Euskal Herriko gaztetxeen topaketak eginen dituzte maiatzean Elorrion

Gaztetxeen eta gazte asanbladen sarea eta komunitatea «indartzea» da saioen helburua.

Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanbladen topaketaren aurkezpena. EH TOPAKETAK
Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanbladen topaketaren aurkezpena. EH TOPAKETAK
Isabel Jaurena.
2026ko apirilaren 27a
09:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Inoiz baino premiazkoagoa iruditzen zaigu batzea eta antolatzea, ezinbestekoa baita dagoen ofentsibaren aurrean indarrak batu eta prestatzea. Batu gaztetxeen aldeko borrokara!». Elorrio (Bizkaia) izanen da antolakuntza horren lekuko, han eginen baitituzte Euskal Herriko Gaztetxe eta Gazte Asanbladen topaketak, maiatzaren 29an eta 30ean.

Antolatzaileen erranetan, saio horien helburua gaztetxeen eta gazte asanbladen sarea eta komunitatea «indartzea» da, «erronka zaharren zein berrien inguruan kolektiboki hausnartzeko». Eta, hain zuzen, hausnarketa kolektibo horiek dira topaketen egitarauari forma emanen diotenak: asanblada irekien bidez ari dira topaketak antolatzen; sei saio egin dituzte dagoeneko eta zazpigarrena datozen asteetan izanen da. Saio horietan parte hartzera dei egin diote Euskal Herriko gaztetxe zein gazte asanblada orori.

«Garai nahasiegiak bizi ditugu begira geratzeko: bizi baldintzen pobretzea, erreakzioa edota indibidualismoa, eta gaztetxeak zein okupazioa jopuntuan. Baina ez gara begira geratzen; auzoz auzo eta herriz herri antolatuta gaude», adierazi dute, eta gogoratu azken asteetan bi gaztetxe hustu dituztela: Galdakaon (Bizkaia) bata eta Iruñeko Arrotxapea auzoan bertzea.

Berretsi dute, baina, horrelako jarreren aurka egunero «borroka eta ilusioa» antolatzen dituztela: «Borroka hau, ordea, ez da gaur hasten. Euskal Herrian gure aurretik egindakoen lekukoa hartu dugu, eta iraganeko borroka bakoitzari begiratzen diogu, irakaspenak atera eta eredu bat aurkitzeko». Eta antolatzera dei egin dute. 

Beste etorkizun bat

2024ko ekainean, Euskal Herriko txoko guztietako berrogei gaztetxe eta gazte asanblada baino gehiagotako kide ugari bildu ziren Leitzan (Nafarroa). Tailerrak, mahai inguruak, solasaldiak eta manifestazioa egin zituzten, eta beste etorkizun bat eraikitzeko konpromisoa berretsi: «Hemen ez da ezer hasi, eta ez da ezer bukatuko. Ez gaude gure lurra, herria eta bizitza saltzen uzteko prest. Horregatik antolatzen gara gazte asanbladetan, ez direlako gaztetxeak soilik, mundua ulertzeko modu bat baizik».

Konpromiso horri heldu zioten iaz Ipar Euskal Herriko gaztetxeetako kideek: Itsasun (Lapurdi) elkartu ziren, koordinazio kolektiboa iraunarazteko eta dinamika orokor bat abiatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA