0-3 eskoletako hezitzaileek iragarri dute grebara joko dutela, Nafarroako Gobernuak beren aldarrikapenei jaramonik egiten ez badie

Laugarrenez, lanuzteak egin dituzte Nafarroako Gobernuaren menpeko haur eskoletan, lan baldintza hobeak aldarrikatzeko. Lanuzteen jarraipena %90 eta %95 artekoa izan dela adierazi dute LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek.

0-3 zikloko haur eskoletako langileen protesta bat, iaz, Nafarroako Parlamentuaren parean. IÑIGO URIZ / FOKU
0-3 zikloko haur eskoletako langileen protesta bat, iaz, Nafarroako Parlamentuaren parean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2026ko azaroaren 17a
13:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lan gatazkak ez du etenik Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren menpeko haur eskoletan. Gaur, laugarrenez, lanuzte partzialak egin dituzte 0-3 zikloko haur eskola publikoetan, baina protesta koska bat harago eramateko prest dira langileak: Hezkuntzako mahai sektorialean gehiengoa duten sindikatuek iragarri dutenez, «grebara» jo dezakete aurki, Nafarroako Gobernuaren jokabidea aldatzen ez bada.

«Funtzio Publikoko eta Hezkuntzako departamentuek ez dute negoziatu nahi. Elkarrizketarako borondaterik ez dagoenez, langileek lanuzte egunekin jarraitzen dute, eta grebara joko dute beren aldarrikapenei erantzunik ematen ez bazaie», adierazi dute LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek, ohar batean.

Gaurkoa laugarren lanuztea izan dute haur eskole publikoetan, eta sindikatuek «oso positibotzat» jo dute mobilizazioak izan duen erantzuna: langile guztien %90 eta %95 artekoa. «Kopuru horrek erakusten du kolektibo baten batasuna eta konpromisoa, premiazko konponbideak behar dituen egoera baten aurrean isilik ez jarraitzea erabaki baitu».

«Gimenok ez daki zer dioen»

Bestalde, Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenoren jokabidea txarretsi dute: «Edo ez daki zer dioen edo nahita ari da gezurretan». Sindikatuen iritziz, Hezkuntza Departamentuak ez dio sektoreari benetako hobekuntzarik ekarri: «Aitzitik, zereginak eta erantzukizunak pilatzen ari dira, lan karga gero eta handiagoa da, eta lan baldintzek ez dute hobera egin». Soldatetan ere ez dituzte sumatu kontseilariak iragarritako hobekuntzak: «Aipatu zizkigun soldata igoera ez da egiazkoa, langileen nominetan ez baita aldaketarik izan».

Promesez eta hitzaldiez harago, urratsak galdegin dituzte: «Egitateak, baliabideak eta benetako konpromisoak behar ditugu. Haur hezkuntzak ezin dio eutsi profesionalen bokazioari eta ahaleginari esker soilik». Izan ere, hezkuntzako sindikatuen irudiko, hobekuntza horiek ez dira soilik izanen langileen mesedetan, «zerbitzuaren eta hezkuntza kalitatearen mesedetan» ere izanen dira.

Hori lortzeko bidean, mobilizazioei eutsiko diete hezitzaileek: «Astearteroko lanuzteek segida izanen dute, eta erantzunik ez badago, mobilizazioen intentsitatea areagotuko da. Langileek ahotsa altxatzen eta borrokan jarraituko dute».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA