EH Batera-k Euskal Herri osoko eragile ugari elkartu ditu Lizarrako ekitaldian (Nafarroa). Iraganari zein etorkizunari so ari diren fundazioek, gazte antolakundeek, kirol arloko erakundeek, euskalgintzakoek eta, noski, alderdi eta sindikatu abertzaleek euren ordezkaritzak bidali dituzte. Egitasmoa txalotu dute, eta lan egiteko prest azaldu dira gaur landutakoek bidea egin dezaten.
Ikusi gehiago
EH Bilduk Gipuzkoako Batzar Nagusietan duen eledun Maddalen Iriarteren esanetan, gaurko ekitaldiak helburu argi bat erakusten du: «Herri honen aldarrikapena egiten dugun guztion arteko Aberri Egun bat nahi dugu». Izan ere, argudiatu du herri guztiek dutela halako egun bat, eta Euskal Herriak ere izan beharko lukeela. Bilkideak nabarmendu du, «zatituta» egon arren, Euskal Herria «herri oso bat» dela, eta hori aldarrikatu beharrekoa dela.
EAJren ordezkaritzaren parte izan da alderdiaren Napar Buru Batzarreko buru eta Nafarroako Parlamentuko presidente Unai Hualde. Hark esan du jeltzaleek «errespetuz eta interesez» erreparatzen dietela Aberri Egunaren harira lanean ari diren herri egitasmoei, eta pozik azaldu da halako ekitaldi bat Lizarran egin delako. «Abertzaleontzat hiri enblematikoa da, eta hemen egon behar ginen». Azaldu du udalerri hori aproposa izan dela iraganari erreparatzeko zein «abertzaletasuna harro aldarrikatzeko». Etorkizunera begira, berriz, auziaren inguruan hausnartu egin behar dela aitortu du, baita alderdien barruan ere.
Aberri Egun bateratu baten alde azaldu dira ELAko eta LABeko ordezkariak ere. ELAko Unai Oñederrak Aberri Egun «ez-alderdikoi» bat defendatu du, eta prest azaldu da hura erdiesteko ahaleginak babesteko. Hori bai, uste du «fikzioak» alde batera utzi behar direla: «Egiten den ahaleginak benetakoa eta esanguratsua izan behar du, eta bat egin behar du estrategia politikoekin».
LABeko koordinatzaile orokor Igor Arroyok, berriz, «itxaropen mezuen» garrantzia nabarmendu du, «munduan itzalak zabaltzen ari diren honetan». Haren ustez, gaurkoaren gisako ekitaldiek erakusten dute Euskal Herriak «herri moduan antolatzeko» bidea egin dezakeela.
«Euskal Herria ere bagara»
Ekitaldia babestu soilik ez, Gure Esku-k elkarlan hitzarmen bat ere sinatu du EH Batera plataformarekin. Hala, erabakitzeko eskubidearen aldeko plataforma ere presente egon da Lizarran. Josu Etxaburu eledunak Aberri Egun bateratu baten aldeko mezua babestu du: «Korrikatik gatoz, eta euskara garela esaten ari gara. Baina, Euskal Herria ere bagara, eta, estaturik gabeko hainbat naziok bezala, guk ere Aberri Egun bat behar dugu, non euskal herritarrok elkarrekin topo egingo dugun».
Etxabururen esanetan, halako egun batek euskalduntasuna eta Euskal Herriarekiko atxikimendua aldarrikatzeko balio beharko luke. Badaki, baina, «apurka-apurka» egin beharreko bidea dela, adostasunetan oinarrituta, baina xede argi batekin: «instituzionalizaziora» iristea.