Uvescoren erosketa, itxita

Euskal inbertitzaileek enpresaren %70 erosi diote PAI Partners funtsari, eta Uvescok «garai berri bati» ekingo dio. Maria Jose Aduriz izendatu dute presidente ez-exekutibo.

(ID_15629001) (Gorka Rubio/@FOKU) 2025-12-23, Irun. Uvesco taldearen egoitza Irunen
Uvesco taldearen egoitza, Irunen. GORKA RUBIO / FOKU
joxerra senar
2026ko otsailaren 4a
20:16
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gauzatu dute jada abenduaren 23an izenpetutako akordioa. Uvesco talde osoa euskal inbertitzaileen esku egongo da, PAI Partners funtsari %70a erosiko baitiote. BM eta Super Amara supermerkatuen jabe da Uvesco, eta prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, erosketa prozesua burututa, «garai berri bati» ekingo dio.

Operazioa, zorra barne, 730 milioi eurokoa izan da, eta Angel Jareño Uvescoko kontseilari ordezkariak zuzendu du. Jareñoz gain, hauek dira partaidetza erosi duten inbertitzaileetako batzuk: Uvesco sortu zuten sendiak, Stellum Capital arrisku kapitaleko sozietatea (Artizarra fundazioa), Inveready kapital funtsa eta Indar Kartera (Kutxabanken finantza funtsa). 

Behin urrats administratibo guztiak egin eta erosketa gauzatuta, Maria Jose Aduriz izendatu dute presidente ez-exekutibo. Aldi berean, Jose Ramon Fernandez orain arteko presidenteak enpresari lotuta jarraituko du, Uvesco sortu zuten sendietako kide baita.

PAI Partners Frantziako funtsak 2021ean erosi zuen Uvescoren %70. Iaz jakin zen akzioak saltzeko asmoa zuela eta bazitekeela herrialde bereko Carrefour taldeak bereganatzea. Saiakera hura aurrera atera ez bazen ere, Irungo egoitza nagusian kezka piztu zen.

Uste dute ezen, horren aurrean, Uvesco taldeak sorreratik izan duen ereduari leial jokatuko duela eta luzera begirako hazkundeari eutsi ahalko diola gaur itxi duten operazioaren bidez.

Egun BM eta Super Amara markako 344 saltoki ditu, eta 7.000 langile baino gehiago. Hego Euskal Herrian oso errotuta dago, baina badu presentzia Espainiako beste toki batzuetan ere —hala nola Errioxan, Kantabrian, Madrilen eta Guadalajaran—. Uvescoren arabera, geografikoki zabaldu eta supermerkatu gehiago irekitzeko asmoa du etorkizunean. 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.