PPk osoko zuzenketa aurkeztuko die Nafarroako Gobernuaren aurrekontuei

Javier Garciaren esanetan, «EH Bilduren interesak» defendatzen ditu aurrekontu proiektuak. Gobernuak bermatua du aurrekontuak onartzea, koalizio subiranistarekin akordio bat egin ostean.

Javier Garcia, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Javier Garcia, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iosu Alberdi.
2025eko azaroaren 1a
15:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako Gobernuak atzo aurkeztu zuen 2026ko aurrekontuen lege proiektua parlamentuan, EH Bildurekin horiek bideratzeko akordioa sinatu ostean. Koalizio subiranistaren abstentzioa adostuta, gobernuak bermatua du aurrekontuak onartzea, baina eskuineko alderdiek ez dute nahi abenduaren 18ra arteko bidea erraztu. Hala, PPk gaur iragarri du osoko zuzenketa bat aurkeztuko duela. Gauza bera iradoki zuen duela egun batzuk UPNk ere.

Alderdi Popularrak ohar bidez eman du bere erabakiaren berri. Javier Garcia Nafarroako PPko buruak aitortu du aurreikus zitekeela osoko zuzenketa bat aurkeztuko zutela, baina azaldu du proiektua ezagutu arte itxaron nahi izan dutela haren berri emateko. Behin proiektuaren berri izanda, hala adierazi du: «Ez dugu ezustekorik izan, aurrekontu proiektu honek Txibiteren gobernuaren bide kontinuista baieztatzen baitu: nazionalismoaren interesei men egiten die gero eta gehiago».

Hain zuzen, atzo akordioaren ostean UPNk erabilitako argudio berdinak erabili ditu Alderdi Popularrak ere haren kontra egiteko. Batetik, euren ustez, aurrekontuek «EH Bilduren interesak» defendatzen dituzte, nafarrenak defendatu beharrean. Bestetik, ez diete herritarren «benetako kezkei» erantzuten, PPko buruaren ustez, gobernuaren kezka nagusia baita hura «itotzen ari den ustelkeriatik» defendatzea.

Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilari Jose Luis Arastik urriaren 10ean aurkeztu zuen aurrekontu proiektua: 6.741 milioi eurokoa; zorpetzerako atala kenduta, 6.319 milioi euro izango ditu gobernuak gastu eta inbertsio publikorako. PSN, Geroa Bai eta Zurekin hirukoak, baina, ez du gehiengorik, eta, azken urteetan egin bezala, EH Bilduren babesa bilatu dute aurrekontuak aurrera ateratzeko. Atzo iragarri zuten bi aldeek akordioa, eta adostutako neurrien artean dira kenkarien eta osagarrien bidez 15.400 euro gordineko pentsioak bermatzea eta Faltzesen D eredua ezartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.