Zer da kontzertu ekonomikoa?
Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoakzergak kudeatzeko eta biltzeko duen burujabetza aitortzen du kontzertu ekonomikoak, eta Madrilen eta Gasteizen arteko diru publikoen joan-etorria arautzen du. Itun ekonomikoa tresna bera da, baina Nafarroarentzat.
Zer da kupoa?
Kupoa Gasteizen eta Madrilen arteko diru publikoen joan-etorri hori gauzatzeko bitartekoa da; ekarpena du izena, berriz, Iruñearen eta Madrilen artekoak.
Zenbatean behin pagatzen dira ekarpena eta kupoa?
Urtero, eta ordainketa lau zatitan egiten dute euskal gobernuek: hiruhileka. Bost urtean behin kalkulatzen dira bai ekarpena eta bai kupoa: lehen urtea kalkulatuta, hurrengo lau urteak eguneratzen dira. 2008-2016 artekoak eta hurrengo urteetakoak finkatu zituzten atzo Jaurlaritzak eta Espainiak.Ekarpenaren kasuan, 2015-2019 aldia orain ari dira negoziatzen.
Zer ordaintzen da?
Jaso ez dituzten eskumenak pagatzen dituzte: Koroa, kanpo harremanak, Espainiaren zorpetzea, azpiegiturak (AHT, aireportuak, portuak), Gorteak, Auzitegi Konstitu- zionala... Zerbitzu horiek ordaintzeaz gain, Espainiako lurraldeen arteko konpentsazio funtsera ere egiten dute ekarpenbat.
Zelan egiten da kalkulua?
Ordaindu beharreko diru kopurua kalkulatzeko ekuazioa bera da bi kasuetan, soilik aldagai bat aldatzen da: egozpen indizea. Nafarroak eta EAEk Espainian duten pisu ekonomikoaren arabera egiten dute ordainketa, eta egozpen indizeak irudikatzen du hori: %1,6 da Nafarroan, eta %6,24 EAEn.
Baina zein da ekuazioa?
Kalkuluaren oinarrian beti daude Espainiako aurrekontuak; EAEk edo Nafarroak dituzten eskumenen zenbatekoa kentzen zaie, eta kopuru horren egozpen indizea kalkulatzen da (%1,6 eta %6,24). Geratzen den kopuruari itundu gabeko sarrerak kentzen zaizkie: estatuak itundu gabeko sarreretan EAEri edo Nafarroari dagokiona proportzioan (aduanak, defizita, inbertsioak besterentzea, finantza eragiketak eta transferentziak). Azken emaitza da kupo likidoa eta ekarpen likidoa.
Kalkulu guztiz teknikoa da?
Ez. Nafarroan ikusi berri da: abenduan Espainiak eskatutako 82,6 milioi ordaintzeari uko egin zion. Desadostasunen funtsa politikoa da, tartean arrazoi teknikoak erabiltzen badira ere. Aspaldikoak dira, gainera: kupoa 1981ean jarri zen martxan, baina 1987ra arte ez ziren egin lehen kitapenak.
Noiz ezarri zituzten egozpen indizeak?
Kupoarena (%6,24) 1981ean ezarri zen, behin-behinean; Nafarroarena (%1,6) 1990ean, eta harrezkero ez da aldatu. Gasteizek eta Iruñeak eskatu izan dute indizeak gaurkotzeko, dagokiena baino gehiago pagatzen ari direlakoan. Debateetako bat da indizea errentaren ala biztanleriaren arabera kalkulatu behar ote litzatekeen.
Espainiako beste erkidegorik badago antzeko sistemekin?
Ez. Katalunian, Galizian eta beste erkidegoetan Espainiako Ogasunak biltzen ditu zergak, eta gero banatzen die dirua.
Non dute jatorria?
Foruetan. XIX. mendera arte Hegoaldeko lurraldeek finantza eta zerga burujabetza izan zuten, baina karlistaldien ostean galdu egin zituzten. Nafarroako itun ekonomikoaren jatorria lehen karlistadaren osteko 1841eko Lege Itunduan dago: Nafarroako jatorrizko erregimena desegin eta lurraldea Espainiaren administrazioan sartu zuten, baina bere zergak kudeatzeko autonomiarekin. Bigarren karlistada ostean gauza bera gertatu zen Arabarekin, Bizkaiarekin eta Gipuzkoarekin. Francok 1937an ezabatu zituen Bizkaiko eta Gipuzkoako kontzertuak, «probintzia traidoreak» izateagatik. 1978ko Espainiako Konsituzioak euskal lurraldeen eskubide historikoak aitortu zituen. Gernikako Estatutuak kontzertu ekonomikoa ezarri zuen 1979an, eta Nafarroako Foru Hobekuntzak ituna 1982an, baina 1990ean sartu zen indarrean.
Espainiako aurrekontuak. Kupoaren akordioa
Zer dira kontzertua eta kupoa?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu