24. KORRIKA ZUZENEAN

ZUZENEAN: Gasteizera iritsi da 24. Korrika

24. Korrika Euskal Herri osoan zehar, zuzenean.

Julen Urrestarazu
2026ko martxoaren 27a
09:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

* Amurriotik eta Laudiotik pasa ostean, Bizkaira —Arratiara— itzuli da Korrika, eta Araban sartuko da berriro eguerdian. Arratsaldean, Trebiñura joango da; eta gauean, Gasteizera.

* Lekukoa Bilbora ailega dadin. Bizkaiko kostaldean eta Bilbo Handian ibili da Korrika, besteak beste, eta arraun surfean egin ditu metro batzuk. Lekukoak aurrera jarraitu dezan, ezinbestekoak dira furgoneta gidariak. Lan nekeza da, baina pozik egiten dute.

23:49, Koroatzeatik iparraldera

Koroatzera iritsi da orain Korrika, Jimmy Jazzeko kideek lekukoa eskuan dutela. Alde Zaharretik irten arren, festa giroa dago korrikalarien artean. Zoritxarrez, denak amaiera bat du, eta festa giroa ordutebete barru bukatuko da Gasteizen, 24. Korrika Arabako hiriburutik ateratzen denean. Koroatzea, Arriaga-Lakua, Abetxuko eta Gamarra zeharkatzean, seigarren hiriburua utziko du, eta azkena faltako zaio: Bilbo.

Ohikoa den bezala, hirian erritmoa makaldu egin da, eta 32 minutu beranduago doa aurreikusitako ordutegiarekin alderatuta. Gauean korri egin nahi duenak azkar joan beharko du, aurreikusitako ordutegira gerturatzeko aprobetxatuko baitute. Beraz, adi egon daitezela Korrikan parte hartu nahi duten legutioarrak, arrasatearrak, oñatiarrak, bergararrak...

23:40, festa Alde Zaharrean

Gasteizko auzo guztietan bezala, harrera ederra egin diote herritarrek Korrikari. Algarak entzuten dira uneoro, baita furgonetatik jarritako abestiak. Furgonetak lortu du Aiztogile kalean sartzea, baita Korrika itxaroten ari diren milaka herritarrek ere. Ez dago ia lekurik Gasteizko Alde Zaharreko kaleetan.

Andre Maria Zuria plazan Arabako Aleako eta Geu eta Lazarraga kultur elkarteko kideek hartu dute lekukoa, eta Aiztogile kalean, Hala Bedi irratikoek,Gasteizko Gaztetxekoek, Kutxiko taskeroek eta Ernai Gasteizko militanteek.

23:25, Erdialdera itzuli da

Politikarien txanda iritsi da 24. Korrika Erdialdera bueltatu denean. Eusko Legebiltzarreko, EH Bildu Arabako, Arabako Foru Aldundiko eta Gasteizko Udaleko ordezkariek hartu dute lekukoa.

Palestinaren aldeko eta genozidioaren aurkako aldarriak egin dituzte furgonetako antolatzaileek eta korrikalariek Palestina Gara elkarteko kideek lekukoa zutenean: «Ibaitik itsasora, Palestina libre izango da. Euskara gara! Palestina gara!». Horrez gain, Piccasoren Gernika artelanaren zati bat zuen Palestinako bandera bat eta SOS Gaza mezua erakutsi dituzte. Vital Fundazioko kideei eman diete lekukoa. 

23:10, Judimendi zeharkatzen

Judimendi auzoa zeharkatzen ari da 24. Korrika. Gasteizko AEK-ko ikasleak omendu dituzte furgonetatik lekukoa zeukatenean, eta Gasteizko Mugimendu Feministak eta Judimendiko Auzo Mugimenduak ere eraman dute Atharratzetik abiatutako mezua. Feministek «zaintza sistema publikoa», eta auzo mugimendukoen kilometroan joaldunak joan dira pankartaren aurrean.

Batzuek bengalekin ematen diote ongietorria Korrikari, beste batzuk banderekin, beste batzuk oihuekin... Bakoitzak bere modura. Euskaltzaleek ez diote korri egiteari utzi gaua izan arren.

22:50, 1976ko martxoaren 3ko biktimei aitortza Zaramagan

24. Korrikaren momenturik hunkigarrienetako bat gertatu da San Frantzisko elizan. Martxoak 3 elkarteko kideek hartu dute lekukoa katedralaren ondoan, Espainiako Polizia Armatuak bost langile hil eta 150 zauritu zituenetik 50 urtera. Francisco Aznar Clemente, Romualdo Barroso Chaparro, Jose Castillo Garcia, Pedro Mari Martinez Ozio eta Bienvenido Pereda Moral oroitu dituzte, baita Juan Gabriel Rdorigo eta Vicente Anton —protestetan hil zituzten—. «Mila esker Martxoak 3 elkarteari Gasteiz euskaldunagoa egin duzuelako. Jarraitu borroka horretan!», eskertu die furgonetatik. Egia, justizia eta erreparazioa ere eskatu dute.

