Ustekabean, Volkswagen taldeko zuzendaritzak ostegunera aurreratu zuen berregituraketa plana onartu behar zuen bilera. Baina sorpresa handirik ez dago plan horren neurrietan: VWek lantaldea, kostuak, modeloak eta ekoizpen gaitasuna txikitu nahi ditu, enpresaren errentagarritasuna hobetu eta Txinako lehiakide berriekin lehiatzeko gai izan dadin. Argaltze plan horrek, ordea, argitu gabeko zenbait puntu ditu oraindik, hala nola zenbat lantegi itxiko dituen azkenean eta zer gertatuko den Seatekin.
Fabriken itxierari buruzko zalantza lotuta dago VWen zuzendaritzaren osaketarekin. Gainbegiratze batzorde izenekoan, ordezkariak dituzte Saxonia Behereko estatuak eta langileen ordezkariek, eta, haien baiezkoa lortze aldera, kolokan dauden lau lantegiei buruzko azken erabakia atzeratzea onartu du Oliver Blume VW taldeko kontseilari ordezkariak.
Hannover, Zwickau, Neckarsulm eta Emden lantegiek —denak Alemanian daude— ez daukate auto berririk esleituta, eta oraingo modeloen ekoizpena agortzen denean, 2031 eta 2034 artean, haientzat «beste aukera batzuk» bilatuko dituela agindu du Blumek. Gauza bera agindu zuen aurretik Osnabruckeko lantegiarekin, baina hura armagintza talde baten esku uzteko negoziazioek ez dute oraindik fruiturik eman.
%9ko errentagarritasuna
Promesa horren truke, VWeko zuzendaritzak akziodunen eta langileen onespena lortu du hurrengo urteetan 50.000 lanpostu desagerrarazteko, horietatik erdiak Alemanian eta beste erdiak Europako beste herrialdeetan. Horietatik kaleratzeak zenbat izango diren ez dago garbi, baina batu egingo zaizkie 2024an iragarritako beste 50.000 kaleratzeei.
Langileen ordezkariek ziurtatu dute kopuru hori ez dela finkoa eta %9ko errentagarritasuna lortu ahal izateko zuzendaritzak egindako kalkulu batean oinarritzen dela. Gainera, oroitarazi dute Alemanian taldeak hitzeman zuela 2030 arte gutxienez ez zuela inor bere borondatearen aurka kanporatuko. Enpresak Alemanian du langile gehien, eta han ditu lan kosturik handienak.
Gaur egun, VWek 650.000 langile enplegatzen ditu zuzenean, eta horietatik 4.500 baino gehiago daude Iruñean, Landabengo fabrikan. Hurrengo hilabeteetan Nafarroan beste 1.050 langile kontratatu nahi dituela iragarri du VWek, Skoda Epiq eta VW ID.Cross modelo elektriko berrien ekoizpena handitu ahal izateko.
Modelo gutxiago
Baina, oro har, kostuak gutxitzea da Blumeren asmoa, eta horretarako ezinbestekotzat jo du gaur egungo ekoizpen gaitasuna —12 milioi auto urtean— taldearen oraingo salmenta errealekin parekatzea —bederatzi milioi—.Â
Alemaniako taldeak oso kolpe gogorra jaso du Txinan; bere merkatu nagusia izan da orain gutxira arte, baina azken urteetan hango erosleek Txinako bertako auto elektrikoak eta hibridoak hobetsi dituzte, nazioarteko markekoen kaltetan. Hori nahikoa ez, eta Txinako autogileak indarrez sartu dira VWen etxeko merkatuan, Europan: 2026aren lehen erdian, %9,3ko merkatu kuota lortu dute Europako Batasunean, eta %16tik gorakoa Hego Euskal Herrian.
Gastuak kontrolatze aldera, 2035erako modelo kopurua erdira gutxitu nahi du VWek, eta are gehiago gutxituko ditu modelo bakoitzak eskainitako aukerak.Â

Erabaki horrek zaildu egiten du Seaten iraupena, Espainiako markak ez baitu modelo berririk izan azken urteetan, eta hura baita taldean auto elektrikorik ez daukan bakarra —2035etik aurrera, EBn %10 bakarrik izan ahal izango dira errekuntzako auto berriak—. VWek esan du lehentasuna emango diela «diseinu eta teknologiarengatik nabarmentzen diren modeloei», eta arlo horietan, konpainiak Cupra hobetsi du, Seaten kaltetan.Â
Seaten desagertze posibleak kezka handia eragin du Katalunian, Martorellen (Bartzelona) baitu marka horrek bere lantegia. Kezka hori baretzen saiatu da Espainiako Gobernua. Lan Ministerioaren iturriek Europa Press agentziari esan diotenez, ez dute uste Seat desagertuko denik, eta, gainera, ez dute enplegu galerarik espero, ikusita Alemaniako taldeak inbertsio handiak egin dituela Martorellen, Landabenen eta Sagunten —baterien lantegi bat eraikiko du Valentziako hiri horretan—.
Baina Seateko gaur egungo buruzagitzak ez dauzka gauzak han ziur. Agiri baten bitartez, batetik esan du Seat markak badituela berritasun batzuk hurrengo urteotarako, eta bermatu egin du beren bezeroei arreta ematen jarraituko duela. Baina, bestetik, onartu du Seaten elektrifikazioaren ondorioz markan inbertitzeko erabakia «oso konplexua» dela. Hortaz, «aukera desberdinak daude 2030etik aurrera. Araudiaren bilakaeraren, bezeroen eskaeren eta merkatuen baldintzen arabera erabakiko da Seat markari eutsi behar ote zaion. Oraindik ez dago erabakirik».Â
%6,47Zenbat igo diren VWen akzioak. Burtsek ongi hartu dute VWeko zuzendaritzaren iragarpena. Autogilearen akzioek astindu handia hartu dute azken urteetan —2021 amaieran 300 euro balio zuen akzio bakoitzak, eta 81,3 euro orain—. Gaur %6,47 igo da haien balioa Frankfurteko burtsan.
 Â
Â
Â