24. KORRIKA ZUZENEAN

ZUZENEAN: Gipuzkoako kostaldea igarota, Bizkaira iritsi da gauez 24. Korrika

Santiago zubian barrena iritsi da Gipuzkoara, eta eguerdian jendetza bat izan da Donostian korrika. Kilometroen erdiak hantxe egin ditu. Ikusi 24. Korrika Euskal Herri osoan zehar, zuzenean.

Julen Urrestarazu
2026ko martxoaren 25a
07:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

* Goizaldean Santiago zubia gurutzatu du 24. Korrikak, eta Gipuzkoara iritsi da. Donostia zeharkatu ostean, ekialdetik mendebaldera igaroko du kostaldea.

* 20:18an lehen aldiz sartuko da Bizkaira, Ondarroara hain zuzen. AEK-k festa eta aldarria uztartuko ditu Korrikaren akabera ekitaldian, Bilbon

Korrika(n) ez da lokartzen

 

13:30, Lasarte-Orian sartu da

Argia-ko kazetariek lekukoa eskuan zeukatela iritsi da 24. Korrika Lasarte-Oriara. Lasartearrek argi dute zer egin gaur: lehenengo korri egin, eta gero bazkaldu. Aterkirik ez dute korrika doazen ehunka euskaltzalek.

Harrera berezia egin dute EAGIko ikasleek, baita Zabaleta Auzolan elkartekoek ere, lehenek bengalekin hartu baitute Korrika, eta besteek buruhandiekin. Herria alde batetik bestera igaro dute. Besteak beste, Lasarte-Oriako EH Bilduk, Michelineko LABekoek eta Iametzako langileek hartu dute lekukoa. Herriko ikastetxeetako ikasleek, guraso elkarteetako gurasoek eta Lasarte-Oriako Udaleko ordezkariek ere eraman dute Atharratzetik abiatutako mezua. Gero, Katxiporretak hartu du.

Lasarte-Oriatik irteterakoan, Gipuzkoako kostaldetik ibili da Korrika. Usurbil, Orio, Zarautz, Getaria, Zumaia, Deba eta Mutriku zeharkatuko ditu; eta Bizkaira sartu da lehen aldiz, Ondarroatik.

13:20, Donostiari agur Añorgan

24. Korrikak goiz osoa egin du Gipuzkoako hiriburuan, eta Donostiari agur esateko garaia iritsi da. Añorga izan da azken auzoa. 

Añorgako auzokideek ere gogoz hartu dute Korrika. Herritar mordoa batu dira, batzuk jakako txapela jantzita, beste batzuk ilea bustitzeko gogoz. «Euskara ere kozinatu egin behar da», esan dute txantxetan furgonetatik BCC Basque Culinary Centerreko sukaldariak aurrean joan direnean.

12:53, Antiguon ikasleak barrura

Kontxako hondartzako paisaia paregabea bada, ehunka euskaltzale euskararen alde korri egiten agertzen badira are politagoa bilakatzen da. Laino grisek ez dute itsusiago egiten. Antigua auzora iritsi da Korrika Igeldo Herriko eta Auskalo Aisialdi Taldeko kideak aurrean zeudela. Euskal gehiengo sindikala eta Etxepare Institutuko ikasleak ere egon dira. «Igeldon ere euskararen alde», oihu egin dute.

Jakintza Ikastolako ehunka ikasle daude Korrikaren zain, eta haien gurasoek eraman dute lekukoa, Jakingura guraso elkartearen izenean. Beste ehunka ikasle —Axular Ikastolakoak, Ekintza ikastolakoak eta Santo Tomas Lizeokoak—batu dira aurrerago, eta globo laranjekin egin diote harrera 24. Korrikari.

Eskuz esku joan da lekukoa Donostiako azken kilometroetan: Antigua Luberri institutuko Bostak guraso elkarteak, Musikenek, Ospitalarioak fundazioak, Onda Vasca eta Noticias de Gipuzkoa-ko kazetariak, EHUko langileak... Onda Vascako kazetariak lanean jarraitu du lekukoa eraman duenean, irratirako hitz egiten ari baitzen. 

12:25, Parte Zaharreko kale estuetan

Auto bat sartu da Parte Zaharrean, furgoneta ezin delako ibili kale estu haietan. Harrera beroa egin diote auzokideek Korrikari, eta Parte Zaharrean ez da inor ere kabitzen.

Etxera, Karmengo Jaiak eta Donostiako Piratak, Ikatz kaleko tabernetako langileak, beste taberna batzuetakoak (Juantxo, Gandarias, Federiko)... denak gogotsu daude lekukoa eramateko.

Alderdi Ederrera iristean, Jon Insausti Donostiako alkateak hartu du lekukoa, eta gero Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza eta Politika sailburuari pasatu. Aranzadiko langileei eman ostean, Gipuzkoako Batzar Nagusietako diputatuek hartu dute aurrea.

12:07, paseoa Grosen

Paseo bat emango du orain 24. Korrikak Grosen. Zurriola hondartzaren ondotik eta auzoaren erdigunetik pasatuko da. Irutxuloko Hitza-ko langileen txanda izan da, eta harro eraman dute lekukoa. Groseko beste eragile batzuei eman diete lekukoa; KAS Kaleko Afari Solidarioetako eta Marruma elkarteko lagunei hain zuzen, eta, gero, Zuhaizti eskola publikokoei eta guraso elkartekoei. Loirak hartu du lekukoa, euskara ikasi duen italiar batek.

Ikasleek giroa hauspotu dute lasterketan sartzerakoan eta lekukoa eramaterakoan, batez ere Zurriola Ikastolakoek. Zubiri Manteo BHI eta Jesuitak Donostiakoek ere parte hartu dute. Ernai Donostiako militanteak igaro dira aurrean Kursalaren ondotik; eta Ikurrinez, Nafarroako banderez eta euskal presoen aldeko banderez bete dute bidea.

12:00, Erdialdean dago

Errepideak bustita daude, baina donostiarren gogoa ez da apaldu. Askatasunaren hiribide osoa hartu du Korrikaren olatuak. Teresa del Valleren senideek eta lagunek hartu dute lekukoa 1.723. kilometroan, antropologoa omentzeko. Laugarren Korrikan, furgonetan egon zen, eta antropologia lana egin zuen horrekin. Amara auzoko, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeko, Euskotreneko eta Donostiako LABeko kideek ere hartu dute.

11:55, 24. Korrikaren erdia Amaran

1.718. lekuko hartzearen ondoren, 24. Korrikak bidearen erdia egin du, Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareko eta Donostialdeako ESI osasun zerbitzuko kideek lekukoa hartu dute kilometro berezi honetan.

11:32, Amara Berri inguratzera

Euriak ez ditu euskaltzaleak uxatu Amara Berrin. Geroz eta jende gehiago batzen ari da.

Bakoitzak bere modura egiten du bere kilometroa: Ikasbide kultur elkartearen kilometroan buruhandiek eraman dute lekukoa, Bultzada Txuriurdinak ke poteekin eta pankarta batekin egin dio ongietorria Korrikari, Real Sociedad fundazioarenean Anoetako zelaia zeharkatu dute... Pausokako langileek, Gipuzkoako Futbol Federazioak, Amara Berriko auzo elkartekoek, Amara Berri ikastetxe publikoko garbitzaileek eta Usandizaga Peñaflorida institutuko ikasleek ere eraman dute lekukoa.

11:03, lehen euri tantak Martutenen

Eguraldi ederra egin du 24. Korrika osoan, baina iritsi da euria ere. Lehen tantak erori dira Martutenen, eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Euri tanta abestia jarri dute ospatzeko. Auzoko hainbat elkarte izan dira protagonistak: Martuteneko Auzo Elkartea, Martutene K.E., eta abar.

Martutenetik Loiolara itzultzean, EH Bilduk eta Amara Berriko AEK-ko ikasleek hartu dute lekukoa, eta Hontza kultur elkartekoei eta Uliazpi fundazioko parte hartzaileei pasatu diete. Loiolako Erribera igaro ondoren Amara Berrira iritsiko da.

10:54, Loiolan, ikasleak protagonista

Donostiako ikastetxeetako ikasleak ez daude ikasgeletan, euskararen alde korri egiten baizik. Bide osoan sartuz doaz lasterketara. Loiolara iristean, La Salleko ikasleak hasi dira korri egiten, eta bi ikaslek hartu dute lekukoa. Deustoko Unibertsitatekoei eman diote gero. 

Eusko Ikaskuntzakoen kilometroan urtebete baino gutxiago zuen ume batek hartu du lekukoa, haur kotxean. Bestalde, Espai Catala elkartekoek senyera bat eta estelada bat erakutsi dituzte.

10:30, denek nahi dute lekukoa Egian

Egiara sartu da orain Korrika, eta auzoa inguratuko du. Egiako Sare eta Etxerat-eko lagunek, Aitzarte mendi taldeak eta Kostkas futbol taldeak, Ur Zaleak elkarteak, Aitor ikastolakoek, Tabakalerakoek, Egia Bizirik auzo elkarteak, Arrano elkarteak, Gazte Asanbladak, Porrontxo jai batzordeak, Egia Euskaraz-ek, Errigorak... Denek nahi dute eraman lekukoa.

10:00, Intxaurrondon gora eta behera

Intxaurrondo Zaharra, Ipar Intxaurrondo eta Hego Intxaurrondo zeharkatuko ditu Korrikak. Lainotuta dago zerua, baina euskararen alde korri egiteko gogotsu daude donostiarrak. Lekukoa hartu dutenen zerrenda amaigabea da: Donostiako Gazte Koordinadora Sozialistako militanteak, Lauaizeta BHI ikastolako ikasleak, Donostiako Suhiltzaileak... Suhiltzaileek laneko arropa soinean eraman dute lekukoa, eta suhiltzaileen kamioitik serpentinak bota dituzte 24. Korrika pasatu denean.

9:52, Donostian hiru orduz

Lehen, ibilbide motza egin du, baina orain eguerdira arte egongo da Korrika Donostian. 24. Korrikak pasatuko duen bosgarren hiriburua da Donostia. Iritsi aurretik Pasai Antxotik igaro da berriro; eta Ahal Dugu, Pasaiako EH Bildu, Pasaiako EAJ eta Pasaiako Portuko ordezkariek hartu dute lekukoa. Gaztea Irratiko kazetariei eta Donostiako Iraleko irakasleei eman diete ondoren. «Irale ez itxi», eskatu dute pankarta batean.

Herreratik sartu, eta Intxaurrondora joango da. Herri Ametsa GKE ikastetxeko dozenaka ikasle sartu dira petoak jantzita, eta haien ostean, La Asuncion ikastetxeko ikasleak.

9:05, Errenterian, jendea itxaroten

Don Boscoko bi ikasle aurrean doazela iritsi da Korrika Errenteriara. Herritarrak bidearen alboan daude: batzuk parte hartzeko prest, eta, beste batzuk, begira. Galtzarabordako kale aldapatsuetan ez da hainbeste jende animatu; alde zaharrean jende gehiagok egingo du korri segur aski.

Errenteriako Udaleko ordezkariek lekukoa hartu eta gero, alderdien txanda izan da: Podemosena eta Errenteriako EH Bildurena. Hezkuntzan, kirolean eta merkataritzan euskaraz hitz egin behar dela defendatu dute. Gainera, hildakoak oroitu dituzte bidean, eta musu bat eman diote Gema irakasleari.

Aldapan behera herritar gehiago batu dira Korrikara. Udal mantenu langileak, Duintasuna Gipuzkoako Jubilatuen eta Pentsiodunen elkarteko kideak, Laboral Kutxako langileak, Etxerateko kideak, Asanblada Feministako lagunak eta abar joan dira aurrean. Mezu argia altxatu dute CCOOren aurka: «CCOO, hara! Udal langileok euskara gara!».

