Adingabeen Fiskaltzan salatu dute Txagorritxu ospitaleko ama presoek eta haien jaioberriek jasaten duten «banatze sistematikoa»

ESKk eta Salhaketak ospitaleko jarduera prozedura aldatzea eskatu diote Arabako ESIari. Bi erakundeek exijitu dute banatzea agindu kliniko edo arrisku egiaztatu baten ondorioz «soilik» ezartzea.

ESK sindikatua eta Arabako Salhaketa, joan den astean, Txagorritxu ospitalearen aurrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
ESK sindikatua eta Arabako Salhaketa, joan den astean, Txagorritxu ospitalearen aurrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Aratz Aranburu
Gasteiz
2026ko azaroaren 19a
15:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

ESK sindikatuak eta Salhaketa elkarteak salaketa jarri dute Adingabeen Fiskaltzan Arabako ESIaren aurka. Gasteizko Txagorritxu ospitalean preso dauden amek haien jaioberriengandik sistematikoki banantzen dituztela leporatu dute bi erakundeek. Salaketaren bidez, Arabako ESIari eskatu diote jaioberri bakoitzaren banaketa kasuak «egokitasunez, beharrez eta proportzionaltasunez» justifikatzeko. Halaber, jarduera prozedura aldatzeko eskatu dute, amaren eta haurtxoaren arteko elkarbizitza «arau orokorra» izan dadin. Banatzea agindu kliniko bat edo banakako arrisku egiaztatu bat dagoenean «soilik» egin behar dela adierazi dute.

Gaur egun, Espetxe erregimeneko ama jaioberri baten aurrean jarduteko prozedura izeneko jarraibidearen bidez arautzen ditu ama presoen erditzeak Arabako ESIak. Aurtengo martxoan dokumentua berrikusi eta onartu ondoren, ESIko zuzendaritzaren arabera «funtsezko» tresna da jaioberriaren arreta eta segurtasuna bermatzeko. Alabaina, Arabako ESIaren zuzendaritzak segurtasun eta babes gisa ulertzen duen hori jaioberrien oinarrizko eskubideen urraketa dela salatu dute ESKk eta Salhaketak. 

Bestalde, esan dute Arabako ESIak Osasun arretaren humanizazioari buruzko I. Jardunaldia antolatu duela gaur. Erakundeen hitzetan, ESIaren zuzendaritzak osasun arreta humanizatzea deitzen dio askatasunik gabe dauden amen jaioberriak amengandik banatu eta beste unitate batean sartzeari, zuzendaritzarentzat «arazo sozial bat» direlako.

Irailean hasitako prozesua

Fiskaltzara jo aurretik, egoerari konponbidea emateko bide instituzionala nahiz publikoa jorratu dituzte ESKk eta Salhaketak azken hilabeteetan. Hasteko, irailaren 29an, indarrean dagoen banaketa prozedura berrikusteko eta aldatzeko eskaera formala helarazi zioten Arabako ESiaren zuzendaritzari, jaioberrien eta amen arteko «banatze sistematikoa» eteteko asmoz. Salatu zuten, baina, eskaera horrek ez zuela erantzun positiborik jaso zuzendaritzaren aldetik.

Gauzak horrela, azaroaren 3an publikoki salatu zuten Txagorritxuko ospitalean gertatzen ari zena. Handik hamar egunera, azaroaren 13an, urrats bat gehiago egin eta salaketa aurkeztu zuten Arartekoaren aurrean. Ospitalean oinarrizko eskubide unibertsalen «urraketa» gauzatzen ari zela gogorarazi zuten. Bide horiek guztiak agortu ondoren, Adingabeen Fiskaltzara jotzea izan da bi erakundeek emandako azken pausoa.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA