Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek EAEko Ahal Dugu-ko koordinatzaile nagusi Richar Vaquero hartu du gaur eguerdian. Bien arteko lehen bilera izan da, eta Vaquerok hitzordua baliatu du lehendakariari «lehentasunezko» hamabost neurri helarazteko. Eskatu dio alderdi morea kontuan izateko Jaurlaritzak bultzatzen dituen espazioetan.
Iazko hauteskundeetan Eusko Legebiltzarrean zituen eserlekuak galdu bazituen ere, Ahal Dugu presente dago Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusietan eta hainbat udaletan. Ondorioz, Vaqueroren esanetan, «ezinbestekoa» da oraindik ere. Hala jakinarazi dio Pradalesi, eta eskatu dio alderdi hori kontuan hartzeko Eusko Jaurlaritzak sustatzen dituen espazio eta foroetan. Pradalesek kontuan hartu du eskaera, Ahal Dugu-k jakinarazi duenez.
Eskaera horrek baditu oinarri sendoak, Vaqueroren hitzetan. Hain zuzen, gaur sartu da indarrean foru aldundiek eta Ahal Dugu-k adostutako zerga berrikuspenak, eta hura defendatu du, 350.000 laguni eragingo dielakoan. «Ez dugu guk bakarrik esaten: egitateek baieztatzen dute. Neurri honen onuradunak dira lan prekarioetan ari diren gazteak, familia langileak, pentsio baxuak dituzten adinekoak», zehaztu du alderdiko buruak, Ahal Dugu-ren rola nabarmenduz.
Horrez gainera, aurrera begirako neurri zehatzak proposatzeko asmoz izan da Vaquero Lehendakaritzan. Orain da unea: 15 lehentasun Euskadirentzat dokumentua ondu du alderdiak, eta hura aurkeztu dio Pradalesi. «Euskadi ezin da atzean gelditu, eta ezin onartu daitezkeen egoerak aldatzeko garaia da orain», zehaztu du.
Vaquerok azaldu du dokumentua herritarrek egindako ekarpenekin osatu dutela, «politika publiko ausart eta anbiziotsuen faltaren ondorioak» pairatzen dituztenen laguntzarekin batez ere, eta, izenburuak dioen moduan, hamabost gai jorratu dituzte hartan; besteak beste, etxebizitza, osasuna, hezkuntza, industria, fiskalitatea, zaintza eta immigrazioa.
Osasun arloan, Osakidetzarako aurrekontuen %7 «blindatzea» proposatu du Vaquerok. Izan ere, uste du Jaurlaritzak ez dituela bete osasun itunean ezarritako espektatibak: «Ez da nahikoa hauteskunde promesak egitea gero paper artean galtzen badira». Eta, mahai gainean egondako eztabaida nagusietako bati helduta, gehitu du ezin dela lankidetza publiko-pribatuan «gotortu».