Agintarien «itsukeria» salatu eta baliabide gehiago eskatu dituzte magistratuek Baionan

Erran dutenez, adingabeen kontrako bortizkeriak egoki aztertzeko, egiturazko aldaketak behar dira. Frantziako Justizia Ministerioaren «hipokrisia» salatu dute.

Baionako magistratuen mobilizazioa, auzitegi aitzinean. PATXI BELTZAIZ
Baionako magistratuen mobilizazioa, auzitegi aitzinean. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2026ko ekainaren 29a
17:24
Entzun 00:00:00 00:00:00

Inoiz ikusi gabeko irudia eman dute Baionako auzitegi aitzinean: epaileak, prokuradoreak, auzi idazkariak, abokatuak eta auzitegiko langileak. Denak batu dira justiziarentzat baliabide gehiago eskatzeko. Adierazpen bateratua irakurri dute Florence Bouvier Baionako auzitegiko lehendakariak eta Mariel Garrigos Baionako prokuradoreak, eta Frantziako presidenteari eta Justizia ministroari leporatu diote Lyhannaren aferaren ondotik aginte judizialaren izen ona zikindu dutela. «Salatzen dugu Justizia Ministerioaren eta arduradun publiko anitzen itsukeria iraunkorra, aspalditik irauten duen auzitegien funtzionamendu baldintzen, ikerketa zerbitzuen eta orokorkiago haurren babeserako baliabideen kaltetzearen aitzinean».

Ekain hasieran haserre handia sortu zuen Lyhannaren aferak Frantziako Estatuan. 11 urteko neskato hori bahitu eta hiltzea leporatzen dioten gizonezkoak salaketa bat baino gehiago zituen adingabeen kontrako sexu indarkeriagatik, baina ez zuten sekula haren kontrako neurririk hartu. Justizia eta Jendarmeria jarri zituzten jomugan batek baino gehiagok, baita Frantziako goi agintariek ere. Baionan protesta egin zuten bostehun bat pertsonak auzitegi aitzinean, salatzeko Frantziako Justizia «geldoegia» dela eta «utzikeriaz» jokatzen duela. Berriki jakinarazi dute haurren kontrako sexu indarkeriako 500 bat kasu dituela aztertzeko Baionako Auzitegiak

Baionako auzitegiko magistratuek bat egin dute «drama» horrek sortu duen «emozio handiarekin», eta berretsi dute «errotik atxikiak» direla larrialdian diren haurrak babesteari buruz. Ez dute txartzat jo erantzukizun indibidualak ikertu nahi izatea, baina salatu dute horretara murriztu nahi dutela batzuek gertatutakoaren analisia, «eragile judizialek beren misioa betetzeko dituzten baldintza konkretuak aztertu gabe». Izan ere, azaldu dute Frantziako Estatuan justiziari ematen zaizkion baliabideak oso urriak direla: «Frantziako zergapeko batek ordaintzen dituen mila euroetatik 561 gizarte segurantzara doaz, 88 hezkuntzara, 25 segurtasunera, eta bost euro justiziara».

Baionan «muga kritikoan»

Magistratuen hitzetan, «urgentea» da Baionako auzitegian dituzten baliabideak indartzea, egoerak «muga kritikoa» gainditu baitu. Gaur egun hemeretzi epaile dauzkate, zazpi prokuradore, 75 auzi idazkari eta 380 abokatu; hori guzia 325.000 biztanleko eremu baterako. Frantziako batezbestekoa baino apalagoak dira kopuru horiek, eta Europan diren estandarretatik oso urrun daude, adierazi dutenez. Europan, 100.000 biztanleko 17,6 epaile daude; Baionan, berriz, 5,8 dira. Europan, 100.000 biztanleko badira 11,2 prokuradore; Baionan, 2,15. Eta Europan, 100.000 biztanleko badira 61 auzi idazkari; Baionan, berriz, 23.

2025. urtean 22.000 zigor auzi berri aztertu behar izan dituzte, hau da, 3.000 kasu prokuradore bakoitzeko —Europako batezbestekoa 204 kasukoa da—. Instrukzio kabinete bakoitzean 90 afera dituzte batez beste. «Afera bakoitzeko hiru egun baizik ezin dituzte eskaini; hausturaren mugan daude», deitoratu du Bouvierrek. «Arriskuan den haur bati buruzko erabakia hartzeko epea sei hilabetetik urtebetera luzatu daiteke». Magistratuek salatu dute baliabide gehigarriak eskatzen dituzten bakoitzean «aldarrikapen korporatibista» gisara ikusiak direla: «Alta, funtsezkoak dira justizia eraginkorra izan dadin».

Frantziako Estatuko justizia administrazioak 12.000 salaketa inguru jasotzen ditu egunero; horietarik 700 bat dira familiarteko kasuak eta sexu bortizkeriak. «Zigor katea etengabeko tentsioan dago», magistratuen hitzetan. «Baliabide gehiago lortu ezean, Baionako auzitegiak ez du halako kasuak modu egokian tratatzeko gaitasunik izanen, ez bada berdin lehentasunezkoak diren beste auzi batzuen kaltetan».

Frantziako agintarien «hipokrisia» salatu dute, baieztatu baitute haurren kontrako bortizkeriak «lehentasunez» aztertzeko eskatzen dutela. «Azken bi urteetan Justizia Ministerioaren 117 zirkular jaso ditugu, gertakari bakoitza politikari penalaren lehentasun bilakatuz, baina auzitegiei ez digute araberako baliabiderik ematen».

Justizia lasterra salatu dute abokatuek

Auzitegiko magistratuek deitutako protesta aitzin, beste bilkura bat egin dute Baionako abokatuek, Justizia kriminalaren funtzionamendua azkartzeko eta sinplifikatzeko lege proposamena salatzeko. Senatuan aztertu ondotik, bihar aurkeztuko dute Frantziako Asanblean, azken irakurketa baterako. «Lehen artikulua ezabatu dute, eta garaipen bat da; baina beste artikuluak ere kaltegarriak dira», esplikatu du Alain Larrea Baionako abokatuen elkarteko burulehenak. Presazko justizia bat ezarri nahi dutela iritzi diote abokatuek. «Jendeari sinetsarazi nahi diote estatistikak onak direla, eta, beraz, justiziak funtzionatzen duela behar bezala. Eta ez da batere horrela», Larrearen hitzetan. «Lege proiektu horrekin eskasia egokitzen dute, ez dio indar handiagoa ematen epaileari edo auzitegiari, baina epeak murrizten ditu, indarrak kentzen dizkigu eta fiteago jujatzeko. Baina horrek ez du erran nahi hobeki jujatuak izanen direla aferak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA