Adinaren ondorio fisikoez gain, ikusezinak diren bortizkeriak ere jasaten dituzte adineko emakumeek: rol tradizionalek eragindako indarkeria psikologikoa eta kontrol ekonomikoa, adibidez. Horri buruz, pentsiodunek proposatu zuten herri ekinaldi legegileari EAJk eta PSE-EEk jarri dioten «betoari» buruz eta zaintza lanei buruz mintzatu dira Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduko emakumeak gaur goizean, Gasteizen. Urteroko batzarra egin dute Salburuko gizarte etxean, eta ehun lagun baino gehiago bildu dira. Euren errealitatea kontuan izatea eta beharrezkoak diren baliabideak jartzea exijitu diete instituzioei. Horrez gain, jakinarazi dute mobilizazio bat egingo dutela abenduaren 2an, Bilbon.
Emakumeek sufritzen dituzten biolentzien gaia jorratzeko, Iratxe Herrero Zarate soziologoak hartu du hitza, eta azaldu du 80 urtetik gorako emakumeek pairatzen duten indarkeria «egiturazkoa, ikusezina eta singularra» dela. Lehenengo ezaugarria azpimarratu du, eta kontatu du bi egiturazko faktorek sostengatzen dutela emakume horien aurkako biolentzia: sexismoak eta adinkeriak. Azken horren adibide bat eman du: «85 urteko emakume bat bere udaleko kultura edo hirigintza sailera joaten bada, hango langileek hara ez joateko esango diote, eta gizarte zerbitzuetara bideratuko dute. Hori zuek infantilizatzeko estrategia bat da. Aldarrikatu behar dugu eskubideek ez dutela iraungitze datarik, eta zuek edonork bezainbesteko eskubidea duzuela edonora joateko zuen eskakizunak eta iradokizunak egitera».
Herrero Zaratek kontatu duenez, indarkeria matxistagatik jarritako salaketen %3 soilik dira 80 urtetik gorako emakumeek egindakoak. Zergatik? Emakume horiei zaila egiten zaielako haien buruak biktimatzat hartzea. Gainera, Arantxa Urkaregi Bizkaiko pentsiodunen mugimenduko kideak nabarmendu duenez, bada beste faktore bat ere salaketen kopuru txikiaren atzean: gizartearen sektore horrek dauzka diru sarrerarik prekarizatuenak: «Ez badituzu baliabide ekonomiko aski, ezin zara banandu eraso egiten dizun senarrarengandik».
«Ez badituzu baliabide ekonomiko aski, ezin zara banandu eraso egiten dizun senarrarengandik»
ARANTXA URKAREGIÂ Bizkaiko pentsiodunen mugimenduko kidea
Gaurkoan, beste behin, txarretsi egin dute legebiltzarrak atzera bota izana haiek proposatutako herri ekinaldi legegilea. Pentsiodunen mugimenduko Ana Mezok adierazi duenez, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin eta Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Enplegu sailburuarekin bilera bat izan zuten. Bilera «oso ongi» joan zen, haren hitzetan: «Galdera asko egin zizkiguten, eta guk guztiak erantzun genizkien. Promes asko egin zizkiguten bilera hartan, bigarren bilera bat egitea, esate baterako. Deiaren zain gaude oraindik». Lege proposamen hartan, gutxieneko pentsioak osatzeko eta lanbide arteko gutxiengo soldatarekin parekatzeko eskatu zuten, eta 145.142 lagunen babesa jaso zuten. Mazok kontatu duenez, hedabideen bidez jakin zuten ezezkoaren berri.
Zaintzaren gaia ere jorratu dute gaurko topaketan, eta duela bi urteko batzarrean aurkeztutako dekalogoari ñabardura bat egin diotela azaldu dute. Orduko hartan, zaintza eskubideen unibertsalizazioa, etxeko zaintzen profesionalizazioa, zaintza lanetan gizonen erantzukizuna eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa proposatu zituzten, besteak beste. Gaurko agerraldian, dekalogoa berretsi, eta azken puntuan hau gehitu dute: herri ekinaldian eskatu zuten moduan, gutxieneko pentsioa lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzea; hau da, 1.184 eurora igotzea.
Parte hartze handia
Gaurko agerraldiaren parte hartzaile kopuruarekin pozik agertu da Arantxa Corrales, Gipuzkoako pentsiodunen mugimenduko kidea: «Ehun pertsona baino gehiago elkartu gara!». Ana Tere Diazek bere sentsazio gazi-gozoak azaldu ditu, eta esan du gaurko baldintza meteorologikoek asko baldintzatu dutela bertaratzea: «Pena bat da Nafarroatik zetozenek buelta eman behar izan dutela. Elurraren ondorioz, errepidea itxita topatu dute nafarrek, eta Gipuzkoakoak berandu heldu dira. Halere, oso kontent gaude jaso dugun erantzunarekin, sorpresa handia izan da».
Datorren astearteko —azaroaren 25eko— mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu dute, eta beste deialdi bat jakinarazi, abenduaren 2an mobilizazio bat egingo baitute Bilbon. Zehazki, Bilboko Erriberako merkatuan elkartzeko deia zabaldu dute. Mobilizazioaren abiapuntua ez dute ausaz aukeratu. Gipuzkoako pentsiodunen mugimenduko kide Arantxa Corralesek aurreratu du euren diru sarreren prekarizazioa ikusaraziko dutela, Miseriazko pentsioak, poltsak hutsik lelopean. Giza kate bat osatuko dute, eta, horren ostean, EAJ eta PSE-EE alderdien egoitzetatik igarotzeko asmoa dute.