Pixa egiteraino barre, 'Kaka' ikusten

AEK-Korrikaren II. Kultur Sorkuntza beka jaso du 'Kaka' antzezlanak. Obra jostalaria da, eta publiko zabalarentzat pentsatua. Plazaz plaza dabiltza, eta «ikusleak ondo pasatzen ari dira», azaldu dutenez.

'Kaka' antzezlaneko aktoreak, Aierbe, Agirrezabala, Olaizola eta Aranbarri, oholtza gainean. IKER GOZATEGI
'Kaka' antzezlaneko aktoreak, Aierbe, Agirrezabala, Olaizola eta Aranbarri, oholtza gainean. IKER GOZATEGI
gurutze izagirre intxauspe
2026ko martxoaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Pixa egin zuen ikusle batek Kaka antzezlana ikusten». Hala kontatu dute Xanti Agirrezabalak eta Erika Olaizolak, antzezlana ondu duten sortzaileek, AEK-Korrikak emandako II. Kultur Sorkuntza bekari esker egin duten komedia plazaratzen ari diren artean. Izan ere, publiko guztientzat «jostagarria, arina eta ondo pasatzekoa» den antzezlan bat osatu nahi izan dute, «jendea antzokitik atera eta berriz ere itzultzeko gogoa izan dezan».

Aspaldian zeukan proiektua kaxoian gordea Olaizolak, «kaka mokordo bat agertzearena herriko plazan». Urte mordoxka bat geroago, AEK-Korrikaren sorkuntza bekarako deialdia atera zenean, ideia hori etorri zitzaion berriz ere burura, eta Agirrezabalari kontatu zion: «Tilin egin zion», esan du, «eta hor sortu zen abentura».

Antzezlan horren abiapuntua zera da: kaka mokordo bat oholtzaren erdian. Herriko plaza balitz bezala irudikatu dute oholtza. Hortik abiatzen da kakari buruzko hausnarketa oso bat: «Pentsatzen hasi ginen horrek nora eramaten gaituen: kaka hori nork egin duen, hori nori dagokion jasotzea, jakin dezakegun emakume batena edo gizon batena den, klaserik baduen kakak, berdin erreakzionatuko genukeen auzokide batena edo Cristiano Ronaldorena izan... Hain tabua den gai bati buruz hitz egiten hasi ginen», azaldu du Agirrezabalak: «Hain gutxi hitz egiten dugun gai bat da, eta aldi berean denok elkartzen gaituen zerbait da, eta osasunaren erakusgarri da, gainera».

Galdera gehiago ere sortu zitzaizkien: mundua nolakoa izango litzateke bakoitza bere kakaren jabe egingo balitz bai norbanako gisa, bai kolektiboki, herri gisa? Tabutzat jo dute gaia, eta konplexuez hitz egiten du komedia horrek.

«Hainbat gai aterako dira: lankideen arteko harremanak, bikote harremanak, familien kudeaketa… kaka literalki erdigunean egon arren, beraiek ere konpontzeko dituzten beste 'kaka' batzuk aterako dira»

XANTI AGIRREZABALA 'Kaka'-ren sortzailea

Istorioa harilkatzeko, lau pertsonaia igotzen dira oholtza gainera. Ikerketa bat hasiko dute, eta gau batean kaka mokordo hori hor zergatik dagoen argitu nahiko dute. Bitartean, pertsonaia horien arteko harremanetan dauden ertzak azaleratuz joango dira. Agirrezabala: «Lau pertsonaia horien arteko harremana ikusiko dugu, eta hainbat gai aterako dira gatazka hori konpontzeko hartutako bideetan. Harreman horiek aukera emango dute hainbat gai lantzeko: lankideen arteko harremanak, bikote harremanak, familien kudeaketa… kaka literalki erdigunean egon arren, beraiek ere konpontzeko dituzten beste kaka batzuk aterako dira».

Olaizolak beste dimentsio bat erantsi du: «Ebazteko dagoen hori modu indibidualean eta kolektiboan landuko da. Herriko plazan agertu da, eta herri horrek ere badu presentzia obran, ze pertsonaietako bat alkatea da, eta hor badaude politika, interesak eta zer kaka ezkutatzen diren, eta zer doan azaleratzera».

Talde lana

Olaizola eta Agirrezabala aritu dira buru-belarri ekoizpenean. Horretaz gain, gidoia bien artean ondu dute, Kepa Errastirekin batera. Lehen bertsio sendo bat egin ostean banatu zieten gidoia beste lankideei. Ainhoa Aierbe eta Mikel Laskurain abiatu ziren oholtza gainean Olaizola eta Agirrezabalarekin. Baja bat dela medio, Iñigo Aranbarrik hartu dio lekukoa Laskuraini.

Baina lantalde handiago bat dago atzean, eszena zuzendaritzaz arduratu baita Espe Lopez, eszenografiaz Ikerne Gimenez, eta soinuaz Ander Mugika. Gainera, soinu teknikariak lau aktoreekin batera dabiltza plazaz plaza biran: Imanol Garcia eta Mono Irazi.

AEK-Korrikak emandako II. Sorkuntza bekari esker ondu dute, hein handi batean, komedia hau Olaizolak eta Agirrezabalak, beste laguntza batzuekin osatzeko aukera izan badute ere. Hamalau proiekturen artean hautatu zuten Kaka antzezlana. Epaimahaia Lutxo Egiak, Gari Garaialdek, Izar Mendigurenek, Oier Zuñigak eta Maia Muruagak osatu zuten. Bi ezaugarri azpimarratu zituzten beka emateko orduan: batetik, euskararen erabilerari emandako garrantzia; bestetik, sormen lan berritzaile bat izatea.

Euskara zaindua

Agirrezabalak azaldu du hizkuntzaren erabilera zaintzea hautu zehatz eta kontziente bat izan dela testuaren sorreran. «Hausnarketa asko egin dugu euskaraz komedia egitearen inguruan. Euskara zainduan egin nahi izan dugu gidoia, eta zuzentzaile eta aholkulari askoren parte hartzea izan du testuak. Zuzenketa asko egon dira».

Olaizolak azpimarratu du, dena den, hizkuntzaz harago doan ikuskizun bat dela. «Hitzez gain zentzumen gehiago ditugu; gorputz espresio handia dago».

«Jendea antzokira etortzen ari da, eta ondo pasatzen du. Kakak denak lotzen gaituela ikusten ari da»

ERIKA OLAIZOLA 'Kaka'-ren sortzailea

Agirrezabalak segitu dio hariari: «Antzerkirako testu bat da, baina gure hasierako nahia zen herri guztiarentzako antzezlan bat izatea, zerbait arina izatea, jostagarria, jendeak ondo pasatzeko modukoa eta berriz ere antzerkira bueltatzeko gogoarekin bukatzeko modukoa». Hamaika saio egin dituzte, eta ikusleen erantzun ona ari dira jasotzen: «Adin askotako jendearekin konektatzen ari da ikuskizuna». 

Bazekiten bira zabala izango zela eta askotariko hizkuntza ohiturak dauden herrietara iritsiko zirela, eta hori aintzat hartuta zerbait erraza, arina eta gustagarria egitea izan dute xede. Olaizolak ez du, ordea, jatorria ahazten: «Herri antzerkitik gatoz biak: iturri horretatik asko edan dugu. Eta beti horra bueltatzen gara. Hori ekarri dugu antzezlanera».

Korrika Kulturalaren barnean kokatzeak normalean antzokira joan ohi den jendetik harago iristea ere ekarri duelakoan daude, eta horrek plaza asko zabaldu dizkie Euskal Herriaren luze-zabalean. Olaizola: «Jendea antzokira etortzen ari da, eta ondo pasatzen du. Kakak denok lotzen gaituela ikusten ari da».

Kontratazioak irekita segitzen du Korrika amaitu ondorenerako ere. Instagramen, @erikaetaxanti kontuan jarrai daiteke prozesua. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA