Vicinayko langileek txarretsi dute beharginak beste enpresa batzuetara bidaltzeko aukera

Jauregi sailburuak langileak birkokatzeko aukera iradoki du, Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian. Astelehenean hasiko da enplegu erregulazioaren kontsulta epea.

Vicinayko langileak, Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, Bilbon, joan den astean egindako mobilizazioan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Vicinayko langileak, Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, Bilbon, joan den astean egindako mobilizazioan. ARITZ LOIOLA / FOKU
gotzon hermosilla
2026ko azaroaren 6a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Vicinayko langileak galtzak bete lan dabiltza egunotan. Sestaoko lantegian (Bizkaia), astelehenean hasiko da kontsulta epea, zuzendaritzak egin nahi dituen hirurogei kaleratzeez eta proposatutako erregulazio espedienteaz negoziatzeko, eta horretara iritsi aurretik bilerak eta harremanak izaten ari dira ahalik eta eragile gehienekin. Gaur, adibidez, Eusko Legebiltzarrean egon dira, eta han, kaleratzeen eta erregulazio espedientearen kontrako jarrera berresteaz gain, arbuiatu egin dute langileak ECN All Wind taldeko beste enpresa batzuetara bidalzeko aukera.

Enpresa batzordeak adierazi duenez, ez da bidezkoa «langileek ordaindu behar izatea» egoeraren ondorioak, «kontuan hartuta urte hauetan guztietan egindako sakrifizioak, jardueraren geldialdiak eta soldatak ezin igo izana».

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburu Mikel Jauregik Vicinayren auzia izan du mintzagai legebiltzarrean, EH Bilduk egindako galdera bati erantzunez. Gogora ekarri du ECN All Wind dela gaur egun Vicinayren jabea, eta Jaurlaritzak proiektu horrekin bat egin zuela, diru ekarpena eginda: «ECN All Winden bidez Vicinayren kapitalean sartu izan ez bagina, enpresa duela hilabete batzuk itxiko zen, eta 200 langile kaleratuak izango ziren. Inbertsio horri esker, gaur Vicinay existitzen da».

Sailburuak esan duenez, negozioa zabaltzeko estrategia bat ari da garatzen ECN All Wind, eta, besteak beste, lantegi bat eraiki nahi du Araban, 100 milioi euroko inbertsio batekin eta ehun lanpostu sortuta. «Terstuinguru horretan bilatu beharko lirateke erregulazio txostenak kaltetutako langileak birkokatzeko aukerak», iradoki du.

Zurrumurruak

Jauregik ukatu egin du enplegua erregulatzeko espedientearen atzean enpresa itxi eta orubearekin espekulatzeko asmoa dagoenik. Izan ere, zurrumurru hori bolo-bolo ibili da azken asteotan; Vicinayk Sestaon hartzen duen eremuak itsasorako irteera du, eta, hortaz, lurzoruak oso prezio altua izan dezake, industria jarduera albo batera utzi eta hura beste erabilera batzuetarako salduz gero.

Aurreko astean, Vicinayko langileek agerraldia egin zuten Bilbon, eta han, langile batzordeak adierazi zuen ez zituela zurrumurruok sinetsi nahi, baina, horiek uxatzeko, beharrezkoa zela «gardentasuna» eta azalpen guztiak ematea.

«Ezinezkoa da lurzoru horiek espekulaziorako erabiltzea», esan du Jauregik, eta erantsi «ahalegin guztiak» egingo dituztela, kaleratzeak tan talde osoaren %20 baino gehiago izan ez daitezen.

LABek gogor kritikatu ditu Jauregiren hitzak: «Hirurogei kaleratze iragarri direnean, langileak eskualdetik kanpo birkokatzeaz eta lanpostu horiek galtzea ontzat ematea da Jaurlaritzaren erantzuna».

ELAk, berriz, gogorarazi du Jaurlaritzak eta foru aldundiek 15 milioi euroko ekarpena egin zutela Vicinay erreskatatzeko operazioan. «Ezin da onartu Vicinayren jarraitutasun industriala bermatzeko bideratutako diru publikoa erabiltzea hirurogei langile kalean uzten dituen operazio bat finantzatzeko».

Enpresa batzordeak bi orduko lanuztea egitera deitu die Vicinayko langileei astelehenerako, kontsulta epea hastearekin bat.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA