Berria Taldea

'Aldi hau sormenez kontatzeko', tximistak itzalean utzi zuena argitara

BERRIAren ikus-entzunezkoen taldeak sarean jarri du urteurreneko ekitaldian Tabakaleran erori zen tximistak eragotzi zuen lana.

Ibil Bedi taldean oholtzan zegoenean erori zen tximista. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
jon ordonez garmendia
2023ko ekainaren 19a
15:48
Entzun

Tximista bat, sormena ardatz duen ikuskizun batean. Gidoiaren parte da? Edo ezusteko gonbidatua? Ba, ez bat, eta ez bestea. Ez zegoen gidoian, eta inork ez zuen gonbidatu. Baina tximista erori zen, erori zenez, larunbatean BERRIAk 20. urteurrena ospatzeko Donostiako Tabakaleran egin zuen ekitaldian. Eta, ondorioz, han elkartu ziren seiehun ikusleek ezin izan zuten gozatu ikuskizuna osatzen zuten pieza batzuez.

Ikusi gehiago:Izan BERRIAlaguna

Sorland etxeak diseinatu zuen ekitaldia, eta Edurne Azkaratek zuzendu zuen. Energia berezia sortu zen Tabakalerako aretoan, eta Ibil Bedi taldea oholtzan zegoela erori zen tximista, ekitaldiaren ekuatorean. Ibil Bediren ostean zen ematekoa BERRIAren ikus-entzunezkoen taldea Antton Olariaga eta Patxi Huarte Zaldieroa marrazkilarien atala, Aldi hau sormenez kontatzeko izenekoa, hain zuzen.

Eta sormena bai, baina kontatu gabe geratu zen atala. «Aldi hau kontatzeko asmoa du BERRIAk. Aldi hau modu askotan kontatzeko. Aldi hau sormenez kontatzeko: Antton Olariaga, Patxi Huarte, Ane Labaka eta Nerea Ibarzabal», zuen gidoian esateko Azkaratek. Baina horren ordez, hau esan zuen: «Tximista bat erori da antenan». Eta kontatu behar zutenek zalantza izan zuten: gidoiaren parte da? Edo ezusteko gonbidatua?

Ikusi gehiago:Argazki bilduma

Azkaratek eta Ibil Bedik usoek hegan bezala inprobisatu zuten oholtzan: azkar eta ondo. Eta BERRIAren ikus-entzunezkoen taldeak sarean jarri du gaur ekitaldian tximistaren itzalean geratu zena. Olariagak eta Zaldieroak nork bere estiloan marraztu eta margotu zuten. Sormena, energia, BERRIA berria... Txispa ez zen falta.

Ekaitz betean ernatu zen BERRIA, eta tximista ez zen falta izan urteurreneko festan. Zaldieroaren marrazkian, sormenez hitzean adarrak eta hostoak ernatzen dira, «kontatzeko BERRIA berria». BERRIA, Olariagak margotzen duen moduan, Euskaldunon Egunkaria-ren bereizgarri zen E hizkia bere eginda.

Ikusi gehiago:Amagoia Mujika Tolaretxipi eta Martxelo Otamendi Egiguren: «Kazetaritza egitea: hori da gure funtzioa»

Pieza horrez gain, beste bat ere geratu zen eman gabe Tabakalerako ekitaldian. «Zer da BERRIA?», galdetu, eta segidan, hiztegiarekin jolastuz, etorkizuneko erronkak zerrendatzen dituzte: «Hogei urte badira batzuk, baina, freskoak izateko saiakeran, azalberritu ez ezik, mamiberritu ere egin gara». Hona Tabakaleran ikusi ez zen bigarren pieza.

Tximista erori aurretik, BERRIAren balioei buruzko pieza eman zen. BERRIA sortu zenean izan ziren gertaera nagusiak laburbiltzen ditu bideo horretan Otamendik, eta jarraian, BERRIAko kazetari gazteenei erantzunez, BERRIAren balioak zeintzuk diren azaltzen die, eta norabidea azpimarratu: «Gertatzen denaren gakoak ematen jarraituko dugu. Alegia, mundua euskaratik eta Euskal Herritik ulertzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.