bateragune auzia

'Bateragune auziko' defentsak epaiaren baliogabetzea baino ez du aurreikusten aukera gisa

Gorenaren 2012ko sententziaren berraztertze helegitea aurkeztu du Iñigo Iruinek, eta dio Europaren ebazpenak bete beharrekoak direla. Gorenak ez du epe zehatz bat erabakiaren berri emateko. Epaia baliorik gabe utziz geroz, auzipetuen aurkako neurri guztiak bertan behera geratuko lirateke; egun, Arnaldo Otegiren inhabilitazioa soilik dago indarrean.

Arnaldo Otegi, iazko azaroaren 6an, Bruselan, Europako Parlamentuan, Estrasburgoko epaia jakin zenean. EFE
enekoitz esnaola
2019ko azaroaren 29a
18:12
Entzun

Bateragune auziko defentsak Espainiako Auzitegi Gorenaren sententziaren baliogabetzea baino ez du aurreikusten aukera modura, gaur Gorenean bertan 2012ko zigor epaiaren berraztertze helegitea aurkeztu ostean. Auzitegi horrek orain aste batzuk eman zion berraztertze helegitea aurkezteko baimena defentsari, Europak duela urtebete Auzitegi Nazionalaren epaiketa (2011) justua ez zela izan deliberatu, ebazpen hori aurtengo otsailean irmo geratu eta abokatuek errekurtsoa sartzeko eskatu ondoren. Gorenak orain fiskaltzari igorriko dio helegitea, eta ondoren erabaki egingo du. Erabakiaren berri emateko ez dauka epe jakin bat, baina defentsak uste du berez azkar egin daitekeela. 

Iñigo Iruin abokatuak aurkeztu du helegitea, eta zehazki eskatu du Gorenak 2012ko maiatzaren 7an emandako sententzia baliogabetzeko; ez da hasi auziko argudio juridikoak-eta berriro azaltzen, ez delako halakorik egokitzen. Azaldu du jurisprudentziak dioela Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren ebazpenak bete beharrekoak direla, eta iritzi dio hori gertatuko dela orain ere. Epaia baliorik gabe geratuko balitz, han auzipetuen aurka ezarritako neurri guztiak bertan behera geldituko lirateke. Orain indarrean dagoen neurri bakarra Arnaldo Otegiren inhabilitazioa da: 2021eko otsailera artekoa du. Iruinek Gorenean aurkeztutako idatzian haren kasua nabarmendu du, kaltetuta segitzen duelako.

Euskal gatazkari lotuta, aurrekari bat dago: Atutxa auzikoa. Europak 2017an ebatzi zuen auzipetuen eskubideak urratu egin zirela epaiketan, eta Gorenak berriki baliogabe utzi du haien inhabilitazio zigorra. Juan Maria Atutxa Eusko Legebiltzarreko Mahaiko presidente ohia eta Kontxi Bilbao eta Gorka Knörr mahaiko kide izandakoak zigortu zituen Madrilek, 2008an, Sozialista Abertzaleak legebiltzarkide taldea ez desegiteagatik —aginte judizialari desobeditzea egotzita inhabilitatu zituzten—. 

Kartzela zigorrak, beteta

Espainiako Poliziak 2009ko urriaren 13an egin zuen Bateragune auziko operazioa, Baltasar Garzon Auzitegi Nazonaleko epaileak aginduta. 2011n izan zen epaiketa, baita zigor epaia ere. ETAren esanetara aritzea eta Mahai Nazionala berreraikitzeko saiakera egitea egotzi zen Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaleta ezker abertzaleko kideei. 2012an epaia berretsi zuen Gorenak, kartzela urteak pixka bat jaitsita —inhabilitazioak ez—. Konstituzionalak 2014an Gorenaren erabakia berretsi zuen. Iazko azaroaren 6an, ordea, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak zioen epaimahaia ez zela inpartziala izan, Europako Konbentzioko 6.1 artikulua urratu zuela esanda.

Gorenak pasa den urriaren 24ko autoan zioen giza eskubideak eta askatasunak urratzean, eta kalteek irauten badute, Europaren epaia badela nahikoa arrazoi badela Espainiako Estatuko sententzia irmo baten berraztertze helegitearen sarrera baimentzeko, Prozedura Kriminaleko Espainiako Legearen 954. artikuluaren arabera. Manuel Marchena, Julian Sanchez Melgar eta Susana Polo Garcia magistratuek sinatu zuten urriko autoa.

Auziko bost zigortuek denera ia 31 urte egin zituzten preso: seina urte Jacintok, Rodriguezek eta Zabaletak, eta Otegik eta Diezek bakoitzak kasik sei urte eta erdi. Jardun publikorako inhabilitazio zigorrak ere jaso zituzten, eta Otegiri baino ez zaio falta betetzeko. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2020ko irailean lirateke, epeak betez gero. 2016koetan EH Bilduk hautagai aurkeztu zuen Otegi, baina ezin izan zuen aurkeztu, inhabilitazioagatik. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.