Sortutako zalaparta desegin, eta Nafarroako Volkswagenek atzera egin behar izan du ezinbestean. Lan ikuskaritzak atzeman zuen behin-behineko 151 kontratazio justifikatu gabe zeudela, eta horietako 93ri kontratu finkoa egiteko agindu zuen. Horren aurrean, VWek kopuru bereko erregulazio espediente bat aurkeztearekin egin zuen mehatxu, langile kopuruan «desoreka» eragingo zuela argudiatuta. Azkenean, baina, amore eman du, eta 93 langileri behin betiko kontratua egingo die.
Ahalik eta presiorik handiena egiten ahalegindu da multinazionala. Enplegua erregulatzeko espedientearen mehatxu horrez gain, orain arteko errelebo kontratua ere eten egin zuen. Alta, industria arloko errelebo kontratua aktibatu egin du berriz.Â
ELAk eta LABek egindako salaketa baten ondotik, lan ikuskaritzak urrian fabrika bisitatu zuen, eta irregulartasunak atzeman zituen behin-behineko langileen egoeran. 93 langileri kontratu mugagabea egiteko hamar eguneko epea eman arren, malgutasunez jokatu du. Langile horietako askori urtarrilaren 27an amaitzen zitzaien kontratua, eta azkenean legediaren arabera jardutea beste erremediorik ez du izan VWek.
Volkswagenek UGT eta CCOO sindikatuekin sinatutako azken lan hitzarmenean daude baldintzak zehaztuta. Horiek beteko dituela adierazteko berriro ere sindikatu horiekin beste akordio bat egin duela jakinarazi du, ohar bidez. Bertan, jakinarazi du ez duela jarraituko aurrez iragarritako presio neurriekin.
Gainera, 2026ko egutegia egokituko dute. Aurrez, aldi baterako enplegu erregulazioan zehaztu zuen bi astez ez zela lan egingo, baina orain bi aste horietan lan egingo dute langileek. Konpentsazio gisa, bi jaiegun emango zaizkie: bata aurten, eta bestea datorren urtean.
262.217Â
Ekoizpena. Aurten, orotara, 262-217 ibilgailu ekoitziko dituzte Landabenen. Horietako batzuk, hain justu, elektrikoak izango dira, ekainetik aurrera ekoizten hasiko baitira lehenak. Produkzioa handitu egin da, Volkswagen markak 21.970 auto gehiago egiteko eskatu baitio.
LABen arabera, jakinarazitako akordio hori «itxurakeria» izan da, baina ontzat jo du VWek atzera egin izana. ELAk, LABek eta CGTk azken asteetan gogora ekarri dute legea betetzera derrigortuta zegoela VW. Asteartean bertan, ELAk exijitu zion Nafarroako Gobernuari esku hartu zezala bere mehatxua bete ez zezan. Azkenean, ez da beharrezko izango.
Behin hori konponduta, fabrikan auto elektrikoari begira daude. Hala nabarmendu du VWek berak: «Azken urteetan egindako bilakaera guztia 2026an gauzatuko da, eta zuzendaritzak eta langileek egindako esfortzuaren emaitza ikusiko da». Elektrifikazioak lan kontratu gehiago ekarriko dituela esan du. «Kontratazioa indartuko dugu, gardentasunik handienarekin eta egungo legedia zorrotz betetzeko asmoz», azpimarratu du Fiso Strahman giza baliabideetako zuzendariak.
Sortutako zalaparta guztiaren aurrean, bere burua defenditu nahi du orain VWek. Azken bost urteetan 1.240 kontratu mugagabe izenpetu ditu, horietatik 784 industria arloko errelebo kontratuari loturik. Lan poltsa ere handia du. VWek berak dionez, 2025aren amaieran 4.000 eskaera inguru zituen bertan.Â