Zorpetuta egotera ohitu da mundua. Mundu osoko sendiek, enpresek, bankuek eta gobernuek 325 bilioi dolarren zorrak dituzte, IIF Nazioarteko Finantzen Institutuaren arabera; hau da, hiru urtez sortzen den aberastasun guztia beharko litzateke zor hori kitatzeko —munduko BPG barne produktu gordinaren %311—, interes tasak aintzat hartu gabe noski. Gobernuak ere ohitu egin dira. Alor pribatuko hiru sektoreak baino zorpetuago daude administrazio publikoak, batik bat herrialde industrializatuetan —BPGaren %107—. Inflazioa handia den honetan, ba al da kezkarako arrazoirik?
Ikusi gehiago
Azken hilabeteetan alarma hotsak entzun dira nazioartean. Ez dira falta mundua amildegiaren ertzean dagoela dioten hondamendi iragarleak. Beste askok ohartarazi dute zor merkatuetan tentsioa areagotzen ari dela, eta inbertitzaileen mesfidantza zor tituluen garestitzean antzematen dela. Berez, IIFren beraren arabera, egun herrialde industrializatuek ia hiru bilioi euro baliatzen dituzte urtero soilik zorraren interes tasak pagatzeko.
Pentsa, faktura hain da handia, ezen adimen artifizialean (2,3 bilioi euro), defentsan (2,8 bilioi) eta energia berriztagarrietan (2,1 bilioi) egiten den inbertsioa baino handiagoa baita. Erronka handi horiek direla eta, munduko gobernu nagusiek maniobrarako tarte txikia dute, eta, horregatik, kezka orokorra da.
Zenbatekoa da zor publikoa oro har?
Nazioarteko Diru Funtsak apirilean argitaratutako txosten fiskalaren arabera, munduko herrialdeen zor publikoa barne produktu gordinaren %95era ailegatu zen iaz; herrialde garatuek, berriz, %110ekoa dute batez beste. Argazki orokor horren barruan, askotariko kasuak daude. Oro har zorraren ehunekoak handiak badira ere, badaude salbuespenak. Ukraina inbaditzeagatik zigor ekonomikoak ezarri dizkiote Errusiari, baina BPGaren %19ko zorra baino ez du, eta beste petrolio ekoizleek, berriz, %56koa batez beste. Beste muturrean Japonia dago, %206ko zor publikoa baitu.
Zertan da eurogunea?
Nahiz eta euroaren eremuko 21 estatuek BPGaren %87 zor duten batez beste, diferentzia handiak daude herrialde batetik bestera, mundu zabalean gertatzen den bezala. Horrek are konplexuago bihurtzen du egoera. Kasurako, oraindik ere Greziak du zor publikorik handienetakoa, baina azken hamarkadan BPGaren 46 puntu murriztu du: %183tik %137ra. Italiak aurten kenduko dio lehen postua (%138). Frantziako zor publikoa aurten %118ra iristea espero da, eta Espainiak bere ekonomia besteko zorra su sektore publikoan, pandemiaz geroztik hemeretzi puntu murriztu badu ere. Herrialde nagusien artean, Alemaniak du zor publikorik apalena (%65).
Zeren ondorio da egoera?
Askotariko arrazoiak daude. AEBei eta Txinari dagokienez, bakoitzaren berezko dinamikek eragiten dute. Dena den, neurri handi batean, egungo zor publiko handia atzoko finantza krisiaren emaitza da. Izan ere, gobernuek higiezinen burbuilaren leherketari eta bankuen erreskateari aurre egiteko ezarritako neurrien ondorioz handitu ziren gobernuen finantzaketa beharrak. Era berean, hamar urte geroago, pandemiari emandako erantzun publikoak modua eman zuen krisi handi bati izkin egiteko, baina zor publikoa beste koska bat handitu zen. Banku zentralen diru politikak eta hazkunde garaietako finantza publikoak behar bezain azkar ez beheratzeak ezer gertatzen ez den irudipena zabaldu du, eta, nolabait, zor publiko handiak dakartzan arriskuen pertzepzioa arindu.
Zergatik daude zorpetuta AEBak?
Aspalditik dituzte finantza publikoak desorekatuta. Azken hamarkadatako zerga murrizketen eta gastu igoeren ondorioz, defizit handiak pilatu dituzte urtero, «bake garaian aurretik inoiz egin ez duten bezala», NDFren arabera. Donald Trump ez da gai izan hori gerarazteko, nahiz eta aurreko legealdian zin egin zuen zortzi urteren buruan zorra amaiaraziko zuela. Beste promes askoren moduan, haizeak eraman du hori ere. Hamarkada batean, zor publikoa bi halakotu egin da: hemeretzi bilioi dolarrekoa zen lehen, eta berrogei bilioikoa orain. Dolarraren nagusitasunak eta AEBetako ekonomiaren sendotasunak segurtasuna ematen die zor merkatuei. Dena den, zorra handia izateak eta interes tasen igoerak alarma batzuk piztu ditu berriki.Â
Zer egoera du Txinak?
Munduko esportatzaile nagusia izanik, Txinak aurreztailearen ospea irabazi du urteotan merkataritza superabitaren ondorioz, baina ekonomia beti da uste soil bat baino konplexuagoa. Txinaren zorra ez da hain handia, baina, harrigarriki, oso azkar handitu da hamar urtean —46 puntu baino gehiago— eta aurten BPGaren %106ra iritsiko dela kalkulatu du NDFk. Batetik, higiezinen merkatuaren gainbeheraren ondorioz, zorua salduz lortutako diru sarrerak amildu egin zaizkie probintzietako gobernuei, eta azpiegiturak finantzatzeko eman ohi zituzten kredituak ordaindu ezinik geratu dira. Jendaurrean aitortu gabeko zor hori bere gain hartu du Txinako Gobernuak, eta tokian tokiko gobernuak erreskatatu. Bestetik, industriaren garapen teknologikorako inbertsioak eta biztanleriaren zahartzeak handitu egin du defizit publikoa. Zor publikoa herrialdeko bankuek eta herritarrek finantzatzen dute, eta, atzerriko kapitalak ihes egiteko arriskurik ez badago ere, baliteke finantza sisteman desorekak eragitea.
Zer eragin du inflazioak?
Inflazioaren ondorioz, litekeena da zerga bidezko diru sarrerak —errenta zerga, erregaiaren gainekoak, BEZa— handitzea, eta, hala, zorraren eta BPGaren arteko ratioa apaltzea. Luzarora begira, ordea, kaltea handiagoa da, estatuen gastu publiko nagusiak —pentsioak, soldatak— inflazioari lotuta egon ohi direlako eta interes tasak ere igo egiten direlako, eta horrek, halaber, finantzaketa beharrak handitzen ditu. NDFk gobernuei ohartarazi die energia kostuen garestitzea leuntzeko ezarritako laguntza sozialak neurrian erabiltzeko, arriskua baitago zorra handitzeaz gain kontsumoa sustatu eta inflazioa areagotzeko.
Zenbat igo dira finantzaketa kostuak?
Gobernuek zor merkatuetan jaulkitako zorraren interes tasak zera islatzen du, funtsean: herrialde horrek zenbateko konfiantza ematen dien inbertitzaileei; hau da, zenbat eta tasa apalagoa izan, orduan eta fidagarriagoa izango da herrialde bat. Normalean gobernuen zor bonuak titulu segurutzat ematen badira ere errenta finkoan, zorra handia izateak eta nazioarteko ezegonkortasunak urduritasuna handitu du inbertitzaileen artean, eta hori tasek islatzen dute. Herrialde industrializatuetan, BPGaren %1,5eraino handitu zaizkie finantzaketa kostuak bost urtean. Aintzat hartu behar da, gainera, joan den hamarkadan banku zentralek ezarritako abantailazko neurrien ondorioz, zorra oso merke salerosten zela; aitzitik, zor zahar merke hura ordaindu ahala, jaulkitakoa garestiagoa da, eta horrek are gehiago estutzen du estatuen marjina.Â
Zer esan nahi du horrek?
Euroaren eremuan, esaterako, BPGaren %1,5 kostatzen zaie gobernuei interes tasak ordaintzea: 303.000 milioi euro inguru, alegia. Zenbat eta zor handiagoa, tasen amortizazioa orduan eta garestiagoa da. Italian, Giorgia Meloniren gobernuak 90.000 milioi euro behar ditu orain tasak ordaintzeko. Frantziari ere garesti ateratzen zaio zorraren interesak ordaintzea: 55.000 milioi euro dira urtean, Sebastien Lecornuren gobernuak 2027ko aurrekontu proiektuan proposatutako 42.000 milioi euroko murrizketa baino gehiago, hain zuzen ere. Espainian, berriz, Hezkuntza eta Zientzia ministerioak adina kostatzen da tasak ordaintzea.
Dena den, gobernu guztien artean, AEBetakoari ateratzen zaio garestien. BPGaren %3,3 behar du interesak pagatzeko soilik. Iragan abuztuan, lehen aldiz, urte osoko kostua bilioi bat dolarrerainokoa izan zen —armadan gastatzen duten dirua baino gehiago—. Gainera, duela sei urtekoa halako hiru da orain.
Maniobratzeko zer tarte dute gobernuek?
Zenbat eta zor handiagoa, orduan eta estuagoa. Dena den, herrialde bakoitzak bere estrategia du. Adibidez, Erresuma Batuak luzarorako zorra kudeatzen du, eta koltxoi handiagoa du: zor publikoak hamalau urte irauten du, neurri handi batean pentsio funtsek eta aseguru etxeek nahiago dituztelako luzarorako zor tituluak. Frantziak eta Espainiak ere iraupen luzeko zor titulu ugari dituzte, eta batez beste zortzi urtean berritzen dute zor osoa. Alemaniak ez du hain zor handia, eta, likidezia nahiago duenez, haren zorrak batez beste zazpi urte irauten du. AEBek, berriz, motzera jokatzen dute gehiago, eta haien zor erraldoia, harrigarriki, sei urtekoa da batez beste.
Zer bilakaera izango du zorrak?
Berez, tituluen gestio estrategia baino garrantzitsuagoa da nola kudeatzen diren finantza publikoak. Herrialde batzuk apurka kontuak orekatzen ari badira ere —defizita murriztea edo diru soberakinak izatea lortu dute—, beste batzuek bere hartan eutsi diote defizitari, edo areagotu egin dute. NDFk bost urterako proiekzioa egin du. Zorra murriztuko dutenen artean daude Japonia (13 puntu); Grezia (35 puntu) eta Espainia (hamar puntu); aldiz, baliteke Txinan %126ra iristea eta AEBetan %142ra.