Frantziako Asanbleak onetsi egin du 15 urtetik beherakoei sare sozialak galarazteko legea

Ikasturtea hasten denerako debekua indarrean nahi du Frantziako Gobernuko presidente Emmanuel Macronek. Espainiako Gobernuak ere adierazia du debekua ezartzeko asmoa, eta horretarako legea lantzen ari dira.

Gazte batzuk eskuko telefonoekin, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Gazte batzuk eskuko telefonoekin, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
arantxa iraola
2026ko uztailaren 21a
20:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Behin betiko onespena eman dio gaur Frantziako Asanbleak 15 urtetik beherakoei sare sozialetan sartzea galaraziko dien legeari. Frantziako Gobernuak irmo defendatu du aldaketa, eta berandu baino lehen indarrean nahi du: Frantziako Gobernuko presidente Emmanuel Macronek esana du ezarrita nahi dutela haur eta nerabeek ikasturtea hasterako. Aditzera eman dutenez, ororen buruan gaztetxoenen buru osasunaren inguruko kezkak bultzatu ditu lege horren alde egitera. Parlamentuaren bi ganberetan babes zabala lortu du. Asanbleako azken bozketan, aldeko 279 boto jaso ditu testuak, eta kontrako 81. Espainiako Gobernuak ere adierazia du tankerako araubide bat ezartzeko asmoa, eta, aurrera egiten badu, aurki Euskal Herri osoko haur eta nerabeek izango dute legez galarazia sare sozialetara sartzea. 

Frantziako Asanbleak otsailean aztertu zuen lehenengoz debekua ezartzeko lege proiektua, eta Senatuan ere eztabaidatu zen ondoren. Prozedura azkarra aplikatu nahi izan zion Parisek hasieratik, lehenbailehen indarrean sartzeko. Bi helburu nagusi jarri zituzten mahai gainean hasieratik: haurrak eta nerabeak «pantailetatik babestea»; bereziki, sarean diren «eduki kaltegarri batzuetatik». 

Debekua irailaren 1ean indarrean nahi badute ere, ez da egun batetik bestera ezarriko. Sare sozialetan kontu berriak sortzea galaraziko da aurrena. Jada sortuta dauden kontuak, ordea, ez dira egun batetik bestera desagertuko; lau hilabeteko trantsizioa ezarri dute, 2027a hastearekin batera has dadin erabateko galarazpena. Legean, eskuko telefonoen erabilerari buruzko araubideak ere badira, besteak beste ikastetxeetan gailu horiek galarazteko. 

Aurrea hartuta

EB Europako Batasunean aitzindaria da Frantzia. Baina ez da tankerako lehen erabakia. Australiak ireki zuen bidea. Iazko abendutik, indarrean da 16 urtetik beherakoentzat sare sozialak erabiltzeko debekua. Atzetik, lehengo hilean, Erresuma Batuak erabaki zuen debekua ezartzea. «Erabaki zuzena da. Guraso gehienek atseginez hartuko dute», nabarmendu zuen orduan Keir Starmer lehen ministroak. Azaldu zuenez, gobernuak exijituko die sare sozialak kudeatzen dituzten enpresei neurriak har ditzatela erabiltzaileen adina egiaztatzeko mekanismoak ezartzeko. Starmerrek berak neurriaren berri emateko agerraldian onartu zuen egongo direla debekua saihesteko modua topatuko duten adingabeak, baina, halere, proposamenak «merezi» duela. 2027ko hasierarako nahi dute Erresuma Batuan ere debekua indarrean.

Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek, bestalde, otsailean jakinarazi zuen debekuaren aldeko urratsak egingo dituztela. 16 urtetik beherako adingabeek sare sozialak ez erabiltzea da haien asmoa. Sanchezek, debekuaren alde egingo zutela jakinarazi zuenean, adierazi zuen plataforma digitalek «porrot» egin dutela: «Legeei ez ikusiarena egiten zaie, eta delituak onartzen dira».

Ingurune Digitaletan Adingabeak Babesteko Legean jaso nahi dituzte galarazpenaren gaineko xehetasunak. Lege hori beharrezkoa dela argudiatze aldera eman dira datu esanguratsuak. Horra horietako bat: pedofiloei atzematen zaien materialaren %72 sare sozialetatik lortutako irudiak dira, izan haurrek eta nerabeek beren profiletan argitaratutakoak, izan gurasoek berek zabaldutakoak. Lege hori onartzeko dago oraindik; tramitatzen ari dira.

Antzeko neurriak eztabaidatzen ari dira Europako beste zenbait herrialdetan ere: Danimarkan, Erresuma Batuan, Grezian, Norvegian eta Portugalen.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA