15 eta 17 urte arteko mutilen %42k uste dute berdintasun politikak «urrunegi» heldu direla

Haurren eta Nerabeen Behatokia eta Gazteen Behatokia bateratu ditu Eusko Jaurlaritzak. Txosten bat argitaratu dute 25 urtean nerabeei egindako inkestak alderatu eta eguneratzeko.

Adrian Lopez, Xabier Legarreta eta Gorka Oraa Haurren, Nerabeen eta Gazteen Behatokiaren aurkezpenean, gaur goizean Bilbon. EUSKO JAURLARITZA
Adrian Lopez, Xabier Legarreta eta Gorka Oraa Haurren, Nerabeen eta Gazteen Behatokiaren aurkezpenean, gaur goizean Bilbon. EUSKO JAURLARITZA
June Montero
Bilbo
2026ko martxoaren 9a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Generoari lotutako erantzunak nabarmentzen dira inkestetan. Eusko Jaurlaritzak gaur argitaratutako ikerketaren arabera, 15 eta 17 urte arteko hiru neskatik bi beldur dira gauez bakarrik ibiltzeko; eta adin tarte bereko mutilen %14,6k uste dute indarkeria matxista «asmakizun ideologiko» bat dela. Orain artean bereizita egon dira Haurren eta Nerabeen Behatokia eta Gazteen Behatokia, baina erakunde bakarrean batu ditu orain Jaurlaritzak, eta erabaki hori iragartzeko prentsaurrekoan eman dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako nerabeei buruzko datuak. Nerabeak Euskadin. Egoeraren pertzepzioak eta balioak txostena da, hain zuzen ere, Behatokiak aurrerantzean egingo duen lanaren erakuslea, Xabier Legarreta Gazteriako eta Erronka Demografikoko sailburuordearen arabera. 

«Haurren, nerabeen eta gazteen errealitatea gero eta konplexuagoa eta aldakorragoa da, eta haien bizitzak ez daude garaitan zatituta, haurtzaroa, nerabezaroa eta gaztaroa jarraituak baitira; beraz, erantzun integral bat behar dute». Legarretak azaldu duenez, horiek dira bi erakundeak bateratzeko arrazoi nagusiak. Behatoki berriak haurren, nerabeen eta gazteen beharrei erantzun «sendoagoa, koherenteagoa eta eraginkorragoa» emango diela nabarmendu du. Helburua «argia» da sailburuordearen aburuz: «Datuak ezagutza bihurtzea, eta ezagutza hori, berriz, ongizatea hobetuko duten politika publiko».

Datu apalena

Bide horretako lehen urratsa da gaur argitaratu duten txostena. 15 eta 17 urte arteko nerabeek zenbait gairen inguruan duten ikuspuntua biltzen du; besteak beste, sare sozialei, emakumeen eta gizonen berdintasunari, eta beren bizitzaren inguruan duten gogobetetzeari buruzkoa. Baina datuak ez dira soilik gaur egungoak. 2000tik 2025era egindako inkestak biltzen ditu ikerketak, belaunaldi bakoitzaren joerak eta aldaketak identifikatzeko. 

Orokorrean, azken datuen arabera, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako gaztetxoek iritzi positiboa dute euren egoeraren inguruan —balorazioen batezbestekoa 10etik 7,7koa da—. Gainera, gehienek (%61,2) uste dute beren gurasoak nerabe zirenean baino hobeto bizi direla. Alabaina, datu hori 2008tik Behatokiak jaso duen apalena da. 2017an, adibidez, %80,8k uste zuten gurasoak nerabe zirenean baino hobeto bizi zirela. Legarretaren arabera, nerabeek etorkizunaren irudi «zuhurragoa» dutela adierazten du horrek.

«Haurren, nerabeen eta gazteen errealitatea gero eta konplexuagoa eta aldakorragoa da, eta haien bizitzak ez daude garaitan zatituta, haurtzaroa, nerabezaroa eta gaztaroa jarraituak baitira; beraz, erantzun integral bat behar dute» 

XABIER LEGARRETA Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuordea

Sare sozialen arriskuen jakitun ere badira. 15 eta 17 urte arteko nerabe gehienek uste dute sare sozialek harremanak okertzen dituztela, azalekoak diren loturak sortzen dituztela eta bakardadea areagotzen dutela. Gainera, gehienek argi daukate errendimendu akademikoari eta osasun mentalari ere kalte egiten dietela. «Egoerari aurre egiteko gakoa ez da sare sozialak debekatzea, nerabeak laguntzea eta hezkuntza digitala ematea baizik», nabarmendu du Legarretak.

«Balio argiak eta kontzientzia sozial handia duten nerabeak ditugu». Hitzok eskaini dizkie sailburuordeak gaztetxoei. Izan ere, eskubide zibilen aldeko jarrera nabarmena dutela azaleratzen du txostenak. Hein handi batean, sexu berekoen arteko ezkontzaren, eutanasiaren eta abortuaren aldekoak dira. Bestalde, klima aldaketaren kontrako neurri sendoagoak hartu behar direla uste dute inkesta egin dutenen %89,9k. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA