Abortatzeko eskubidearen alde mobilizatzera dei egin du Itaiak

Gasteizko Zigor Arloko Lehen Epaitegiak errugabetzat jo ditu Askabide klinikaren aitzinean abortuaren kontrako elkarretaratzeak egin zituzten 21 pertsonak. Erabakia salatzeko elkarretaratzea eginen du antolakunde sozialistak: bihar 19:00etan, Gasteizen.

Abortatzeko eskubidearen alde Itaiak egindako ekintza bat, artxiboko irudi batean. ITAIA
Abortatzeko eskubidearen alde Itaiak egindako ekintza bat, artxiboko irudi batean. ITAIA
Isabel Jaurena.
2025eko abenduaren 11
12:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Askabide klinikaren aitzinean abortuaren kontra biltzeagatik epaitutako 21 pertsonak absolbitu zituen herenegun Gasteizko Zigor Arloko Lehen Epaitegiak. Epailearen erranetan, otoitz egiteko bildutakoak ez zitzaizkion inori jazarri, eta ez zioten inori oztopatu abortatzeko eskubidea. Epailearen erabakiak kritika anitz jaso ditu: Naroa Iturri Askabide klinikako arduradunaren iritziz, erraterako, epaiak erakutsi du legeak, emakumeak eta langileak babesteko helburua badu ere, hutsuneak dituela. Itaia emakumeen antolakunde sozialistaren irudiko, berriz, hartutako neurriek emakume langileen kontra egiten dute. Hala, mobilizatzera dei egin dute: bihar 19:00etan elkarretaratzea eginen dute, Gasteizko Posta kalean.

Sare sozialen bidez egin ditu Itaiak adierazpenak: «Gogor salatu nahi dugu kontzentrazio horien helburu bakarra emakumeak zein klinikako langileak kriminalizatzea dela. Protesta hauek ez dira behin ere zigortu, eta orain sententzia honek protestak inpunitate osoz eta are lasaiago aurrera eramateko baldintzak ezartzen ditu». Izan ere, epaileak ondorioztatu du abortuaren kontrakoak ez zitzaizkiola inori jazarri: «Ez zen izan ez giro jazarpenik, ez bestelakorik». «Biltzeko eskubidea erabili baino ez zuten egin», ebatzi du epaileak.

Antolakunde sozialistak nabarmendu du abortatzeko eskubidearen aldeko borroka ezinbertzekoa dela: «Egun, osasun sisteman interes ekonomikoak lehenesten dira, eta horrek abortua bezalako zerbitzuak kalitatezkoak eta unibertsalak izatea galarazten du». Egoera hori ezin da dekretuz aldatu, Itaiaren erranetan, eta, hortaz, beharrezkoa da errentagarritasun hori aldatu eta bertzelako urratsak egitea: «Batetik, doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala izango den abortuaren alde egitea, eta, bestetik, abortu eskubidea urratzen duen neurri orori aurre egitea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.