Veloriak lantegi bat eraikiko du Araban, sare elektrikorako osagaiak egiteko

Eusko Jaurlaritzaren eta Ekarpen funtsaren laguntza izango du proiektuak, eta ehun lanpostu sortzea espero dute.

Damaso Quintana enpresaburua (erdian, betaurrekoekin), Jaurlaritzaren laguntzarekin Vicinay erosi zuenean. IREKIA
Damaso Quintana enpresaburua (erdian, betaurrekoekin), Jaurlaritzaren laguntzarekin Vicinay erosi zuenean. IREKIA
Iker Aranburu.
2026ko urriaren 16a
12:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Vicinayren kontrola hartu ondoren, Euskal Herrian beste inbertsio bat egitea erabaki du Velora enpresa taldeak. Gaur iragarri duenez, ehun milioi euro inbertituko ditu Araban, sare elektrikorako osagaiak egingo dituen lantegi bat eraikitzeko. Laguntza publikoa izango du proiektuak, Eusko Jaurlaritzak eta Ekarpen funtsak ere esku hartuko baitute.

Lantegia zehazki non izango den ez dute zehaztu, baina bai 2028rako bukatu nahi dutela, 2029aren lehen seihilekoan martxan egotea espero dutela, eta ordurako ehun langile izango dituela.

Andaluzian (Espainia) du egoitza nagusia Velora taldeak, eta energia elektrikoarekin zerikusia duten jarduerez arduratzen da. Taldearen burua Damaso Quintana enpresaburua da, zeina azkenaldian Euskal Herrian oso aktibo dagoen. Haizea Wind Group sortu zuen, Bilboko portuan haize errotetarako dorreak eraikitzeko, eta Arteche osagai elektrikoen Bizkaiko enpresaren akziodun handienetakoa ere bada.

Proiektua ECN All Winden bitartez gauzatuko dute. Velora taldeak gidatzen du inbertsiorako plataforma hori, baina haren %7,8 dute Eusko Jaurlaritzak eta Ekarpen funtsak (Kutxabankek, Jaurlaritzak berak, Mondragon taldeak eta aldundiek sortutakoa).

Vicinay eta haren arazoak

Agiri baten bitartez azaldu dutenez, fabrika berrian sare elektrikoak eta sare adimendunak hedatzeko beharrezkoak diren osagaiak egingo dituzte. Sare hori hedatzea funtsezkoa da energia trantsiziorako eta ekonomiaren elektrifikaziorako, gaur egungo sarea gainezka dagoelako eta arazoak dituelako proiektu berriei energia hornitzeko.

Elektrifikazio horretan bere lekua izango du itsasoko energia eolikoak, eta harentzako kate erraldoiak egiten dituen enpresa historiko bat erosi zuen joan den udan, Sestaoko Vicinay Marine. Jaurlaritzaren laguntza izan zuen, erreskate baten beharrean zegoelako. Proiektu berriak, ordea, hasiera kaskarra izan du: BPrentzat kontratu bat galdu du, eta horren ondorioz urriaren amaieran lanik gabe geratuko dira Sestaoko lantegian. Zuzendaritzak «neurriak» hartuko dituela iragarri du.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA