Uztail hondarrean behin betiko onespena eman zion Frantziako Asanbleak 15 urtetik beherakoei sare sozialetan sartzea galaraziko zien legeari. Kontseilu Konstituzionalak, ordea, besterik erabaki du: debekuaren kontra agertu da gaur, «adierazpen eta komunikazio askatasunari neurriz kanpo» eragiten diolakoan. Emmanuel Macron presidenteak lege testuaren berrikustea galdegina dio Sebastien Lecornu Lehen ministroari, 2027ko bedatserako aurkezteko.
Frantziako Asanbleak aurtengo urtarrilean bozkatu zuen lehen aldiz legearen alde, eta Senatuak ondotik, apirilean. Prozedura azkarra aplikatu nahi zion Parisek, lehenbailehen indarrean sar zedin, baina helburuak baraxtu ditu Kontseilu Konstituzionalak. Berez, legea bi epetan ezartzekoa zuten indarrean: aurtengo irailerako sare sozialetako kontu bat irekitzea galarazi nahi zieten ttipienei, eta 2027 hasierarako erabiltzaile guzien adina egiaztatzeko sistema eraginkor bat martxan jarri.
Azkenean, auzitegiak ebatzi du 1789ko Giza Eskubideen Adierazpenak trenkatzen duen adierazpen eta komunikazio askatasuna ez duela errespetatzen lege testuak. Azpimarratu dute askatasun neurri hori «ezin garrantzitsuagoa dela demokraziaren baldintza den heinean», eta egiten zaizkion makurrek «beharrezkoak, egokituak eta heinekoak» izan behar dutela.
Macronek berak bultzatu zuen neurria, haurrak eta nerabeak «pantailetatik babesteko» asmoz, eta, bereziki, sarean diren «eduki kaltegarri batzuetatik». Sare sozialetan sartzekoa ez ezik, ikastetxean sakelako telefonoak erabiltzeko debekua ere sartua zuten lege proposamenean. «Gure haurren burumuina ez dago salgai, ezta menperagai ere», adierazi zuen Anne Le Henanffek, adimen artifizialaren eta arlo digitalaren ardura duen ministroak. Haren hitzetan, «zinezko urgentzia da nerabeen osasun mentala zaintzea».
Baimen bereziak eskasean
Gazteen ongizatea zaintzeko beharra ez du zalantzan eman Konstituzio Auzitegiko epaileak. Are, argiki adierazi du «haurren interes gorenaren defentsa» eta «ordena publikoaren urraketari begirako prebentzioa» arrazoi nahikoak direla sare sozialetarako sarbidea mugatzeko. Halere, ebatzi du legea murrizgarriegia izanen zela.
Nagusiki, baimen berezien eskasia azpimarratu du: erraterako, lege testuak entziklopedia parte hartzaileetarako, kode irekia duten webguneetarako eta eskola edo unibertsitate gaiak lantzen dituzten webguneetarako sarbide bereziak baizik ez zituen aurreikusten. Lege testua berrikusten badute, beraz, baimen berezi gehiago eta askotarikoagoak sartuko dizkiote, segur aski.
Baimen horien bakantasunaz gain, legeak bizi pribatuaren errespetuari kalte egin ziezaiokeela ebatzi du Auzitegiko epaile nagusiak. Hain zuzen ere, adina frogatu ahal izateko nork bere nortasuna zehaztu beharko zuen plataformetan, eta, edozein izanik ere pertsonaren adina, bakoitzaren legezko adina segurtatzea izanen zen erronka.
Azkenik, Auzitegiak erran du aurreikusitako debeku orokorrak ez zuela inolaz ere kontuan hartuko haurren egoera pertsonala, ezta adingabe bakoitzari sare sozialek ekar lekiokeen arriskua, familia egoeraren arabera.
Joan den apirilean, jadanik, senatariek ez zuten osoki egin gobernuak proposatutakoaren alde. Diputatuek urtarrilean bozkaturiko lege proposamenean, debeku zabala aurreikusten zuten; horrela, «heldutasun digitala» ezarriko zuten lehen herrien artean izanen zen Frantzia. Haatik, ñabardura bat gehitu zion Senatuak lege testuari, plataformak bi motatan bereizirik, ekar lezaketen lanjeraren arabera: alde batetik, plataformarik lanjerosenak ezarri zituzten, ongizateari eragin diezaioketenaren arabera sailkatuak, eta, bestetik, librekiago erabilgarriak geratuko liratekeenak, guraso baten baimenarekin, dena den.
Funtsean, legea aztertzen hasi zirenetik zalantzan ezarri zen halako neurri baten legezkotasuna. Europako Batasunean aitzindaria izanen zen Frantzia, baina Australiak ireki zuen bidea, iazko abenduan: harrezkeroztik, indarrean da 16 urtetik beherakoentzat sare sozialak erabiltzeko debekua. Gerora, ekainean, Erresuma Batuak ere erabaki zuen debekua ezartzea.