AEKren lekukoa, Alizia Iribarreni

Mertxe Mugikak utzi egingo dio koordinatzaile nagusia izateari, hamahiru urte eman eta gero. Erriberako arduradunak izango du postu hori

Mertxe Mugikaren —goian— lekua hartuko du Alizia Iribarrenek. FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Datorren ikasturtean, AEK-k aldaketak egingo ditu zuzendaritzan. Azken hamahiru urteetan Mertxe Mugika (Elorrio, Bizkaia, 1963) izan da koordinatzaile nagusi, eta kargua utziko du orain. Alizia Iribarrenek (Elizondo, Nafarroa, 1976) ordezkatuko du. Urteetan Erriberako AEK-ko arduraduna gisa aritu da Iribarren; urriaren 1ean hartuko du kargua.

Agur mezuan, Mugikak argazki bat ekarri du gogora: aurreko Korrikan, 2017an, euskalgintzako eta erakundeetako ordezkariek elkarrekin kilometro bat egin zutenekoa. Santiagoko zubia gurutzatu zuten elkarrekin, Lapurdi eta Gipuzkoa arteko muga, irudi gisa. «Euskararen lekukoa esku batetik bestera nola pasatzen zen ikustea, irudi hura, betiko geratuko zait iltzatuta buruan».

Mugikak nabarmendu du «egoera interesgarria» zabaltzen ari dela euskalgintzan. Horren adibidetzat jo ditu euskaltegietan ikasle gehiago izatea eta Euskaraldiarekin sortu den mugimendua. Uste du erakundeek «indartu» egin dituztela euskararen aldeko politikak, «herri gogoa dagoelako». Korrika bera jarri du adibide.

Datozen urteetarako zer egina franko dago, ordea, Mugikaren esanetan. Hiru erpin aipatu ditu. Batetik, politika aurrerazaleak: «Hizkuntza politikak, maiz, nahi baino motelago ikusten ditut». Bestetik, euskalduntzea: baliabide gehiago eskatu ditu, eta administrazioa eta lan eremua euskalduntzea: «Hor berandu baino lehen azkartu behar da lana». Eta hirugarrenik, eskubideak: «Hizkuntza eskubideen bermeari dagokionez, oraindik ere ageriko gabeziak ikusten ditut». Erronka horiei aurre egiteko, elkarlana jo du giltzarritzat: «Elkarlanean eragin behar da sistema osoan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.