16 urtetik beherakoei sare sozialak erabiltzea debekatuko diete Hego Euskal Herrian

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri du erabakia. Sare sozialen erabilera arautzeko beste zenbait neurriren berri ere eman du.

Bi nerabe mugikorrekin, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Bi nerabe mugikorrekin, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Julen Otaegi Leonet.
2026ko otsailaren 3a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarritako neurriek aurrera eginez gero, Hego Euskal Herriko 16 urtetik beherako adingabeek ezingo dituzte sare sozialak erabili. Horiek horrela, Euskal Herriko adingabeek ezingo dute konturik izan sare sozialetan: 16 urtetik beherakoek Hego Euskal Herrian, eta 15 urtetik beherakoek Ipar Euskal Herrian, Frantziako Asanbleak joan zen astean ontzat eman baitzuen debekua ezartzeko lege proiektua —Senatuan eztabaidatu behar dute orain—.

Sanchezek agerraldia egin du gaur Dubain, teknologiari eta berrikuntzei buruzko urteroko goi bilera batean, eta adierazi du plataforma digitalek «porrot» egin dutela: «Legeei ez ikusiarena egiten zaie, eta delituak onartzen dira».

Espainiako Gobernua datorren astean onartzekoa da presidenteak gaur aurkeztutako neurriak, lege erreforma bidez: besteak beste, sare sozialetarako sarbidea debekatzea —adina ziurtatzeko sistemak ezarri beharko dituzte—; delitu gisa jasotzea algoritmoen manipulazioa eta legez kanpoko edukiak zabaltzea; eta plataforma digitaletatik legez kanpoko edo gorroto delitu gisa jotako edukiak ezabatu ezean, erantzuleak plataforma horien jabeak izatea.

Sanchezen hitzetan, ez dute «toleratuko ezein hertsatze», eta Espainiako Fiskaltzarekin batera eztabaidatuko dute Grok deituriko X sare sozialaren adimen artifizialaren, Tiktoken eta Metaren arau hausteak nola ikertu. Halaber, «gorroto eta polarizazio aztarnak» atzemateko sistema bat sortuko dute.

Ingurune Digitaletan Adingabeak Babesteko Legeak aurreikusten du dagoeneko 16 urtetik beherakoei sare sozialetarako sarbidea debekatzea; lege hori Espainiako Kongresuan tramitatzen ari dira orain. Sharenting-a edo gurasoek seme-alaben irudiak eta bideoak sare sozialetan zabaltzea arautzeko lege proiektuak, berriz, lehen urratsak baino ez ditu egin.

Azkenaldian antzeko neurriak eztabaidatzen ari dira Europako zenbait herrialdetan ere: Danimarkan, Erresuma Batuan, Grezian, Norvegian eta Portugalen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.