* Nondik eta noiz igaroko da 24. Korrika? Legutiotik (Araba) pasa ondoren, Gipuzkoara helduko da Korrika Leintz Gatzagatik. Debagoiena, Goierri, Tolosaldea, Urola Kosta eta Debabarrena pasako ditu. 22:00ean Ermuara (Bizkaia) iritsiko da, eta helmugaraino joango da.
* Nola heldu furgonetatik mundura. Korrikako prentsa taldea 11 kidek osatzen dute, eta Korrikan bizitakoa eta ikusitakoa kontatzen ari dira.
15:35, Errezilen uste baino lehenago
Normalean Korrika aurreikusitako ordua baino beranduago joan ohi da. Errezilera, aldiz, bost minutu azkarrago iritsi da. Ziztu bizian jaitsi dira Errezilera. Zorionez, errezildarrak ere goiz atera dira kalera, eta lasterketara batu dira.
Bretainiako banderak erakutsi dituzte ibilbidean, Ar Redadeg A di da di bretoiera sustatzeko lasterketaren antolatzaileen kilometroa izan delako.
14:55, aldapan gora Bidania-Goiatzera
Tolosatik Albizturrera joan denean, Gure Zirkuko Iker Galartzak eta Elene Galartzak poztu dituzte korrikalariak. Albizturretik igaro ostean, hogei ausartek igo ditu aldapa Bidania-Goiatzera iristeko. Bidean, ezkondu aurreko agurra egin diote Anderri bere kuadrillakoek. Lekukoa esku batean, lore batzuk bestean eta ileordea buruan zuela egin du korri.
Albizturrera bidean Korrika; Gure Zirkuaren eskuetan lekukoa. @berria pic.twitter.com/UfYzweSnQ5
— Irati Urdalleta (@UrdalletaIrati) March 28, 2026
Bidania-Goiatzen herritar gehiago batu dira Korrikara. Euriak ez dizkie euskararen alde korri egiteko gogoak kendu, eta Errezilera joateko bidea hasi dute.
13:35, olatua Alegiara
Euskaltzale uholdea dator Ikaztegietatik Alegiara. Alegiako euskaltzaleek, bildurtu beharrean, uholdean surf egitea erabaki dute. Algarak eta joaldunen zintzarriak entzuten dira Alegiako kaleak zeharkatzean.
Albizturrera bidean Korrika; Gure Zirkuaren eskuetan lekukoa. @berria pic.twitter.com/UfYzweSnQ5
— Irati Urdalleta (@UrdalletaIrati) March 28, 2026
Alegiako eta Amezketako udalek, Ikaztegietako eta Alegiako EH Bilduk, Alegiko Gaztetxeko kideek, eta abarrek gidatu dituzte euskaltzaleak. Badira Ordiziatik pankarta eusten doazen bi euskaltzale. Segur aski, Stravara igoko dute gaur egindako jarduna.
Ondoren Tolosarantz joango da, furgonetak igaro ezin duen bide batetik, baina ez da hirigunera iritsiko. Albizturrerantz joko du, arratsaldean Azpeitira heltzeko.
13:20, Ikaztegietan ere euskaraz
Ikaztegietan ere euskararen alde daudela erakutsi dute herritarrek. Herrira sartu baino lehen eta herrira sartu ondoren ere lasterketara batzen ari da ikaztegietarrak. Ikaztegietako Udalaren kilometroan, herritar berrienek eraman dute lekukoa. Aurretik Orendaingo eta Elduaingo herritarrek eraman dute, baita Naizen Adingabe Transexualen Elkarteko kideek ere. Alegira bidean, Panelfisako langile batzuk Eitb 3ren aldeko kartel txikiak erakutsi dituzte.
Tolosaldera ailegatu da Korrika. Naizen elkarteak hartu du lekukoa Ikaztegietan; beraiek egin dituzte koruak 24. Korrikako abestian. @berria pic.twitter.com/02W4VqXpOu
— Irati Urdalleta (@UrdalletaIrati) March 28, 2026
12:55, 3.000 kilometro Legorretan
Legorretako oinezkoentzako kaleak zeharkatzen ari zela egin ditu 3.000 kilometro 24. Korrikak. Kaleak bete dituzte herritarrek kilometro biribila egiterakoan.
Falta diren 436 kilometroak bihar bukatuko ditu Bilboko Areatzan.
12:40, inguruko herrietatik Itsasondora
Ezinezkoa da Korrika Euskal Herriko udalerri guztietatik igarotzea, baina beti egongo da Korrika igaroko den gertuko herri bat. Zaldibiarrak, aramarrak eta altzagarrak Itsasondora joan dira korri egitera, itsasondoarrekin batera korri egiteko. Itsasondoko, Aramako eta Altzagako udaletako ordezkariek eraman dute, baita Zaldibiako hainbat elkartetako kideek. Aitor Garmendia BERRIAko kazetariak eta Sahara Maratoiko irabazleak ere hartu du lekukoa. Ea zenbat kilometro egiten dituen gaur.
12:05, Ordizian jendetza
Beasaindarrek sekulako harrera eman badiote 24. Korrikari, ordiziarrak ez dira gutxiago izan. Euria ari du berriro, baina ordutegia paregabea da. Kale guztietan batu dira euskaltzaleak lasterketan. Momentu batzuetan lasterketak geratu egin behar izaten du, furgonetak maniobrak egin behar dituelako Alde Zaharreko bihurgune estuetan.
Eskuz esku joan da lekukoa: Ordiziako Udala, GITB Goierriko Irrati Telebista, Elkar SARL, Ordiziako EH Bildu eta EAJ; ikastetxeetako ikasle, irakasle, guraso elkarteak eta jangeletako langileak...
