Iratzar eta Olaso Dorrea fundazioek Azpeitian (Gipuzkoa) aurkeztutako 1975. Dena jokoan zegoen urtea erakusketak Zarautz (Gipuzkoa) izango du hurrengo geltokia, hilaren 22tik aurrera. EH Bilduren egoitzan egingo dute, ordea, udalak ukatu egin baitie erakusketa haren areto batean jartzea. Zarauzko Udaleko iturriek Euskadi Irratiari azaldu diotenez, arrazoia da erakusketak «kontakizun partziala» aurkezten duela eta ez duela bat egiten Eusko Jaurlaritzako Gogora Institutuaren egia, justizia eta erreparaziorako irizpideekin. EH Bilduk, baina, ez du bat egin erabaki horrekin, eta Sortuk, zuzenean, Txikiren eta Otaegiren biktima izaera auzitan jartzea egotzi die EAJri eta PSE-EEri: «Haien biktima izaera diskriminatzen ari dira».
Zarauzko Udalaren arabera, Bizikidetza Mahaiak egin du erakusketa udal areto batean jartzearen kontra. Haren jardunaren inguruan, baina, zera soilik esan du: udaleko hiru alderdiek —EAJ, EH Bildu eta PSE-EE— parte hartzen dutela han, eta bertan hitz egiten dena konfidentziala dela.
Ikusi gehiago
Halere, erabilitako argudioen berri eman du Euskadi Irratiak, udaleko iturriak aipatuz; besteak beste, erakusketak «kontakizun partziala eta ez-inklusiboa» eskaintzen duela adierazi dute, eta «ezker abertzalearen diskurtso ideologizatu eta militantea» aurkezten dela, ez baitu «ETAk gizartean egindako kaltea ikusarazten». Era berean, iturri beraren arabera, erakusketak ez du bat egiten Gogora-k ezarritako bidearekin.
EH Bilduk ez du bat egiten udal gobernua osatzen duten taldeen —EAJ eta PSE-EE— argudioekin, eta hala helarazi zien auziaren inguruan egindako bileran. BERRIAk jakin ahal izan duenez, koalizio subiranistak defendatu zuen «bizikidetza demokratikoaren» parte dela iritzi eta ikuspegi ezberdinei lekua ematea.
Gaur, ohar bidez, gehitu dute Txikiren eta Otaegiren senideek bost hamarkadaz «fusilamenduek eragindako sufrimenduaz gain, askotariko jazarpenak eta urte luzetako ahanztura» jasan behar izan dituztela, eta horri aurre egiteko egin diren herri ekimenak defendatu dituzte. Hain zuzen, horregatik erabaki dute Iratzarri eta Olaso Dorreari Urdaneta kaleko Bilgunea eskaintzea: han izango da erakusketa irailaren 22tik 26ra bitarte.
Gogorragoa izan da Sortu, eta «zentsura politikatzat» jo du EAJren eta PSE-EEren erabakia, «nork bere memoria lantzearen» kontrakoa dela iritzita: «Kontakizun bakarra inposatzeko ahaleginen aurrean, non geratzen da memoriarako eskubidea?». Kritikatu egin du erakusketa egia, justizia eta erreparazio irizpideen kontrakotzat jo izana ere, eta adierazi, «hain justu, horiek defendatzeko tresna» dela. Izan ere, azaldu du Txikik eta Otaegik ez dituztela oraindik eskuratu, besteak beste, Zarauzko udalak ez dielako aitortza instituzionalik egin.
Alderdi independentistaren ustez, Zarauzko udal gobernua «etxekalte» ari da, Txiki eta Otaegi kriminalizatzeak 36ko gudari eta militante sozialistak kriminalizatzea ere badakarrelako. Argudiatu dute batzuek zein besteek gauza bera egin zutela: «Tiraniaren aurka baliabide guztien bidez borroka egin». Horregatik, defendatu du «beren burua demokratatzat duten indar politikoek» bat egin beharko luketela ideia horren inguruan, kontrakoak «frankismoa eta estatu faxistaren biolentzia» zuritzen baititu, «bloke erreakzionarioa» gorantz ari den testuinguru batean.
Udako gaia
Gogora-ko zuzendari Alberto Alonsok Txikiren eta Otaegiren aitortzaren inguruan esandakoek hauspotu zuten ordurako Santa Barbara mendian jarritako olanaren harira piztutako eztabaida. Alonsoren arabera, ETAko bi militante horiek «indarkeria, beldurra eta terrorea» erabili zuten, eta, beraz, ezin dira «demokraziaren etorrera aldarrikatzen zuten ehunka eta milaka militanteren zaku berean» sartu. Erakusketan, berriz, haien «askatasunaren aldeko borrokalari izaera» nabarmentzen da. Hala argudiatu zuen Iratzar fundazioko kide Andoni Olariagak: «Testuingurua kontuan hartu behar da, eta, herri honetan, garai hartan diktadura baten kontra altxatu ziren militanteak izan ziren».
Udan agenda politikoan leku nabarmena bereganatu du Txiki eta Otaegiren aitortzaren inguruko gaiak. Hasiera batean, Zarauzko Udal Gobernuko bi alderdiek —EAJ eta PSE-EE— olana kentzeko erabilitako argudioa zera izan zen, «landa ingurune batean» jarri zutela. «Berdin jokatuko genuke beste edozein aldarrikapen edo oroigarrirekin, nahiz eta horiekin bat etorri», adierazi zuen Inaxio Illarramendi zinegotzi sozialistak. Berehala, ordea, bestelako diskurtso bat nagusitu zen, Txiki eta Otaegi oroitzea ezbaian jarrita.
Alonsok hartutako bide beretik, Fernando Buesa fundazioak eta Gasteizko Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroak ere zalantzan jarri zituzten haiek oroitzeko ekimenak; hala nola udako festetan haien irudiak erabili izana eta Sortuk irailaren 27an Iruñeko Anaitasunan egingo duen ekitaldia. Eta, orain, erakusketaren harira, antzera mintzatu da Covite ere. Elkarte horrek argudiatu du erakusketan ez direla Txiki eta Otaegi oroitzen «frankismoaren biktima» izateagatik, «etakide» izateagatik baizik. «Zuritzen saiatzen zareten egia deseroso bat dago: terroristak ziren», erantzun dio sare sozialetan EH Bilduko Ekintza Politikoko idazkari Arkaitz Rodriguezi.
Ikusi gehiago
Hain zuzen, Rodriguezek Zarauzko Udalaren jarrera txarretsi du sare sozialetan. «Txiki eta Otaegi fusilatu zituzten berberak dira arekak milaka gudariz eta militante sozialistaz bete zituztenak. Haien memoria zentsuratzea frankismoa zuritzea da». Aurrez, EH Bilduk berak «iraingarritzat» jo zituen Gogora-ko zuzendariaren hitzak. Ohar batean, koalizio subiranistak azaldu zuen «estatu faxista batek» hil zituela bi militanteak, eta Alonsok esanek «frankismoa eta antifrankismoa, faxismoa eta antifaxismoa» parekatzen zituztela, eta, ondorioz, erresistentzia antifrankista «deslegitimatu eta kriminalizatu».
Txikiren eta Otaegiren senideek ere egin zieten erreferentzia halako jarrerei. Sorturekin batera egindako agerraldi batean, defendatu zuten «diktadura frankistaren eta injustizien aurka» eta «Euskal Herri hobe baten alde» egin zuten bi «gazte idealista» izan zirela, eta salatu zuten hurrengo bost hamarkadetan zama izan dutela aitortza falta. 1975eko irailaren 27an fusilatutako bi etakideak 2012an aitortu zituen biktima gisa Eusko Jaurlaritzak. Iñigo Urkullu zen orduan gobernuko lehendakaria, eta hark ere hitz egin du eztabaida honen harira. Urkulluk errespetua eskatu zuen bi militanteentzat: «Giza eskubideen urraketen biktimak diren heinean, errespetua merezi dute. Errespetuak esan nahi du, besteak beste, duten biktima izaerari eragin diezaioketen edo zalantzan jar dezaketen adierazpenak saihestea».