Euskaltzale peto-petoak izateko

AEK-k Korrikako 85.000 peto jarriko ditu euskaltzaleen eskura. BERRIAk kanpaina bat abiatu du, eta otsailaren 28rako BERRIAlagun egiten direnei peto pertsonalizatu bat oparituko die.

BERRIAlagun egiten direnei BERRIAk oparituko dien petoaren eredu bat. BERRIA
Irati Urdalleta Lete.
2026ko otsailaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Petoa. Korrikan lasterketa egiteko erabiltzen da, eta, gero, ondo tolestu, eta askok gordetzen dute oroigarri gisa ere. Korrikako bereizgarri nagusietako bat da, produktu izarra. Arrakastaren seinale, 24. Korrikarako atera duten kopurua: 85.000.

IKUSI GEHIAGO

Arteman komunikazio taldea arduratu da diseinuaz.  Haien esanetan, «irudi koloretsua» du, «euskararen aniztasunaren» erakusle. Erdi-erdian du 24. Korrikaren logoa. Euskal Herriaren itxura du, lekukoa eskuan korrika ari den Euskal Herriarena: «Energia irudikatzen du, korrika doala, mugimenduan dagoen herri bat». Aurten, gainera, badu berrikuntza bat: ertzetan zerrenda islatzailea jarri diote, lasterkarien eta ertzetatik txaloka arituko direnen segurtasuna areagotzeko.

Horri lotuta, BERRIAk kanpaina bat abiatuko du, petoa oinarri hartuta. Gaurtik otsailaren 28ra BERRIAlagun egiten direnei —urteko ekarpena egin beharko dute— peto pertsonalizatua oparituko diete; hots, ekarpena egiten duenari bere izena serigrafiatua duen petoa emango dio egunkariak. BERRIAlagun egin nahi dutenek www.berria.eus/babestuberria webgunean dute horretarako aukera.

Babestu BERRIA otsailaren 28a baino lehen, eta jaso Korrikaren petoa zure izen eta guzti!

Kanpainaren xedea zera da: euskaltzaleek konpromisoa hartu eta euskararen aldeko hautuak egitea eta, zehazki, BERRIAri, euskarazko egunkari nazional bakarrari, ekarpena egitea. Ainara Lasa da BERRIA Taldeko marketin arduraduna, eta, azaldu duenez, egunkariak Korrika oro egiten du BERRIAlagunak lortzeko kanpainaren bat: «Izan ere, Korrikaren abagunea baliatu nahi izaten dugu euskararen aldeko aldarriari, Korrikari eta AEKri ikusgarritasuna emateko, eta erdigunean jartzeko zer garrantzitsua den euskaldun eta euskaltzale izanik egunerokoan euskararen aldeko hautuak egitea». Eta, hautu horietako bat da, Lasak nabarmendu duenez, euskaraz informatzea, eta, ondorioz, euskaraz aritzen diren hedabideak babestea, besteak beste, BERRIA.

«Korrika baliatu nahi izaten dugu erdigunean jartzeko zer garrantzitsua den euskararen aldeko hautuak egitea»

 AINARA LASA BERRIA Taldeko marketin arduraduna

Beste ideia bat ere erantsi diote aurtengo kanpainari: komunitatearena. «Euskararen aldeko konpromiso horiek herritar bakoitzarengan gorpuzten direla irudikatu nahi genuen. Herritar horiek pertsonak dira, izen bat daukate, eta horregatik pentsatu dugu peto pertsonalizatuak ekoiztea BERRlAlagun egiten direnentzat». 

Nola lortu petoak?

Gainontzean, nahi duen orok du peto normalak eskuratzeko aukera. Horretarako, AEK-k bost denda ditu zabalik: Bilbon, Donostian, Iruñean, Gasteizen eta Beasainen (Gipuzkoa). Horiez gainera, hainbat herritan postuak jartzen ari dira arropa saltzeko, eta horietan ere eskuragarri egoten dira. Online dendan eta euskaltegietan ere eros daitezke, sei euroren truke.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.