta bestea KPIaren araberakoa... Ez da izango langile publikoen kasua, Espainiako Gobernuak dagoeneko aurreratu duelako urteko batez besteko KPIaren araberako soldata igoera izango dutela. Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, aldundiek eta udalek beste hainbeste egingo dute.
Â