4.289 haurrentzako lekuak eskainiko dituzte aldundiek udalekuetan

4.004 euskaraz izango dira, eta 285 elebidunak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek martxoan irekiko dute izena emateko epea, eta zozketa bidez aukeratuko dituzte parte hartzaileak.

Oporretan Euskaraz udalekuetako parte hartzaileak, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Oporretan Euskaraz udalekuetako parte hartzaileak, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Julen Urrestarazu
2026ko martxoaren 2a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

7 eta 13 urte arteko haurrek inoiz baino leku gehiago izango dituzte aurtengo udan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek antolatutako udalekuetan: 4.289 guztira. Araban 1.695, Bizkaian 1.544 eta Gipuzkoan 1.050. Leku horietatik 4.004 euskara hutsean izango dira, eta 285 elebidunak. Hiru herrialdeetako foru aldundiek gaur aurkeztu dute aurtengo Udalekuak programa. 

Udalekuek uztailaren 1etik 29ra arte iraungo dute, eta zazpi eguneko txandak eskainiko dituzte. 7 eta 8 urte artekoek 404 leku izango dituzte, 9 eta 11 urte artekoek 2.245, eta 12-13 urte artekoek 1.640.

Martxoan irekiko da izena emateko epea: Gipuzkoan, ostiraletik hilaren 20ra arte; Bizkaian, martxoaren 9tik 18ra arte; eta Araban, hilaren 18tik 27ra arte. Eskaera handia izan ohi da, eta, horregatik, aldundiek zozketa bidez banatzen dituzte lekuak. Zehaztu dituzte zozketa egunak: Gipuzkoan martxoaren 26an, Araban apirilaren 16an eta Bizkaian apirilaren 20an. Gehienez hiru parte hartzaileko taldeak aurkeztu ahal izango dira eskaera bakoitzean.

Hamabost aterpetxe

Hamabost aterpetxetan antolatuko dira aurtengo udalekuak: besteak beste, Gipuzkoako Txurruka aterpetxean (Orio), Zarautzen eta Juan Sebastian Elkanon (Hondarribia); Arabako Zuhatzan, Barrian (Narbaxa) eta Espejon; eta Bizkaiko Zugaztietan, Gorlizen, Lurraskan eta Meakaurren.

146 euroko kuota bakarra ezarri dute hiru aldundiek —hobariak ezarrita daude familia ugarientzat eta gizarte laguntzak jasotzen dituzten familientzat—. Halaber, lekuen %5 premia bereziak dituzten haurrentzat gorde dituzte.

Gazte Oporraldiak ere bai

Udalekuen programaz gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak Gazte Oporraldiak ere aurkeztu ditu. 371 leku eskaintzen ditu Gipuzkoako 14 eta 17 urte bitarteko gazteentzat. Hamabost jarduera antolatu dituzte, horietatik hamabi Gipuzkoatik kanpo: Araban, Nafarroan eta Espainian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.