Erresuma Batuak ere sare sozialak erabiltzeko debekua ezarriko die adingabeei; Keir Starmer lehen ministroak adierazi duenez, 16 urtetik beherakoei, hain justu. «Erabaki zuzena da. Guraso gehienek atseginez hartuko dute», nabarmendu du, Downing Streeteko 10. zenbakian egindako agerraldi batean.
Neurriak, printzipioz, sare sozial hauei eragingo die: Discord, Facebook, Instagram, Reddit, Snapchat, Threads, Tiktok, Youtube eta X-ri. Australia izan zen gisa horretako neurri bat hartu zuen lehen herrialdea, iazko abenduan, eta sare sozial horiek erabiltzeko debekua ezarri zien 16 urtetik beherakoei. Gobernuak exijituko die enpresa horiei neurriak har ditzatela erabiltzaileen adina egiaztatzeko mekanismoak ezartze aldera. Starmerrek badaki, agerraldian esan duenez, egongo direla debekua saihesteko modua topatuko duten 16 urtetik beherako pertsonak, baina, halere, proposamenak «merezi» duela.
Starmerren helburua da debekua datorren urteko udaberrian sartzea indarrean, eta, horretarako, gobernu laboristak egindako proposamena onartu beharra dauka Komunen Ganberak. Eta aurrera aterako dute, Alderdi Laboristak gehiengoa baitauka ganbera horretan. Adingabeek sare sozialak nola erabiltzen dituzten jakiteko gobernuak berak hauspotutako kontsulta bat bukatu eta hilabete batzuetara iragarri du proposamena Starmerrek. Gurasoen %90ek erantzun zuten ontzat jotzen zutela hamasei urtetik beherakoei sare sozialetarako sarbidea debekatzea, iritzita arriskuak onurak baino handiagoak direla.

«Aita gisa, badakit denok nahi dugula gure seme-alabak modu seguru batean pozik haztea. Gauzak ez dabiltza ondo. Herritarrek arrazoi osoaz espero dute guk neurriak hartzea, eta gobernu honek beste edozeren aurretik jarriko ditu beti gurasoak eta adingabeak», azaldu du lehen ministroak. Kontuan hartu behar da duela hilabete pasa kinka larrian egon zela Starmer, Alderdi Laboristak danbatekoa hartu baitzuen udal hauteskundeetan.
Australian abenduan sartu zen indarrean debekua. Geroztik, beste hainbat herrialdetan ere debekua ezartzekoak dira. Leku batzuetan, parlamentuetan dago proposamena —Frantzian eta Danimarkan, esaterako; bi horietan 15 urtetik beherakoei debekatu asmo diete sarbidea—; Espainiako Gobernuak otsailean jakinarazi zuen 16 urtetik beherakoei debekatuko diela sare sozialak erabiltzea, eta laster da neurria Kongresura eramatekoa. Alemaniako Gobernua horri buruz eztabaidatzen ari da, eta Grezian iragarria dute jada debekuak 15 urtetik beherakoei eragingo diela 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera.