Adingabeak zezen jaialdietan egotearen aurka protesta egitera deitu dute iganderako

Hainbat elkarte animalistak deitu dute protestetara Bilbon, Donostian eta Gasteizen. EAJren eta PSE-EEren lege proposamena bertan behera uzteko eskatu dute, eta sinadura bilketa bat abiatu helburu horrekin.

Bigantxa ikuskizun bat Gasteizko jaietan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Bigantxa ikuskizun bat Gasteizko jaietan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
edurne begiristain
2025eko azaroaren 25a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urriaren 31n EAJk eta PSE-EEk lege proposamen bat aurkeztu zuten Eusko Legebiltzarrean, 16 urte azpiko adingabeak zezen jaialdietan —sokamuturrak, txahalen askatzeak, entzierroak eta antzekoak— «segurtasunez» parte har dezaten ahalbidetzeko. Ekinaldiak sumindu egin ditu Haiekin, Sokamuturra Ez, Gureak, Gipuzkoa Antitaurina eta Animalien Babeserako Euskal Federazioa elkarte animalistak, haien iritziz «akats larria» delako bi alderdi horiek legeztatu eta sustatu nahi izatea haurrek parte hartzen duten zezenketak. Hori dela eta, protestara deitu dute iganderako,13:00etan; Gasteizko Andre Maria Zuriaren Plazan, Bilboko Arriaga Plazan, eta Donostiako udaletxearen aurrean egingo dituzte protestak. Mobilizazioek 40 talde animalista baino gehiagoren babesa dute.

Talde animalistek eskatu dute lege proposamena bertan behera uzteko, eta sinadura bilketa bat hasi dute helburu horrekin Change.org atarian; adierazi dutenez, astebetean 34.000 sinadura baino gehiago lortu dituzte. Sare sozialetan hamabost egunez aldarrikapen irudi bat jartzeko deia ere egin dute. Halaber, legebiltzar taldeekin ere bildu dira euren eskarien berri emateko. 

Lege proposamenaren gakoak

Jeltzaleek eta sozialistek elkarrekin aurkeztutako lege proposamenak 16 urte arteko adingabeei eragiten die; 16 urte arteko adingabeek bakarrik parte hartzen duten jaialdiez ari da. Testuaren arabera, amaren, aitaren edo legezko tutorearen baimen idatzia beharko dute jaialdietan parte hartzeko. Ez du gutxieneko adinik zehazten, ez eta adinak eta baimenak nola kontrolatuko diren ere.

Lege proposamenak hiru oinarri ditu: parte hartzaileen segurtasuna, «animalien ongizatea» eta haurren eta gazteen babesa. Segurtasun neurrien artean dago jaialdiaren eremua edo ibilbidea hesitu beharra. Jaialdiek zuzendari bat eta gutxienez bi laguntzaile izan beharko dituzte.

Erabiliko diren zezenak hemezortzi hilabetetik beherakoak izango dira, eta adarrak babestuta izango dituzte. Horretarako animaliei kalterik egingo ez zaiela «bermatuko» da, zehaztu dutenez. Debekatuta egongo da animaliak zauritzea, ziztatzea, kolpatzea, haiei heltzea edota tratu iraingarria ematea.

Adin txikikoen eta animalien defentsan

Elkarte animalistak, ostera, oso kritiko agertu dira ekinaldiarekin: «Haurren tauromakian aitzindariak izan beharrean, Euskadik adin txikikoak eta animaliak defendatu beharko lituzke», adierazi dute. Azpimarratu dutenez, lege proposamen horrek Animalien Babeserako Euskal Legeak debekatzen duena baimendu nahi du; izan ere, lege horrek arau hauste larritzat jotzen du sei hilabetetik beherako animalien parte hartzea.

Halaber, salatu dute zezen jai horiek Kultur Ondare inmateriala direla dioen argudioa «faltsua» dela, Unescok berak 2020an atzera bota zuelako izendapen hori. Baina horretaz gain, animalien sufrimendua ezin dela inoiz «tresna pedagogikoa» izan ohartarazi dute: «Jazarpena funtsezko edozein printzipio etiko edo heziketa printzipioren kontra daude berez. Oso garrantzitsua da enpatia presente egotea haurtzaroaren heziketan, izaki ahul ororekiko begirunea eta errespetua sustatuz». Gainera, gogora ekarri dute hainbat ikerketa soziologikok erakusten dutela euskal herritar gehienek «hurbileko izakitzat» hartzen dituztela animaliak, eta baztertu egiten dutela entretenimenduzko ikuskizun publikoetan erabiltzea.

Eta beste bi arrazoi ere eman dituzte lege proposamena sustatu duten alderdien argudioen aurka: batetik, «ameskeria» dela gurasoen baimenak lortuko direla edo adingabeen nortasun agiria egiaztatu ahal izango dela jai giro ludikoan; eta bestetik, ikuskizun horiek «arriskutsuak» direla adingabeen segurtasun fisiko eta psikologikoarentzat.

EAJren eta PSE-EEren aurka ere egin dute elkarte animalistek. Izan ere, gogora ekarri dute bi alderdi horiek presaz sustatu dituzten bi lege aldaketa —adingabeak ehiza laguntzaile izatea arautzen duena eta zezen jaialdiena— ez zeudela ez hauteskunde programetan, ez gobernu akordioan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.