Ertzaintzak eman du gaur arratsaldean hilketaren berri. Atzo gauean gertatu zen Zarautzen (Gipuzkoa), Itsasmendi auzoko etxebizitza batean. 53 urteko emakume bat hil dute, eta, horrekin lotuta, 47 urteko gizonezko bat atxilotu dute. Giza hilketaren delitu bat egozten diote gizonari. Hasieran zabaldutako informazioan, Ertzaintzak ez du argitu heriotzak indarkeria matxistarekin lotura ote duen, baina handik gutxira Zarauzko Udalak berretsi du hilketa matxista izan dela, eta adierazpen instituzional bat onartu. Horrekin batera etorri dira Gipuzkoako Foru Aldundiaren gaitzespena, baita Eudelena eta Emakunde institutuarena ere.Â
Erakunde horiek guztiek gaitzetsi dute hilketa matxista, eta dei egin dute arbuio hori kalean adieraztera. Izan ere, udalak deituta, bihar egingo dute elkarretaratze bat Zarauzko Lege Zaharren plazan, 19:00etan. Foru aldundiak, berriz, 12:00etan antolatu du protesta, Donostian, Gipuzkoa plazan.Â
Zarauzko Udalak hilketaren berri izan eta gutxira deitu du bozeramaileen batzordera, eta udal talde guztiek aho batez onartu dute adierazpen instituzionala. «Emakumeen aurkako indarkeria matxistaren adierazpen guztiak» salatu dituzte. Xabier Txurruka alkateak berretsi du hilketa matxista izan dela.Â
Onartutako adierazpena irakurtzeko agerraldia egin dute alkateak eta udalean ordezkaritza duten alderdietako bozeramaileek. Testuan jasotakoak irakurri ditu Txurrukak, eta esan du haren bidez udalak adierazi duela «haien gaitzespen gorena eta sentitzen duen sumindura sakona» gaur jakin den indarkeria matxistaren hilketari dagokionez.
Halaber, udalak «laguntza eta elkartasun osoa» eman die biktimaren senideei eta gertuko inguruneari. Txurrukak azaldu duenez, «dagoeneko jarri dira haien eskura indarkeria matxistaren kasuetarako dagoen arreta eta babesa emateko zerbitzu espezializatuak».
Emakumeek jasaten dituzten indarkeria matxista guztiak salatu dituzte, eta, aldi berean, herritarrei gogorarazi die «gure gizartean oraindik nagusi diren emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren adierazpen» direla, eta udala horren aurka dagoela.Â
Amaitzeko, udalak dei egin die herritar guztiei «indarkeriaren aurkako borrokan zeregin aktiboa» izan dezaten. Izan ere, beharrezkotzat jo dute «jarrera aktiboa» izatea, emakumeen aurkako edozein indarkeria adierazpenen aurka. Txurrukak adierazi duenez, «ez dugu onartu behar, ez dugu isilik egon behar, eta gure babesa eman behar diegu indarkeria jasan dutenei; azken batean, banakako eta taldeko erantzukizuna hartu behar dugu eraso matxisten aurrean».
Samina eta elkartasuna
Gipuzkoako Foru Aldundiak irmoki gaitzetsi du Zarautzen gertatutako hilketa matxista, eta samina eta elkartasuna adierazi die biktimaren hurbilekoei. Halaber, antolatzen diren elkarretaratzeekin bat egiteko deia egin die herritarrei: «Emakumeen aurkako indarkeriak ez du lekurik gure gizartean, eta ez gara geldituko indarkeria desagerrarazi arte».
Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiaren esanetan, «gaur dolu eguna da Gipuzkoarentzat. Ahotsa altxatu behar dugu, inoiz baino ozenago, emakumeen aurkako indarkeriak gure gizartean eta munduko beste inon ez duela lekurik berresteko. Ez gara geldituko erabat desagerrarazi arte». Hilketa honen inguruan bere «haserre eta gaitzespen sakona» adierazi du.
Emakundek ere gaitzetsi du hilketa matxista, eta bere elkartasuna eta laguntza eskaini die eraildako emakumearen familiari eta gertukoei. Emakundek abian jarri du halako kasuetarako protokoloa, eta egingo den kontzentrazioan parte hartuko du. Emakundek gogoratu du emakumeen aurkako indarkeria mota hau menpekotasunaren eta emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasunaren adierazgarri latz eta gogorrena dela, eta dei egin die herritarrei euren gaitzespena azaldu dezaten, emakumeen kontrako indarkeriarik gabeko gizarte bat eraikitzeko ezinbestekoa delako herritar guztien jarrera aktiboa.
Eudelek udalen elkarteak mezu bera eman du, eta, gogorarazi duenez, «tragedia honek berriro dakarkigu gogora hala erakundeek nola euskal gizarte osoak daukagun erantzukizuna». Alde horretatik, erantsi duenez, «gure sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar dugu, etorkizuna ordezkatzen dutenei zuzenduta; gure herritar gazteenei zuzenduta, alegia»