Euskaltzaleak aurrean joateko garaia ere iritsi da: Lau Haizetara Euskaltzaleon Topaguneko kideak eta AEK-ko ikasleek hartu dute lekukoa. Hurrengoak gazteak —Oreretako Ernai, Ikama eta Gazte Asanblada— eta kirol taldeak —Hibaika arraun taldea eta Ereintza eskubaloi taldea—izan dira. Gazteek su artifizialekin egin diote ongietorria Korrikari. Hogei minutu inguruko atzerapena du Korrikak.

8:55, Pasai Antxo

Pasaiako azken auzora heldu da 24. Korrika: Pasai Antxora. Oarso-Bidasoako Hitzako kideek hartu dute lekukoa herrira sartzerakoan, eta azkar egin dituzte lekuko aldaketak: Txirrita AEK-ko ikasleak, Antxoko Topagunekoak, La Anunciata ikastetxekoak, Pasaiako Udaleko ordezkariak, Pasaia-Lezo Lizeoko ikasleak... 

8:15, Donostia ekialdean barrena

Gipuzkoako hiriburuko ekialdeko auzoak zeharkatu ditu 24. Korrikak. Bidebietan dago orain, eta berehala iritsiko da Herrerara eta Altzara. Zoritxarrez, zuzenekoa etenda egon da azken minutuetan, eta ezin izan dira ikusi Korrikak Bidebieta auzoan egindako kilometroak. Ikus daiteke, ordea, nork daraman lekukoa: AEK-ko irakasle ohiak lehenengo, San Luis La Salle asoziazio katolikoko ordezkariek ondoren...

Herrerara iristean itzuli da bideoa, Adinberri fundazioko kideak aurrean doazenean. «Arnasa hartu orain, aldapa dator!», gogoratu dute furgonetatik, Altzara igo behar baitute orain. Herripe elkartea zoriondu dute, 50. urte bete dituelako.

Altzan dago orain Korrika. Auzoko taldeen txanda da lekukoa eramateko: Altza XXI herri ekimenarena, Altzania Kultur Elkartearena, Larratxoko Jai Batzordearena eta Bizarrain Euskara Elkartearena adibidez. Altza BHIko, Altza Herri Ikastetxeko eta Harri Berri-Oleta Ikastolako ikasleek ere hartu dute lekukoa. Izerdi patsetan egingo dituzte gaur eskola orduak.

Begira dagoen jendeari parte hartzeko gonbita ere egin die furgonetatik. Aldapan behera eraman dute lekukoa Etorkinen Harrera eta Integrazio zuzendaritzakoek.

8:05, Donostian lehen aldiz

Trintxerpe auzora igaro ostean, Donostian sartu da lehenengo aldiz 24. Korrika. Pasaiako badia zeharkatu du lekuko eramaileak, Pasai Donibanetik San Pedrora. Furgonetak, ordea, Pasaiko portu guztia inguratu behar izan du. Zuzenekoa etenda egon da, baina Korrikak aurrera jarraitu du. Donibanekoak han geratu dira, eta San Pedrokokoak eta donostiarrak batu dira lasterketara.

7:45, Pasai Donibane, eguzkitsu

Eguzkia atera da Pasai Donibaneko zeruan. Ikasle asko batu dira korri egitera, ikastetxera joan baino lehen.

Donibaneko kirol taldeak elkartu dira lekukoa eramateko, herrian dagoen kirol tradizioa harro erakusteko.

7:25, zorionak zuri Lezon

Berriro sartu da 24. Korrika Gipuzkoan. Santiago zubia pasatu dute korrikalariek, eta Irun eta Hondarribia zeharkatu. 1.600 kilometro egin ditu 24. Korrikak Lezora iritsi denean, eta jendeak gogoz hartu du lasterketa. Korrika ari diren euskaltzaleak lanera doazen autoekin gurutzatu dira. Lezoko Udalaren ordezkari gisa, Mikel Arruti alkateak eta herriko bi boluntariok —Junek eta Danelek, herriko bi gaztek— eraman dute lekukoa.

Alde zaharrean, Lezoko udal langileak eta Iruntzen emakume taldeko eta Errotako guraso elkarteko kideak joan dira aurrean. Eva andereñoa zoriondu dute lekukoa zeramanean; eguna ederki hasi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA