Osakidetzako Hiesaren eta STIen Planaren koordinatzailea

Oskar Aierdi: «2019tik hona, bi halakotu egin dira sexu harremanen bidez transmititzen diren infekzioak»

Aierdik dio beharrezkoa dela sexu harremanak izateak ekar ditzakeen ondorio larriez hitz egitea. Nabarmendu duenez, gaixotasuna duen norbaitek bizi kalitate ona izateko, «funtsezkoa» da goiz diagnostikatzea, tratamendu egokia jartzeko.

Oskar Aierdi, Osakidetzako Hiesaren eta STIen Planaren koordinatzailea. MAIALEN ANDRES / FOKU
Oskar Aierdi, Osakidetzako Hiesaren eta STIen Planaren koordinatzailea. MAIALEN ANDRES / FOKU
Estibaliz Navarro Argaz
2025eko uztailaren 29a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

STI sexu harremanen bidez transmititzen diren infekzioak ugaritu egin dira azken urteotan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horrek kezka eragin die osasun arloko profesionalei. Oskar Aierdi (Villabona, Gipuzkoa, 1987) Osakidetzako Hiesaren eta STIen Planaren koordinatzaileak azaldu duenez, nahiz eta tratamendu eraginkorrak dauden, GIBa ez da desagertu, eta bestelako infekzio asko ere nabarmen ugaritu dira. Aierdik argi du: prebentzioa, hezkuntza eta diagnostiko goiztiarra funtsezko tresnak dira egoerari aurre egiteko. Beharrezkotzat jotzen du sexualitateaz eta sexu harremanen bidez transmititutako infekzioez modu irekian hitz egitea, estigma gainditu eta gizarte osasuntsuagoa eraikitzeko.

Zer diozu STIen gorakada dela eta? 

2019tik hona, bi halakotu egin dira STIak. Klamidiari eta gonorreari dagokienez, lehen %33 zeuden kutsatuta, eta orain %84; lehen baino bi aldiz jende gehiago. Sifilisari dagokionez, azken bi urteetan gorakada nabarmena izan da, %12tik %22ra. Testuinguru soziala aztertuz gero, hainbat faktorek eragiten dute: zientziaren eta medikuntzaren aurrerapenak, txertoak, eta GIB Giza Immunoeskasiaren Birusa tratatzeko botiken hobekuntzak. Jendeak konfiantza du tratamenduetan, eta ez da hainbeste arduratzen STIez eta GIBaz. Gainera, aukera dago gero eta proba gehiago egiteko. Horri guztiari gehitu behar zaio gaur egun sexualitatea beste modu batean bizi dugula. Aniztasunak sexualitatea ulertzeko beste modu bat dakar, eta horrek ere eragina du. Baita sare sozialek eta aplikazioek ere. Eta, noski, drogek eta alkoholak ere eragiten dute.

Belaunaldien arteko aldea nabarmena da? 

Zientziak ematen dizkigun abantailak oso onak dira, baina ondorio bat dakarte: gizarteak konfiantza handia du tratamenduetan. Hiesa, adibidez, asko murriztu da. GIBa zabaltzen hasi zenean, asko hiesa izatera ailegatzen ziren, eta larri bizi ziren. Gaur egun, zientzian egin diren aurrerapenei esker, GIBa duenak bizi kalitate ona dauka, eta oso gutxi iristen dira GIBa garatu eta hiesa izatera.  

«Sexu bidez transmititzen diren infekzioak gure inguruan daude, eta ezin dugu errealitatea ahaztu sexu harremanak izaten ditugunean; gogoan izan behar dugu, eta arduraz jokatu»

Preserbatiboaren erabilera murriztu egin al da?

Arazoa da infekzioei aurre egiteko beste baliabide batzuk azaltzeaz gain haurdunaldia saihesteko beste tresna batzuk azaldu direla. Pilula antikontzeptiboen erabilera, esaterako, oso ohikoa da orain. Lehen, gehienek preserbatiboa gehiago erabiltzen zuten haurdunaldia saihesteko helburuz; orain, beste metodo batzuk daudenez haurdun ez geratzeko, jendeak alde batera utzi ditu preserbatiboak eta ez dio garrantzirik ematen STIak transmititzeko arriskuari.  

Lotsa edo estigma sentitzen da gai horietaz hitz egitean? 

Bai, oraindik lotsa ematen du sexualitateaz eta STIei buruz hitz egiteak, eta estigma dago gai horien inguruan. GIBari dagokionez, estigma eta diskriminazio nabarmena dagoela ikusi dugu. Aurrerapauso asko eman dira, eta tratamendua hartzen dutenek bizi kalitate ona dute. Baina estigma eta diskriminazioa sufritu egiten da oraindik. Garai batean, kutsatzeko beldurra zegoen, eta horrek ekarri du diskriminazioa. Hori atzean utzi behar da; izan ere, tratamendua hartzen duenak ez du birusa transmititzen. Zientziak eta ezagutzak argi baieztatzen dute hori.

STIen inguruko heziketa badago?

Bai. Orain, gainera, Osasun eta Hezkuntza departamentuek nerabeei zuzendutako osasun sexualaren gida bat sortu dute, ikastetxeetan erabiltzeko. Bi dokumentu sortu dituzte: batetik, gazteentzako gida bat, irudi eta guzti, irakurterraza eta erakargarria; eta, bestetik, irakasleei zuzendutakoa. Bertan, gaia nola landu dezaketen azaltzen dute. Ikasleentzako dokumentuan, STIen inguruko azalpenak ez ezik, osasun sexualari, desioari, mugei, pornografiari eta sare sozialei buruzko azalpenak ere badaude. 

Osasun sistema prest dago tratamendu eraginkorrak eskaintzeko eta STIen gorakadari aurre egiteko?

Susmoa baldin badaukazu STIren bat duzula sintomak dituzulako, zauden tokian zaudela, telefonoz dei dezakezu, zure kezka azaldu, eta hitzordua eskatu. Eta, susmoa baldin badaukazu, nahiz eta sintomarik ez izan, norbaitek abisatu dizulako edo kezka daukazulako, telefono horretaraxe deitu dezakezu. Baliabide hori eskura jartzen saiatzen gara probak edo kontsultak egin nahi dituenarentzat.

Askotan esaten da «niri hau ez zait gertatuko». Zer esango zenioke hori pentsatzen duenari? 

Bizitza sexual aktibo bat duen edonori gerta dakioke. Batzuetan ez da arrisku handiko egoerarik behar STI jakin batzuk transmititzeko eta kutsatzeko, eta, askotan, kutsatu duen pertsonak ez daki, eta nahi gabe transmititzen du. Datuetan ikusten dugunaren arabera, geroz eta jende gehiagori gertatzen zaio hori. Pentsatzen genuen gugandik urruti zegoela, baina uste baino gertuago dago: STIak gure inguruan daude, eta ezin dugu errealitatea ahaztu sexu harremanak izaten ditugunean; gogoan izan behar dugu, eta arduraz jokatu. Bizitza sexuala oso garrantzitsua da, bizitzaren parte da, baina, modu osasuntsuago batean bizi behar da. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.