Gaur arratsaldean egin du bilera Euskadiko Plan Zibilaren Aholku Batzordeak (Labi), eta neurri murriztaile gehiago ezarri ditu datozen asteetarako. 100.000 biztanleko 400eko intzidentzia tasa gainditzen duten herri eta lurraldeetan itxiera perimetrala ezarriko dute. Eusko Jaurlaritzak bihar esango du zer herriri eragingo dien neurri horrek, eta astelehenean sartuko da indarrean. Osasun Sailak gaur eman dituen datuen arabera, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak ez dute muga hori gainditzen, nahiz eta Araba 300dik gora dagoen. Arabak 322,83ko intzidentzia tasa du; Bizkaiak, 243,59koa, eta Gipuzkoak, 229,44koa.
Oharra: martxoaren 26ko datuekin, horrela legoke eremu gorrien mapa.
Ez da hori gertatzen, ordea, herriekin. Atzo aurreratu zuten informazioaren arabera, soilik 5.000 biztanletik gora dituzten herrietan zorroztuko dituzte neurriak 400eko intzidentzia tasa gainditzen denean. Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak ez du horri buruzko azalpenik eman gaurko agerraldian. Gaur emandako datuen arabera, 5.000 biztanle baino gehiagoko herri hauetan gertatuko litzateke hori.
Bizkaian: Elorrio (751,88), Ermua (699,17), Muskiz (441,24) eta Ondarroa (548,62).
Gipuzkoan: Beasain (813,07), Lazkao (1154,12) eta Ordizia (883,81).
Araban ez dago 5.000 biztanletik gora duen herririk 400dik gorako tasarekin. Araban gertatzen den bezala, Gasteiz ere ez da heltzen 400eko tasara, baina ez dabil urrun: gaur emandako datuetan 341eko intzidentzia tasa du Arabako hiriburuak. Hiriburuen artean, Bilbo da tasarik handiena duen hurrengoa: 326,43. Donostiak 160,64ko tasa dauka.
Nafarroako Gobernuak gaur Milagron ezarri du itxiera perimetrala, azken egunetako intzidentzia tasa dela eta. Hala erabaki zuen asteazkenean. Asteazkenaren aurreko hamalau egunetan, 100.000 biztanleko 1.874ko positibo tasa izan zuen herriak. Udalarekin adostuta hartu du neurri hori Nafarroako Gobernuak.