Ahanztura instituzionala onartu, eta Angel Otaegirekiko «zor morala» kitatu nahi izan du Azpeitiko Udalak

EH Bilduk eta EAJk adostu dute Otaegiri aitortza egiteko adierazpena. «Berandu» iritsi dela adierazi dute, baina espero dute balio izatea aitortza eta erreparaziorako.

Urtuzaga, Altuna eta Alkorta, gaurko ekitaldian. JON URBE / FOKU
Urtuzaga, Altuna eta Alkorta, gaurko ekitaldian. JON URBE / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
Azpeitia
2025eko irailaren 25a
18:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azpeitiko Udalak (Gipuzkoa) Angel Otaegi herrikideari aitortza instituzionala egin dio gaur, erregimen frankistak fusilatu zuela 50 urte betetzear direnean. Udalaren beraren esanetan, «berandu dator» adierazpena, baina xede dute urteetako ahanzturaren ondorioz erakundeek Otaegirekiko eta haren familiarekiko duten «zor morala» kitatzea.

Udalbatzako bi taldeek —EH Bilduk eta EAJk— adostutako adierazpena da, eta biek egin diete harrera Otaegiren senideei, udaletxearen sarreran. Zehazki, Nagore Alkorta alkatearekin (EH Bildu) eta Jabier Altuna oposizioburuarekin (EAJ) egin dute batzar aretorako bidea. Behin barruan zeudela, Alkortak irakurri du adierazpena senideen eta udal ordezkarien aurrean. Nabarmendu du Otaegiri «bizitzeko eskubidea» urratu zitzaiola, eta, giza eskubideen urraketa larri baten biktima den heinean, eskubidea duela egia, justizia eta erreparazioa eskuratzeko zein memoriaren parte izateko.

Eusko Jaurlaritza izan zen Otaegi motibazio politikoko indarkeriaren biktima gisa aitortu zuen lehen erakundea, 2012an. Orduan, balorazio batzordeak argi adierazi zuen «epaiketa justu baterako eskubidea» ere urratu zitzaiola. Halere, Azpeitiko Udalak uste du hamarkadatan ahaztura nagusitu dela: «Urte luze hauetan erakundeek ahanztura instituzionala eragin dute, eta ez dira eskubide nagusien bermatzaile izan».

Hain zuzen, adierazpenean, erreferentzia egin diote Otaegiren familiak jasan duen «sufrimendu gehigarriari», eta haiei zuzendu zaie «erantzukizunez, egiaz eta enpatiaz»: «Gure nahia da adierazpen hau ahots politiko guztien adierazle bateratua izatea, Angel Otaegi Etxeberriari egindako injustiziaren aurrean elkartasun eta gizatasun adierazpena izatea, eta, erakunde publiko gisa daukagun erantzukizuna kontuan izanda, aitortza eta erreparazioa lortzeko gogoeta izatea».

Giza eskubideen nazioarteko zuzenbidearen printzipio etikoak jo dituzte lan hori egiteko oinarritzat, eta borondatea azaldu dute «memoria publikorako politika» egiteko; berriz ere, egia, justizia eta erreparazioan indar eginda. Udalaren arabera, memoria «eskubideak errespetatuz eta urraketak baztertuz» eraiki behar da, eta horretarako konpromisoa hartu du, urraketa guztiak aitortu eta erreparatu daitezen. Espero du horrek bide ematea Azpeitian bakezko eta bizikidetzazko etorkizun bat eraikitzeko: «Iraganak ezin du aitzakia izan bizikidetzaren bidea ez egiteko».

Azpeitiko Udalaren adierazpenaren arabera, 2013tik aurrera, udalak «apustu garbia» egin du memoria historiko eta demokratikoaren esparrua lantzearen alde. Hala, nabarmendu dute Azpeitia dela 1936tik gaur egunera arteko memoria lantzeko ikerketa oso bat egin duen Hego Euskal Herriko lehen udalerria: «Memoria historikoa berreskuratzeko, frankismoaren errepresioa eta azken hamarkadetako biolentzia politikoa ikertu ditu, eta giza eskubideen urraketak eta biktimak identifikatu». Besteak beste, zenbait liburu eta hitzaldi ondu dituzte, oroimenerako gune bat ezarri dute Loiolan, irailaren 19a Azpeitiko memoriaren egun izendatu dute, eta azpeitiaoroimena.eus webgunea sortu, Aranzadirekin batera; azken hori, baina, ez dago martxan 2023ko udaberritik, PSE-EEk eta, ondoren, EAJk eta Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaritzak halako webguneak ixteko presio egin ostean.

Biktimak aitortzea

Alkortaren mintzaldiari Mertxe Urtuzagak eman dio jarraipena. Angel Otaegiren lehengusua da, eta eskerrak eman dizkie udal taldeei, egindako aitortzagatik. Gehitu du familia harro dagoela Otaegik egindako bideaz, eta horregatik ez du gustuko izan udan haren eta Txikiren aitortzen inguruan sortu den ika-mika. Batetik, Gogora-ko zuzendari Alberto Alonsoren hitzak kritikatu ditu, Urtuzagaren esanetan, biktimak sailkatzen dituelako. Hark esan zuen ETAko bi kideak ez zirela «demokraziaren etorrera aldarrikatzen zuten ehunka eta milaka militanteren zaku berean sartu behar». Bestetik, Azpeitiko eta Zarauzko udalen jarrerak alderatu ditu. Azpeitikoak onartu zuen Iratzar eta Olaso Dorrea fundazioek sustatutako 1975. Dena jokoan zegoen urtea erakusketa udal areto batean egitea, eta halako zerbait egitea galarazi zuen Zarauzkoak.

Luis Eduardo Aute kantautorearen Al alba abestia ere entzun dute ekitaldira bertaratutakoek. Iraia Bereziartuak jo du biolinarekin frankismoaren kontrako ereserki izan zen abestia. Eta behin ekitaldia bukatuta, Askatasun haizea. Txiki eta Otaegi frankismoaren azken fusilatuak (Txalaparta) liburua aurkeztu dute. Javier Buces Aranzadi elkarteko historialari eta liburuaren egilea eta Maialen Arteaga kazetaria aritu dira solasean. Jarraian, Bucesen gidaritzapean, Mikel Paredes Txikiren anaiak, Mertxe Urtuzaga Otaegiren lehengusuak eta Miguel Castells abokatuak hartu dute hitza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.