Aurretik, Sahara Elkarteko eta Bizigarri Zaramagako Auzo Elkarteko kideak joan dira AEKren pankartaren aurrean; eta ondoren, euskal gehiengo sindikaleko kideak.

22:25, Salburuan barrena

Ikasbidea Ikastolako eta Ekialdea BHIko ikasleek, Errekaleor Bizirik eta Araba Bizirik elkarteko kideek, Artepaneko langileek,Errekabarri Hezkuntza Komunitatekoek, Salburua Eskolako ikasleek, Emakundeko ordezkariek... Denek hartu nahi dute lekukoa.

Gurpildun aulkian doan ikasle batek ere poz-pozik hartu du lekukoa. Atzean ere poz-pozik ari dira abesten euskararen alde.

22:10, auzoz auzo Gasteizen

San Kristobal, Adurtza, Santa Luzia... Gasteizko auzoak zeharkatzen doa Korrika, eta badirudi korrikalarien kopurua ez dela txikitzen. Pankartaren aurrean ez dago korrikalaririk orain, behintzat.

Auzoetan bezala, eskuz esku doa lekukoa: Olarizu Batera Euskalduntzen, Gasteizko GKS, Euskal Udalekuak, Euskal Eskola Publikoaz Harro...

21:45, Erdialdean dago Korrika

Gasteizko garbiketa langileek eta Laboral Kutxako langileek eraman dute elkarrekin lekukoa 24. Korrika Erdialdera sartu denean. «Irribarre egin, jende asko daukazue atzetik», eskatu die furgonetatik lekuko eramaileei. Eta ez zaio arrazoia falta. Ez da ikusten furgonetako kameran, baina bai droneko kameratik: milaka gasteiztar korrika ari dira euskararen alde.

Ikastetxeen txanda iritsi da ondoren: Errota, Niño Jesus, Urkide, San Viator, Carmelitas... Foru Administrazioko langileei eta Arabako Abokatuen Elkarte Ohoretsuko ordezkariei eman die, eta hauek Arabako Euskal Pilota Elkarteko pilotariei. Mendizorrotza itzultzean, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko, Eusko Jaurlartizako Osasun Sailako eta Osakidetzako ordezkariek hartu dute lekukoa. «Mediku onak eta euskaldunak nahi ditugu», adierazi dute mikrofonotik.

Euskal Herria eta euskal presoak askatzeko eskatzen duen pankartak aurrean jarraitzen du Korrika Gasteizera sartu denetik. Birika bikainak dituzte pankarteroek.

21:25, milaka pertsona Zabalganara

Mendizorrotzan jendetza batu da, eta Zabalganara iritsi baino lehen Armentia Ikastolako, Ariznabarra-Zabalganako eskola publikoetako eta Zabalgana BHIko ehunka ikasle sartu dira lasterketan. Ondoren, «justizia Kermanentzat» oihukatu dute, Kerman Villateren omenez. Ondoren, Mercedeseko komiteko bi langilek LKSko kideei eman diete lekukoa.

Ezinezkoa da jendea pankartari ez aurreratzea, sekulakoa baita atzean doan jendetza. 

21:05, hurrengo hiriburua: Gasteiz

Lehen metroak egin ditu 24. Korrikak Gasteizen. Trebiñutik etorri eta Mendizorrotza auzora sartu da. Orain ehun lagun baino gehiago badaude lasterketan, ez dakigu zer espero dezakegun erdigunerantz joango denean.

Batera hartu dute lekukoa Euskal Hirigune Elkargoko, Nafarroako Parlamentuko eta Eusko Legebiltzarreko langileak. «Hirutan banatuta egon arren, zazpiak bat garela erakusteagatik, eskerrik asko!», eskertu diete furgonetatik langileei. Ondoren su artifizialak ikusi dira Gasteizko zeruan, Iraultza 1921eko eta Indar Baskoniako kideek hartu dutelako lekukoa.

Lekuko eramaileen zerrenda amaiezina izango da: Arabako Batzar Nagusiak, EHUko hainbat fakultate, Hazi eta Neiker, Araski Saskibaloi Taldea, Arabako Futbol Federazioa...

19:17, «Trebiñun ere euskara gara!»

«Trebiñu Araba da» letra larriz jartzen duen pankarta altxa dute euskaltzale batzuk Trebiñura iristean. Antolatzaileei jarraitu diete korrikalariek lasterketa herriko kale estu eta aldapatsuetan. 2.600 kilometro egin ditu 24. Korrikak. Trebiñuko Udaleko eta Trebiñuko Administrazio Batzordeko ordezkariak hartu dute lekukoa herrian.

Gehienak korrika doaz, batzuk bizikletan, beste batzuk haur kotxean... Baina pertsona bat surfeko ohol bat eskuan duela eta surfeko neoprenoa jantzita ari da korrika.

Zaldiaran mendatea igoko dute orain, zerua iluntzen ari denean, eta Gasteizen 21:00etan sartuko da. Ea zenbat euskaltzale iristen diren Trebiñutik Gasteizera.

Joan dira euskaltzaleak Zaldiaranera. Bengalak, linternak, atzeko furgonetaren argiak... Denak balio du bidea argiztatzeko. Egoera ederrak utzi ditu bideak; adibidez, Themis eta Ekhiri omenaldia egin die bidean, lekukoa zeraman gizona konoz mozorratuta zegoela.

18:50, Añastrora Euskal Herri osotik

Añastroko herritarrak 24. Korrikara batu dira, baina ez dira bakarrak izan. Bilbotik, Berriozarretik, Leitzatik, Burgetatik joandako euskaltzaleak ere euskararen alde egin dute korri Añastron. Berantevillako eta Erriberabeitiako udaletako ordezkariek ere Añastron egin dute haien kilometroa.

Dron batetik grabatutako planoetatik ikusten da korrika dabiltzan lagunak eta furgonetaren atzean dauden hamabost auto inguru. Korrikalariek bi errailak hartuta dituztenez, ezin dute aurrerantz egin.

18:20, euskararen alde Argantzonen

Ederra da Argantzoneko herritarrek sortu duten giroa 24. Korrikara iristerakoan. «Trebiñun ere euskararen alde!» dioen pankarta gailendu da korrikalarien gainean. Argantzoneko Udaleko ordezkariek lekukoa eraman dute herritik ateratzean, eta herrira iritsi aurretik, Trebiñuko EH Bilduko ordezkariek.

17:40, harrera ederra Iruña Okan

Iritsi da Korrika Langraiz Okara, Iruña Okan. Herrira gerturatuz joan ahala jende gehiago batu da. Bidean hogei pertsona inguru baziren, Langraiz Okara sartzean berrehun baino gehiago dabiltz korrika euskararen alde. 

Furgoneta ez da bidezidor askotan kabitzen, baina zuzenekoa ez da geratzen: telefono mugikorrarekin grabatzen dute AEK-ko kideek. Orain, hamalau minutuko atzerapenarekin doa Korrika, baina nabari da erritmoa azkartu dutela, lehen hogei minutu baino gehiagoko atzerapenarekin zihoalako. Gasteizera puntual iritsi nahi dute.

16:15, Kuartangora iritsi da

24. Korrika Arabara itzuli da, eta Kuartangon sartu da. Orain, Zuhatzu Kuartangon dago. 50 korrikalari inguru aritu dira herrian, eta 25 inguruk hasi dute Iruña Okarako bidea. Furgonetaren atzean ere bost autok daude: euskararen alde korri egin beharrean, euskararen alde gidatzen ari dira.

Miranda Ebrotik (Burgos, Espainia) etorri dira Izquierda Mirandesa alderdi abertzaleko militanteak Korrikara. Miranda Ebron ere euskararen alde daudela eta euskaraz hitz egiten dutela adierazi dute. Kuartangoko Udala eta Kuartango EH Bildu ere joan dira aurrean, eta Erriberagoitiako Udaleko ordezkariek hartu dute lekukoa Subilla Morillasera iristean.

Lekukoa eramatea oparia izan daiteke. Hori egin dute Amaiaren lagunek: Amaiak eraman du lekukoa, hark eta bere lagunek ileorde koloredunak jantzita zituztela.

12:30, Mariren begipean korrika

Gorbeialdean dabil une honetan Korrika. Mari jainkosak zaintzen du goitik, baina lainotuta dago. Ikus dezake Marik lainoen azpikoa, infragorriak ikusteko betaurrekoak ditu? Galdera hori buruan dutela ari dira korrikazaleak.

12:00, Irazabalen azken furgonetaldia

Joseba Irazabal 15 Korrikatan aritu da furgoneta gidatzen. Aurtengoa du azkena, eta merezitako omenaldia egin diote. Astelehenean kontatu genuen haren abentura: 

11:30 Euskal Herrian, zaunkeraz!

Zeanurin aldapan gora, txakur euskaltzale peto batek ere egin du korrika. Hurrengo Korrikan animalientzako propio eginiko petoak eskatu dituzte furgonetatik.

 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

A post shared by AEK_KORRIKA (@aek_korrika)

10:30 uu, uu, uu, kolore guztiak

Artean, askotasunez eta aniztasunez jaso dute Korrika.

10:10 Areatzako kale estuetan

Kale artean sartu da Korrika Areatza herrian, eta horrek abiada moteldu du, baina giroa trinkotu.

09:00 Lemoa, bertsotan

Bertsotan hartu dute Korrika Lemoan (Bizkaia).

Gaurko Ibilbidea
 

Ibilbidea | Martxoaren 27a

 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA