Abian dira Elorrion Euskal Herriko gaztetxeen topaketak

Gaur iluntzera bitarte, Euskal Herriko ehun gazte asanblada eta zazpiehun gazte baino gehiago bilduko dira. Topaketa «eztabaidarako, hausnarketarako eta borrokarako leku» izatea espero dute antolatzaileek.

Topaketako mahai inguru bat, atzo, Elorrion. EH TOPAKETAK
Topaketako mahai inguru bat, atzo, Elorrion. EH TOPAKETAK
aitor biain
2026ko maiatzaren 30a
11:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atzo arratsaldeaz geroztik, abian dira Euskal Herriko gaztetxeen eta gazte asanbladen topaketak, eta, gaur iluntzera bitarte, Euskal Herri guztiko ehun gazte asanblada eta zazpiehun gazte baino gehiago bilduko dira Elorrion (Bizkaia). Bilkura «eztabaidarako, hausnarketarako eta borrokarako leku» izatea espero dute antolatzaileek: «Prozesu honek orain artean ekarpen handia egin dio  gaztetxeen eta gazte asanbladen arteko sarea indartzeari, eta espero dugu, topaketak amaituta, are eta indar handiagoz itzultzea gure herri eta auzoetan eragitera».

Hausnarketa kolektiboak dira, hain zuzen ere, topaketen egitarauaren ardatz nagusiak. Izan ere, askotariko gaiei buruzko gogoetak egiteko, tailerrak eta mahai inguruak egin zituzten atzo, «gazte asanbladetan metatzen den jakintza elkarren artean zabaltzeko» xedez. Hizpide izan zituzten, besteak beste, okupazio mugimendua, elektrizitatea, bertsoa, antzerkia eta kirola. Baita euskara ere.

Topaketen egun nagusia gaur izango da, baina. Goizean gazteen antolakuntzaz eta gaztetxe mugimenduaren erronkez arituko dira, eta hausnarketa kolektibo bat egitea izango da helburua. «Uste dugu garai honek borroka eskatzen duela, eta, horretarako, ezinbestekoa da gazteon artean eztabaidaren kultura sustatzea», adierazi dute antolatzaileek. Arratsaldean, berriz, manifestazioa egingo dute, Elorrioko plazatik hasita, gaztetxeen beharra aldarrikatzeko eta gazteei antolatzeko deia egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA