Aberri Eguna «Euskal Herriaren egun» bilakatu dadila eskatu du EH Batera-k Lizarran

Lizarrako Los Llanos kulturgunean Aberri Egunaren ofizialtasunaren eta instituzionalizazioaren aldeko ekitaldia egin dute. Lizarrako herriak protagonismo handia izan du, eta frankistek fusilatutako Fortunato Agirre alkatea omendu dute.

Xabier Euzkitze EH Batera-ren manifestua irakurtzen, Lizarrako Los Llanos kulturgunean. RAUL BOGAJO / FOKU
Xabier Euzkitze EH Batera-ren manifestua irakurtzen, Lizarrako Los Llanos kulturgunean. RAUL BOGAJO / FOKU
joxerra senar
Lizarra
2026ko martxoaren 28a
15:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Ozen dei egin nahi dugu Lizarratik mundu zabalera, gure nortasuna aldarrikatzeko eta nazio gisa indartzeko». Eguerdian, Xabier Euzkitzek Euskal Herria Batera plataformaren izenean adierazi du euskal lurralde guztietan Aberri Egunari ofizialtasuna eta instituzionalizazioa eman behar zaiola.

Are, urtero Pazko igandean ospatu ohi den Aberri Eguna «Euskal Herriaren egun» bilakatu dadila eskatu du. «Euskal herritar guztiona», zehaztu du, eta honako hau gaineratu: «Arduraz eta anbizioz jokatzeko garaia da. Euskal Herria eta bere komunitatea indartu behar ditugu sinbolikoki, politikoki eta instituzionalki».

Euzkitzek Lizarrako Los Llanos kulturgunearen aurrealdean esan dizkie hitzok bertaratutako kazetariei. Apurka jende andana elkartuz joan da kanpoaldean, horietariko asko Euskal Herriko eragile politiko eta sozialetako ordezkariak. Bertan izan dira Unai Hualde EAJren Napar Buru Batzarreko presidentea, Arantza Tapia Sabino Arana fundazioko lehendakaria, EH Bilduko Miren Zabaleta eta Maddalen Iriarte, ELAko Unai Oñederra eta Imanol Pascual, LABeko Igor Arroyo eta Imanol Karrera, eta Gure Esku-ko Josu Etxaburu, besteak beste.

Hain justu ere, eragile horietako batzuei harrera egin die sarreran Euskal Herria Batera-k, eta, bi dantzarirekin batera, katean dantzatu dute guztiek elkar harturik. 

Sarreran, Los Llanosera bertaratutako hainbat eragile eskutik helduta, katean. RAUL BOGAJO / FOKU
Sarreran, Los Llanosera bertaratutako hainbat eragile eskutik helduta, katean. RAUL BOGAJO / FOKU

Handik kulturgune barrura sartu dira denak, eta ekitaldiari hasiera eman diote 12:00ak igarota. Gainerako ekitaldietan adierazpenak amaierarako uzten badira ere, EH Batera-k hasieran irakurri du dokumentua: euskaraz zabal Xabier Euzkitzek, eta frantsesez zein gazteleraz laburrago Maitena Diribarnek eta Carlos Etcheparek, hurrenez hurren.

Mezu politikoa

Sei urte falta dira Bilbon lehen Aberri Eguna egin zeneko mendeurrenera iristeko, eta, EH Batera-ren arabera, ez du aldarrikapen zentzua galdu egunak, «euskal nazioaren askatasun eta demokrazia nahia aldarrikatzen baitira» egun horretan. Ospakizunak berak «ezkutatu ezin den esanahi politikoa» du gaur egungo Euskal Herri honetan.  

Euzkitzek hasieran esandakoaren ildotik, EH Batera-k «inoiz baino beharrezkoago» jotzen du euskal lurraldeen batasuna adieraziko duen ospakizun ofizial bat egitea urtero. «Horri Aberri Eguna esaten zaio; alegia, Euskal Herriaren izatea ospatzeko eguna izan behar du». Gaineratu dutenez, Aberri Egunari «gaur ez duen aitortza eta zabalpena» ematea urrats txiki bat izango litzateke, baina, bere neurrian, «uste baino eraginkortasun handiagoa izango lukeen urratsa» litzateke.

«Euskal nazioa garela adierazteko egun ofiziala izateak eta hura instituzionalizatzeak euskal herritarron batasuna, parekidetasuna eta subiranotasuna adieraziko lituzke». Egunaren beraren sinbologia indartzeko eta aitortza handitzeko eskatu dute.

«Anbizioz eta ausardiaz jokatzeko garaia da. Euskal Herria eta bere komunitatea indartu behar ditugu sinbolikoki, politikoki eta instituzionalki»

XABIER EUZKITZE Euskal Herria Batera-ko eleduna

Horretarako hainbat urrats egitea proposatu dute, «sektore abertzaleen aldarrikapen eguna» soilik izan beharrean, «euskal herritar guztien egun handia bilakatu» dadin. Ofizialtasuna lortzeko, euskal herritar guztiek bere sentitu behar dute eguna, EH Batera-ren ustez. «Ofizialtasunak unibertsalizazioa ekartzen du, eta guk unibertsal bilakatu nahi dugu euskal komunitatearen parte izatea. Zoru horren gainean askotariko identitateak eta atxikimenduak sar daitezkeela ulertzen dugu».

Era berean, ofizialtasunak ekarri beharko luke Euskal Herriko erakunde guztiek ospatzea Euskal Herriko eguna, «agerian, dagokion solemnitatearekin eta urteroko maiztasunarekin». Horri begira, EH Batera-k laguntza eskatu du, jakitun eztabaida hori ezin dutela bakarrik egin. «Jendarte zibilak bultzatutako herri egitasmoa gara, eta, herri gisa jauziak egiteko garai honetan, erakundeei, eragileei eta jendarteari dagokie protagonista izatea».

Fortunato Agirreri omenaldia

Ekitaldiak ordubete inguru iraun du, eta bertan protagonismo berezia izan du Lizarrako herriak. Dantzak, jotak eta kantak entzun dira. Unerik hunkigarriena Fortunato Agirreri, 1936an fusilatua izan zen alkate abertzaleari, egindako omenaldia izan da. Mikele Agirre alabak esker hitzak izan ditu: «Nire aita abertzalea zen, jaun bat, eta Euskal Herria maite zuen, bere ohiturak eta hizkuntza. Euskaldun berria zen, eta primeran egiten zuen euskaraz. Baina, ororen gainetik, demokrata handia zen».

Los Llanosen bildutakoek minutu eta erdiz txalo artean hartu dituzte senideak oholtzara igo direnean. Mikele Agirreri ahotsa urratu zaio aita gogoratzean, eta gero, ezin izan dio negarrari eutsi, Mirentxu bere ahizpa bikia iaz hil zela gogoan.

Hari lagundu nahirik, Ekhine Atorrasagasti EH Batera-ko eledunak gogora ekarri du Fortunato Lizarrako alkate izan zela II. Errepublika garaian eta haren udalak euskal kultura bultzatu zuela. «Gaur egungo Lizarra ez zen izango den bezalakoa hura gabe. Euskal ondarearen gordailu bilakatzeko ahalegina egin zuen, eta horregatik ere zigortu zuten. Bizi-bizirik dauden arrastoak ditugu. Esaterako, Osasuna futbol taldea: euskarazko izena du. Fortunato Agirre hori eta askoz gehiago izan zen». 

«Guztia kendu ziguten, baina amak ikurrin bat gorde zuen, eta urtero etxean jartzen zuen Aberri Egunean» 

MIKELE AGIRRE Fortunato Agirreren alaba

Haien aita gerra hasi eta berehala hil bazuten ere, etxean beti ospatu izan zuten Aberri Eguna, Mikele Agirrek hunkituta kontatu duenez. «Guztia kendu ziguten, baina amak ikurrin bat gorde zuen, eta, urtero lanpara baten gainean jartzen zuen Aberri Egunean. Bazkalostean, sendi guztia zutik jartzen ginen, eta Gora eta gora kantatzen genuen. Eta amaitutakoan, oihu egiten genuen: 'Gora Euskadi askatuta!'. Ondoren, postrerako arrautzesnea jaten genuen. Amak gainean merengearekin Aberri Eguna idazten zuen». Haren alaba Izaskunek azpimarratu du bere oinordeko guztiek hartu dutela euskararen lekukoa. 

Jarraian, berriro ere txalo artean, Koldo Leoz Lizarrako alkate ohiak ilustrazio bana eman die senideei, EH Batera-ren izenean.

Koldo Leoz Lizarrako alkate ohia eta alboan Fortunago Agirreren alaba Mikele Agirre eta haren biloba Irantzu. RAUL BOGAJO / FOKU
Koldo Leoz Lizarrako alkate ohia, eta alboan, Fortunato Agirreren alaba Mikele Agirre eta haren biloba Irantzu. RAUL BOGAJO / FOK,

Kultur emanaldia Xabier Irujok antolatu du, eta ikus-entzunezkoak eta emanaldiak tartekatu dituzte. Herriko dantzari, musikari eta artistek parte hartu dute, besteak beste, Lizarra Kantuz-eko abeslariek Iparragirreren Gernikako arbola eta Pantxoa eta Peioren Odol mina abestu dituzte. Itziar Oteizak, akordeoia eskuan eta bakarrik, Nafarroa jota kantatu du ozen. Iñaki Etxarrenek eta Alba Etxarrik, berriz, Mikel Laboaren Txoria txori intepretatu dute. Lizarrako dantzariek, berriz, larrain dantza eta makil dantza egin dituzte.

EH Batera-ren arabera, Lizarra erreferentziazko lekua izan da, eta, horregatik, ikuskizunak hura izan du ardatz. Kasurako, gogora ekarri dute Pirinioetako Foruaren habia izan zela, eta ondorioz duela mila urte inguru Euskal Herrian idatziriko lehen legeetako bat bertan ezarri zela. Halaber, XIX. mendean, foruen defentsan nabarmendu zen, eta, Errepublikan, estatutua bultzatzeko lehen bilera bertan egin zen.

Frankismo garaiko bando bat jarri dute jarraian. Esate baterako, debekatu egiten zen txistua, euskal kulturaren instrumentu hark Nafarroan ez zuelako tokirik frankistentzat. Euskaraz hitz egitea eta kalean «agur» esatea ere debekatu zuten. «Eta horrela jarraitu du Lizarrak; agur esaten jakin ez, eta ez diegu agur esango euskarari, txistuari, euskal kirolei, kulturari, gure eskubide eta eginbeharrei eta gure identitateari», nabarmendu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA