Ane Lindane artistak gaur eguerdian deklaratu behar izan du Bilboko epaitegian, ekainaren 29an EHZ festibalean Arberatze-Zilhekoako (Nafarroa Beherea) elizan eman zuen bakarrizketaren karietara. Espainiako Abokatu Kristauen Fundazioak aurkeztu zuen haren kontrako salaketa, «eliza bateko aldare nagusira igotzea, gurutze batekin masturbatzen zela simulatzea eta bideoak sare sozialetan zabaltzea» leporatuta. «Eskarnio delitu bat» egotzita, zortzi eta hamabi hilabete bitarteko isuna ezar diezaiokete Lindaneri. Artistak, ordea, auzia artxibatuko dutela uste du: «Lerdokeriatzat» jo du salaketa. Hala ere, «adierazpen askatasunaren kontrako eraso faxista bat» dela azpimarratu du. Hari elkartasuna adierazteko, elkarretaratzea egin dute hainbat lagunek, epaitegiaren aurrean.
Lindanek aitortu du ez ziola oihartzun handiagoa eman nahi auziari: «Nazkatuta nago honetaz. Kontua da haiek ere hedabideak deitu dituztela, ziurrenik salaketa artxibatu egingo dutela baitakite». Hain justu, 12:15erako egin du prentsaurreko deialdia abokatu taldeak. Hori dela eta, pauso bat aurrera ematea erabaki du umorista barakaldarrak, bere ahotsa entzun dadin. Deklaratu baino ordu erdi lehenago, 12:00etan, azalpenak eman ditu, Bilboko epaitegiaren aurrean. Errepidearen beste aldean, hainbat lagun elkartu dira Lindaneri elkartasuna adierazteko, «Abogados kristianos = Inkisizioa» leloa irakur zitekeen pankarta baten atzean.
Lehenik eta behin, bakarrizketa egiteko baimena bazeukatela azpimarratu du artistak, eta Frantzian elizak publikoak direla nabarmendu. 1971n estreinatutako Exorzista filma gogora ekarri nahi zuen Lindanek, Elizan gertatu sexu erasoak salatzeko eta katolizismoaren erroak kolokan jartzeko. «Integrista katoliko horiek, ordea, eskandalizatu egin ziren».
«Frantzian delitu hori ez da existitzen. Baina Espainian, legeak oraindik Eliza katolikoari ikaragarri lotuta daude. Hala ere, han egindako delitu batengatik salaketa hemen aurkezteak ez dauka zentzurik»
ANE LINDANE Artista eta umorista
Frantzian bere aurkako salaketa ezin izan dutela aurkeztu esan du Lindanek, udan Baionako Fiskaltzak haren kontrako ikerketa abiatu zuen arren. «Frantzian delitu hori ez da existitzen. Baina Espainian, legeak oraindik Eliza katolikoari ikaragarri lotuta daude. Hala ere, han egindako delitu batengatik salaketa hemen aurkezteak ez dauka zentzurik». Horregatik uste du epaileak artxibatzea erabakiko duela.
Abokatu Kristauen Fundazioak argudiatzen dutena zera da: Lindanek «Espainian zegoela» jarri zuen bideoa sare sozialetan. Umoristak, ordea, gezurtatu egin du hori: «Senperen nengoela ipini nuen». «Dena dela, lerdokeria galanta da argudiatzen dutena», aurpegiratu die hark. «Imajina ezazu Herbehereetara noala eta coffe shop batean bideo bat grabatu eta sareetan ipintzen dudala. Zentzuzkoa litzateke Espainiako drogaren aurkako elkarteren batek nire aurkako salaketa aurkeztea, han kalamua kontsumitzea ilegala delako?».

«Nik zintzoki uste dut ez daudela minduta. Kontua da faxista hutsak direla», adierazi du Lindanek. Are gehiago, Espainiako Abokatu Kristauen Fundazioaren atzean El Yunque erakundea isilpeko sekta ultraeskuindarra dagoela uste du berak. Ildo berean, jarri dioten salaketa «adierazpen askatasunaren eta sorkuntza artistikoaren kontrako eraso faxistatzat» jo du Lindanek. «Oraingo honetan niri egokitu zait».
«Erlijio askatasuna defendatzera»
Polonia Castellanos Espainiako Abokatu Kristauen Fundazioko presidenteak ere epaitegiaren ateetan egin ditu adierazpenak, hark 12:30ean deklaratu behar baitzuen epailearen aurrean, Lindanek bezalaxe. Artistari elkartasuna adierazteko batu direnek «adierazpen askatasuna» eta «faxistak kanpora» aldarriak oihukatuz hartu dute. Valladolideko letraduak zera adierazi du: «Erlijio askatasunerako oinarrizko eskubidea defendatzera eta errespetua eskatzera baino ez gara etorri, ez baita beharrezkoa iraintzea umorea egiteko, ezta askatasunez jarduteko ere».
«Erlijio askatasunerako oinarrizko eskubidea defendatzera eta errespetua eskatzera baino ez gara etorri, ez baita beharrezkoa iraintzea umorea egiteko, ezta askatasunez jarduteko ere»
POLONIA CASTELLANOS Espainiako Abokatu Kristauen Fundazioko presidentea
«Delitua dena lausotzen saiatzeko adierazpen askatasuna eskatzen duten horiek dira intoleranteak. Horiek ez dute adierazpen askatasuna defendatzen». Are gehiago, Lindaneri elkartasuna adierazteko batutakoei buruz mintzatuz, umorista barakaldarra «koldartzat» jo du Castellanosek, «bera bakarrik etortzera ez baita ausartu».
Horrenbestez, legea betetzea eta kode penala aplikatzea eskatu du abokatu kristauen ordezkariak, eta Lindanek bideoa «Espainian zegoela» argitaratu zuela berriz esan. Castellanosen arabera, Espainiako Zigor Kodearen 525. artikulua aplikatu beharko liokete artistari, «eskarnio delitu batengatik», eta zortzi eta hamabi hilabete bitarteko isuna jarri. «Gainera, Frantzian epaitzekotan, gorroto delitua litzateke, arrazoi erlijiosoengatik. Hango legeria Espainiakoa baino are gupidagabeagoa da horrelako kasuetan».