Pentsioez eta soldatez aritu dira alderdi abertzaleak gaur goizeko kanpaina ekitaldietan. EH Bilduk Donostiako Bulebarrean egin du hitzaldia, pentsiodunen mugimenduak astelehenero egiten duten elkarretaratzearen aurretik. EAJk, ostera, Bilbon azaldu ditu proposamenak.
Oihana Etxebarrieta eta Mikel de la Fuente EH Bilduko hautagaiek pentsio publikoen eta duinen defentsa egin dute. Mikel de la Fuente Kongresurako Bizkaiko hautagaiak ohartarazi duenez, eskuina eta eskuin muturra gobernura iristen badira, gaur egungo pentsioen sistema arriskuan egongo da: «Eskuinak proposatzen du erretiratzeko adina atzeratzea, pentsioak murriztea eta sistema pribatuen aldeko politikak bultzatzea». De la Fuenteren esanetan, proposamen horiek gauzatuko balira, «dirua dutenek soilik eduki ahalko dute pentsio duina». Hain justu horren aurkako neurriak proposatu ditu EH Bilduk. Etxebarrieta Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburuak esan du EH Bilduren lehentasuna dela adinekoen eskubideak defendatzea, eta horren adibide da orain arte koalizioaren babesari esker pentsioetan lortu diren hobekuntzak.
Edonola ere, Etxebarrietak argitu du ez direla konformatzen, eta lorpen horiek hobetzeko konpromisoa hartu du. Neurri jakin batzuk jarri dituzte mahai gainean: gutxieneko pentsioak gutxieneko soldataren parekoak izatea, eta alargunen eta kotizaziorik gabekoen pentsioak %15 igotzea. Bi pentsio mota horiek jasotzen dituzten gehienak emakumeak direla aintzat hartuta, horiek handitzeak «milaka emakumerengan» eragin positiboa izango lukeela gogorarazi dute.
Gaur egun pentsioak Espainiaren eskumenekoak direla eta, Etxebarrietak azpimarratu du oso garrantzitsua dela materia eta eskuduntza gehiago izatea pentsioetan eragiteko indar handiagoa izateko.
Pentsio duinen aldeko lana Madrilgo Kongresuan ez ezik kalean ere egiten dela gogorarazi dute bi hautagaiek. Hori dela eta, EH Bilduk txalotu egin du pentsiodunek urte hauetan guztietan kalean egin duten presioa.
EAJ, herritarren ongizatea bermatzearen alde
EAJk Bilbon egin du hauteskunde ekitaldia, eta enplegua eta pentsioak izan ditu hizpide Idoia Sagastizabal EAJren Bizkaiko zerrendaburuak. Adierazi duenez, herritarren ongizatea da politikaren zeregina neurtzeko modu eraginkorrena. Horiek horrela, hitzeman du alderdi jeltzaleak lan egingo duela «kalitatezko enplegua» eta soldata nahiz pentsio «duinak» bermatzeko, Espainiako Gobernuan edozein dagoela ere.

Sagastizabalek gogora ekarri du EAJren botoei esker lortu zela pentsioak inflazioaren arabera eguneratzea. Mariano Rajoyren gobernuak %0,25era mugatu zuen igoera hainbat urtez, legeak baimentzen zuen gutxienekora. Baina 2018an legea aldatu eta pentsioen eguneratzea KPI kontsumo prezioen indizearekin lotu zuen, jeltzaleen babesari esker besteak beste. «Gaur horretan jarraitzen dugu; gure aldarrikapenak lehengo berak dira», esan du hautagai jeltzaleak.
Konpromisoa agertu du pentsioak bizi kostuaren arabera eguneratzen segitzeko; pentsiorik txikienak handitzeko, batez ere alargunenak; eta 40 urtetik gora kotizatu eta erretiro aurreratua hartu dutenen saria ez murrizteko. Halaber, adierazi du kooperatibisten kotizazio eredu mistoaren berezitasuna bermatuko dutela. Izan ere, nabarmendu du EAJ izan zela orduan ere sistemaren geroa ahalbidetu zuena, autonomoen kotizazio sistema berria indarrean jarri zenean kolokan jarri baitzen haren etorkizuna.
Bide horretan, Gizarte Segurantzaren Erregimen Ekonomikoaren kudeaketa eskualdatzea ere eskatu du, «gertutasunez kudeatzeko eta zerbitzu hobea emateko». Horrez gain, EAEko errealitatera egokitutako gutxieneko soldata eta lan harremanetarako esparru propio bat ere defendatu ditu. Enpresei ere mintzatu zaie hautagai jeltzalea, eta gogorarazi produktibitatea handitzen den neurrian soldatak ere handitu egin behar direla: «Aberastasun hori langileen poltsikoan igarri behar da».
Azkenik, agindu du EAJk Espainiako Gorteetan izango duen taldeak EAEko erakundeekin lankidetzan jardungo duela Madrilen lortutakoa bertan gauzatu ahal izateko. Hori da, hain justu ere, EAJren aseguru kontratuaren laugarren zutabea, Sagastizabalek azpimarratu duenez: «Herritarren ongizatea bermatzea gaur eta bihar, gobernuan nor dagoen kontuan hartu barik».