Ahal Dugu ez haustea espero du Aznarezek

Mikel Builek eskatu du bi sektoreen arteko «irainak» alboratzeko eta egungo aldaketan sakontzeko «UPN agintera itzul ez dadin»

joxerra senar
Iruñea
2018ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Egoera ezohikoa izanagatik, lasaitasun mezua zabaldu nahi izan dute. Nafarroako Ahal Dugu-ren parlamentu taldea bitan zatitua dago. Kritikoak —Carlos Couso, Fanny Carrillo, Ruben Velasco eta Laura Perez idazkari nagusi ohia— ez daude ados zuzendaritzarekin, eta alderdiak berak Ahal Dugu-tik at kokatu ditu. Bestalde, Ainhoa Aznarezek, Mikel Builek eta Tere Saezek alderdiaren irizpideak betetzen dituzte, baina gutxiengoa dute taldean. Aznarezek eta Builek espero dute bi sektoreek elkar errespetatzea eta taldea ez haustea.

Parlamentuan egiten ari diren lanari zein hurrengo asteetan aurkeztuko dituzten egitasmoei buruzko prentsaurrekoa eskaini zuten atzo Builek eta Aznarezek, baina, ezinbestean, galderen txanda iritsitakoan, barne egoerak hartu zuen protagonismoa. Egungo egoera nola bizi duten eta nola antolatzen diren galdetu zieten kazetariek. Builen arabera, lan «isilekoa, arduratsua eta eskuzabala» egiten ari dira haustura saihesteko. «Parlamentuko taldea ez da hautsi behar, nahiz eta bi sektore dauden barruan».

Orain arte, bi aldeek bozketetan bat egin dute parlamentuan, eta praktikan, eguneroko jardueran ez da nabaritu: «Diferentzia politikoak ez dira azaleratu. Gure gainetik gobernuaren akordio programatikoa dago, eta hori kontuan harturik egiten dugu lan». Aznarezek adibide gisa jarri zuen osteguneko osoko bilkuran bozketa guztietan bat egin zutela Ahal Dugu parlamentuko taldeko guztiek. Dena den, Builen arabera, etorkizun hurbil batean gairen batean desberdin bozkatuz gero, horrek ez luke asaldurarik eragin behar.

Neurri batean, egoerak bete-betean eragin dio Buili. Eduardo Santosen zuzendaritzak uztailean parlamentuko eledun izateko hautatu zuen, baina berriki taldearen gehiengoa duten kritikoek kargutik kendu zuten, Laura Perez taldetik kanporatuko ote zuen beldurrez. Builek, dena den, guztiei «irainak» alboratzeko eta begirada altxatzeko eskatu zien atzo. «Helburu bat dugu: aldaketaren gobernua sostengatzea, ez soilik hamarkada honetan, baizik eta urte askotan». Zehaztu zuen «UPNk urte luzez agintera ez itzultzea» dela euren zeregina.

Asteburuko bi mobilizazioak

Nafarroako Ahal Dugu-k babesa adierazi die gaurko pentsioen sistema publikoaren aldeko zein biharko autogobernuaren aldeko mobilizazioei. Builek azaldu zuen Espainiako Kongresuan Unidos Podemosek hainbat neurri aurkeztu dituela pentsioen inguruan —urtero pentsioak KPIaren arabera igotzea, errenta handienek ekarpen handiagoa egitea eta pentsio planen kenkariak kentzea—, baina PPk, PSOEk eta Ciudadanosek ezezkoa eman zioten. Horregatik, haren ustez, gaurko protestek garrantzi politikoa dute: «Indarrak elkartu behar ditugu PSOEk atzera egin dezan eta denon artean PP gobernutik bota dezagun». Builen arabera, Nafarroako Gobernuak hartu ditu pentsio apalenak igotzeko hainbat neurri, baina mozio bidez, babes hori jende gehiagorengana heltzeko egitasmoa aurkeztuko dute.

Era berean, autogobernuaren aldeko biharko mobilizazioaren garrantzia azpimarratu du Aznarezek. Haren ustez, «ez da kasualitatea» Auzitegi Konstituzionalaren azken bi epaiak gai sozialen inguruko legeen aurkakoak izatea —etxebizitza legea eta paperik gabekoei osasun unibertsala bermatzen zien legea—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.