Tramite luzea baino ez da geratzen. Behin Nafarroako Gobernuak EH Bildurekin 2026ko aurrekontuei bide emateko akordioa lortu ondotik, Nafarroako Parlamentuak kontuak onartzeko bidea zehaztu du. Bi mugarri garrantzitsu izango ditu. Azaroaren 20an atzera botako dira oposizioaren osoko zuzenketak —PPk jada iragarri du aurkeztuko duela—, eta abenduaren 18an aterako da aurrera urteko legerik garrantzitsuena.Â
Haatik, bide luze horretan, beste hainbat geltoki bete beharko dituzte taldeek. Hasteko, oposizioak azaroaren 13ra arteko epea du osoko zuzenketak aurkezteko. Zuzenketa partzialak, berriz, parlamentuko Ekonomia eta Ogasun batzordean eztabaidatuko dira abenduaren 1etik 12ra bitartean.
Akordioaren baitan, PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak elkarrekin hitzartutako zuzenketak onartzeko konpromisoa dute. Halaber, EH Bilduk jada jakinarazi du oposizioaren zuzenketarik ez duela babestuko. Gehiengoen eta gutxiengoen arteko joko politiko horretan, UPNk, PPk eta Voxek ezinezko izango dute euren proposamenak gauzatzea.Â
Zazpigarren akordioa
Laura Aznal EH Bilduko diputatuak gogora ekarri du Maria Txibiteren koalizio gobernuarekin hitzartutako zazpigarren akordioa dela, eta 11. akordioa, UPNk gobernua utzi zuenez geroztik. Ostiralean adierazi bezala, berretsi du koalizio abertzaleak egonkortasuna eman diola Nafarroako Gobernuari urte hauetan guztietan.Â
PSNko Ainhoa Unzuren hitzetan, egonkortasunak eta normaltasun instituzionalak talka egiten dute bete-betean UPNren, PPren eta Voxen estrategiarekin. Izan ere, Vito Quiles eskuin muturreko ekintzailea Iruñera etorri ez bazen ere, antifaxisten eta polizien arteko liskarren harira Nafarroara kale erasoak itzuli direla esan du UPNk egunotan. Iraganera begira egotea leporatu dio Unzuk: «ETA jada ez da existitzen, ezta kale borrokarik ere». Dena den, PSNk adierazpen instituzional bat proposatu du izandako istiluak salatzeko.
Iruñeko Udala, berriz, PSNrekin negoziatzen ari da 2026ko aurrekontua. Marina Curiel eledun sozialistaren arabera, zerbitzu publikoak, bizikidetza eta berdintasuna dute xede elkarrizketa horietan. Hainbat inbertsio proposatu dizkiote udal gobernuari. Lau milioi euro inguruko proposamenak dira.Â
UPNren udal taldeak aurpegiratu dio PSNri «antzerkia» egiten ari dela. Zentsura mozioa gertatu zeneko argudio berarekin dabil eskuineko alderdia. UPNren arabera, «Pedro Sanchezek Iruñeko Udala saldu zion EH Bilduri».