11:30, Beasain zeharkatzen
Beasainera iritsi da 24. Korrika, eta hiriko auzo gehienak zeharkatuko ditu. Ehunka lagun pasa dira autobidearen eta trenbidearen azpiko bidetik, eta beste ehunka euskaltzale batu dira Beasainen. Gehienek jakak jantzita dituzte, baina badaude nikia bakarrik daramaten ausartak. Gainera, ilea blai eginda dauka euskaltzale olatuak, ia inork ez baitu jantzi txapela korri egiterakoan.
Ikaragarria, Beasain. Milaka eta milaka pertsona pankartaren atzean. @berria pic.twitter.com/sVH51UUD09
— Irati Urdalleta (@UrdalletaIrati) March 28, 2026
Murumendi, La Salle eta Beasain BHI ikastetxeetako langileak, Alkartasuna Lizeoko eta gurasoak eta Beasaingo Udaleko ordezkariak busti dira lekukoa zeukatenean, baita Beasaingo enpresetako sindikatueko kideak —Fundiciones Estanda LAB saila, Ingeteam Indarreko ELA eta LAB, GH Lantegiko LAB... Lazkaon bezala, joaldunek ere hartu dute lekukoa Beasainen. Ondoren politikarien txanda izan da, Beasaingo EAJko eta EH Bilduko ordezkariena.
Ez da ikusten euskaltzaleen olatua non bukatzen den. Gainera, euriak tregoa pixka bat eman du Beasainen, aterki gutxiago ikusten baitira alboetan. Goierriko Hitzako lagunei ere Goierriko albisteak egunero euskaraz emateagatik eskertu die furgonetatik, eta Beasaingo Ernaiko militanteek hartu dute lekukoa hurrena.
Beasaindik Ordiziako bidean, CAFek izan du protagonismoa. Sindikatuek —ELAk eta LABek—, CAFeko komiteak eta euskara taldekoek hartu dute lekukoa. Palestinako bi banderek izan dute protagonismoa, baita ikurrinek eta sindikatuen banderek. Aurrean pankarta bat gailendu da: «CAF konplize. Israel desegitera bidean, harreman oro eten»-
11:15, maldan behera Lazkaora
Igo dira Olaberriara korrikalariak, Goierriko Suhiltzaileen eta Olaberriako Gazte Asanbladako kideen erritmora; eta Olaberriako Udaleko ordezkarien, Tallerees Ganbo Txikikoen, Oin Arineko dantzarien eta JTK Lazkaun elkartekoen erritmoan jaitsi dute. Azkar joan dira aldapan behera, baina inork ez du estropuz egin.
Gidariaren lekutik ikusten da jende mordoa Korrika iristeko itxaroten ari dela Lazkaon. Atzeko kameran, ordea, ikusi da joaldunek eman diotela harrera Korrikari. Lazkaoko Hiribarren kale osoa hartu dute euskaltzaleek.
Izugarria #Lazkao ! Hau bai dela hori euskararen alde bustitzea! Zuena bai jende marea! #24KORRIKA #Goierri pic.twitter.com/Mu0BJVBzaF
— AEK-KORRIKA (@AEK_eus) March 28, 2026
Lazkaoko Sortuk, Ernaik eta Ikamak, Lazkaoko Ikastolak —aurtengo Kilometroak antolatuko dituztenak— eta ikastolako langileek, Lazkaoko EH Bilduk, Lazkaoko Udalak, Lazkaoko EAJk... Denek nahi dute aurrean joan. Ataundik ere etorri dira herriko EH Bildu eta EAJko ordezkariak.
10:40, ezkongaiak eta kamioiak
Badirudi euriak lagundu egin duela giroa hauspotzen, ezin hobea baita goierritarrek sortu duten giroa. Hala ere, giroa hobea da herri batetik bestera. Idiazabalera iristean, Hiru garraiolarien sindikatuaren kamioi bat batu da Korrikara, eta furgonetatik kantatutako abestiak klaxonarekin jarraitu du. Hori gutxi ez balitz, lekukoa hartzen hurrengoa emaztegai bat izan da, ezkontzako soinekoa jantzita.
Goierrin da Korrika: Zerain, Segura, Idiazabal... @berria pic.twitter.com/8VghmmNDZj
— Irati Urdalleta (@UrdalletaIrati) March 28, 2026
Olaberriako Ihurre auzoan, GKS Goierriko eta Zaldibiako, Beasaingo, Ataungo, Ordiziako eta Urretxu-Zumarragako gazte asanbladetako militanteek sortu dute giroa, eta Carrefourreko langileek hartu dute lekukoa gero. Gogotsu daude goierritarrak, eta ehunka lagun ari dira igotzen Olaberriara igotzeko aldapa.
10:15 Goierrin, herriz herri
Gipuzkoan dabil berriz Korrika. Ezkiotik, Itsasotik, Ormaiztegitik, Mutiloatik eta Zeraindik pasatu da, eta Seguran dira orain.
🏃🏽♀️➡️1️⃣0️⃣ Hamargarren eguna du gaur Korrikak. Gipuzkoan, Urola Garaian dabil, Zumarragan, eta berehala Goierrira doa. @berria pic.twitter.com/yP6vxHsS3m
— Irati Urdalleta (@UrdalletaIrati) March 28, 2026
Jendetza, Urretxu-Zumarragan
Goizean pasa arren, jende andana batu zio Korrikari Urretxu-Zumarragan.
Urretxu-Zumarraga zoragarriak zarete 🫶🏾#EUSKARAGARA pic.twitter.com/gNCvIHOlOt
— AEK-KORRIKA (@AEK_eus) March 28, 2026