Vicinayk bizi nahi du

Sestaoko Vicinay enpresako langileek kalera jo dute, 60 behargin kanporatu eta gainerakoei aldi baterako erregulazioa ezartzeko asmoen kontra. Uste dute enpresak baduela «etorkizuna», eta zuzendaritzaren kudeaketa txarrari egozten diote egungo egoera.

Vicinayko langileak, SPRIren egoitzaren aurrean, gaur, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Vicinayko langileak, SPRIren egoitzaren aurrean, gaur, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
gotzon hermosilla
Bilbo
2026ko urriaren 30a
14:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kezka nabaria da langileen bisaietan. Laurogei behargin inguru elkartu dira Bilboko Bizkaia plazan, SPRI enpresen garapenerako agentziaren egoitzaren aurrean, haietako askok laneko jaka horia jantzita daukatela. Banku baten gainean utzitako pankartak ondo baino hobeto laburbiltzen du haien ezinegonaren jatorria, baita plazaratu nahi duten aldarri nagusia ere: Vicinayn ez dago inor sobran.

Larria da Sestaoko (Bizkaia) Vicinay enpresaren egoera. Arazoak aspaldikoak dira, eta, langileek gogorarazi dutenez, ahalegin eta sakrifizio ugari egin behar izan dituzte enpleguari eta enpresaren jarduerari eusteko: adibidez, duela urtebete inguru uko egin zioten 2027an eta 2028an soldatak igotzeari, enpresaren etorkizunaren hobe beharrez. Iazko uztailean hartzekodunen konkurtsoaren aurrekoa abiatu ostean, Haizea Winden jabe Damaso Quintana enpresariak erosi egin zuen, Eusko Jaurlaritzaren laguntza baliatuta. Hala, bazirudien Vicinayren bizinahiak bazuela biderik.

Usteak ustel gertatu dira, ordea. Irailean, enpresak langileei iragarri zien «neurriak» hartu beharko zituela «enpresaren etorkizunean bideragarri izatea bermatzeko». Arrazoia: enpresak bazuen itxaropena kontratu handi bat lortuko zuela BPrekin (garai bateko British Petroleum), eta horrek hurrengo hiruzpalau hilabeteetako jarduera bermatuko zuela, baina, azkenean, Txinako enpresa batek lortu du kontratu hori, eta Sestaoko lantegian zereginik gabe geratu dira hurrengo kontratua lortu arte.

Duela astebete, enpresak zehaztu egin zuen zeintzuk ziren neurri horiek: lantegian aritzen diren 128 langileetatik 60 kaleratzea, eta gainerakoei enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea ezartzea. Eta langileak ez daude ados.

«Industria arloko enplegua galtzeak kalteak ekartzen dizkie familiei, tokiko ekonomiari eta produkzio egiturari»

VICTOR SALINAS Vicinayko langile batzordeko presidentea

Bederatzi lagunek osatzen dute Vicinayko langile batzordea. UGTk, LABek eta CCOOk bina ordezkari dituzte, ELAk eta ESK-k bana, eta bestea independentea da. Denen izenean berba egin du Victor Salinas langile batzordeko presidenteak, hedabideetako mikrofonoek inguratuta: «Barkatuko didazue trabatu egiten banaiz; ez nago ohituta jendaurrean hitz egitera». Hark jarri dio ahotsa langileen galdera nagusiari: kontratu zapuztu horrek soilik hiru hilabeterako lana bermatu behar bazuen, hura galdu izanak zergatik ekarri behar du langileen erdiak kanporatzea?

«Beste azalpenik izan ezean, iraupen horretako kontratu bat galtzea ezin da izan hirurogei langile kaleratzeko eta gainerakoei beste erregulazio espediente bat ezartzeko arrazoia», esan du Salinasek. «Beste hainbat atal ere aztertu behar dira: gaur egun dauden eskaeren zorroa, aurreikuspenak, enpresa lantzen ari den proiektu berriak eta jarduera berreskuratzeko alternatibak. Ezinbestekoa da jakitea zer-nolako irtenbideak aztertu diren, hainbeste lanpostu arriskuan jarri aurretik».

Langileek uste dute «kudeaketa txarra» dagoela arazoaren jatorrian: «Vicinay enpresa historikoa da», azaldu du Salinasek, eta gogora ekarri 1786an Otxandion (Bizkaia) eraikitako burdinola bat duela jatorri. «Nire aitak Vicinayn lan egin zuen, eta, lehenago, nire aitaren aitak. Vicinay munduko liderra izan zen bere arloan, eta enpresan aritzen garenok langile finak gara. Agian, beste batzuek joan behar dute etxera, langileen ordez».

Langileen susmoak

Kudeaketa horrek langileen susmoak piztu ditu. Izan ere, Vicinay dagoen eremuak itsasorako irteera du, eta, hortaz, lurzorua oso preziatua izan daiteke industria jarduera albo batera utzi eta hura beste zerbaitetarako erabiltzeko. Langile batzordeak esan duenez, ez dago «frogatuta» industria arlokoak ez diren «beste interes batzuk» daudela Quintanak bultzatutako operazioaren atzean, baina uste du «gardentasuna» beharrezkoa dela, susmo guztiak uxatuko badituzte.

Erakundeen «esku hartzea» ere eskatu dute langileek, bereziki Eusko Jaurlaritzarena eta Bizkaiko Foru Aldundiarena. Ez dute ahazteko erakunde publikoek hamabost milioi euro jarri zituztela Vicinay erreskatatzeko operazioan. «Erakundeek ardura nabarmena dute, operazioan baliabide publikoak erabili dituztenez gero», esan du Salinasek. «Ezinbestekoa da jakitea nolako emaitzak espero ziren, zer konpromiso hartu ziren, eta nola bermatzen ari diren Vicinayren etorkizuna lotuta dagoela jarduera produktiboari eta enpleguari eustearekin».

Izan ere, langileek uste dute Vicinayren afera ez dagokiola «enpresari soilik», eta Sestaoko eta Ezkerraldeko industria ingurune osoari eragiten diola. «Industria arloko enplegua galtzeak kalteak ekartzen dizkie familiei, tokiko ekonomiari eta produkzio egiturari».

Elkarretaratzea egin baino ordu erdi lehenago, Industria Sailak langileei baieztatu die Jose Luis Azkue Industria zuzendaria haiekin batzartuko dela azaroaren 5ean. Lau egun geroago, azaroaren 9an, zuzendaritzak eta langile batzordeak lehenengo bilera egingo dute. Hitzordu horiek buruan abiatu dira langileak manifestazioan, Bizkaia plazatik Eusko Jaurlaritzaren egoitzaraino.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA